Teknologia albisteak

Amazon Go, dendaririk gabeko denda fisiko berritzailea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-12-07 : 10:13

Amazonek denda fisiko berritzaile bat irekiko du Seattle hirian 2017 hasieran. Bertan ez da egongo ordainketa kutxarik, produktuak hartu ahala gehituko dira gure erosketa-saski birtualera eta ordainketa gure Amazon kontura kargatuko zaigu, dena automatikoki eta bisio artifiziala, sentsoreak eta ikasketa automatikoa bezalako teknologiak erabiliz.

Beta moduan, Amazoneko langileentzat soilik, martxan ei dago jada denda hau Seattlen, eta 2017 hasieran jendaurrean zabaltzeko asmoa publikatu du Amazonek. Beheko bideoan ikus daiteke nola funtzionatuko duen Amazon Go denda fisikoak:

Hogei urte pasatxo ditu Amazon Interneteko dendak eta bere bereizgarrietako bat izan da teknologiaren erabilpen handia egitea. Horrela, bezeroen nabigazioaren zein erosketen jarraipen zehatza egiten du, produktuen gomendioak eginez publizitatearekin. Sustatun jaso izan ditugu Amazonen zenbait berrikuntza teknologiko: Amazon Echo laguntzaile birtuala edota erosketak banatzeko euren drona.

Teknologia hau hobeto eta gehiago saltzeko erabiltzeaz gain bere eskaintza-katalogoa zabaltzeko ere erabiliko dute akaso. Izan ere, Amazonek bere azpiegitura teknologikoa (Amazon Web Services) garatzaileei eskaintzen dien bezala, zergatik ez die eskainiko bere denda berritzaile hau osatzen duen teknologia eskainiko mundu fisikoko Eroski bezalako dendariei?

Erantzun

Sartu