Teknologia albisteak

Googlek PhotoScan aurkeztu du, papereko argazkiak digitalizatzeko aplikazioa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-11-16 : 11:28

Gutako gehienok, dagoeneko, gure argazki gehienak euskarri digitalean ditugu, ordenagailuan zein disko gogorretan gordeta. Baina ziurrenik, oraindik ere ehunka argazki zahar izango ditugu paperean inprimatuta, albumetan edo etxeko kajoietan gordeta. Papereko argazki horiek digitalizatzeko aplikazioa aurkeztu zuen atzo Googlek, PhotoScan izenekoa. Aplikazioa doakoa da eta Android zein iOs sistema eragileetarako prest dago. Proba bat egin dugu eta emaitza ez da beti nahi bezain ona, baina Googlek egiten dituen gauza gehienak bezala, aplikazio arin, erabilterraz eta praktikoa da. 

Google PhotoScan erabilita ezin errazago digitalizatuko ditugu gure erretratu zaharrak, aplikazioak esango baitigu zer eta nola egin behar dugun emaitzarik onenak lortzeko. Lehenengo argazki orokor bat atera beharko dugu eta, ondoren, argazki zehatzago batzuk atera beharko ditugu, aplikazioak berak esaten digun eremuetan, emaitza hobea lortzeko (distira eta islada zatarrik gabeko emaitza lortzeko; hortxe dago aplikazioaren gako nagusia).

Aplikazioak argazkiaren ertzak ere detektatzen ditu eta argazkia automatikoki mozten du; eta argazkia ateratzean izan dezakegun perspektiba arazoa ere automatikoki konpontzen du (argazkia oker samar atera badugu). Amaitzeko, argazkiak eskuz ere editatu ditzakegu eta azkenengo emaitza Google Photos aplikaziora igo dezakegu. 

Sustatun probatu dugu eta gure argazki zahar batzuk eskaneatzeko aprobetxatu dugu. Emaitza ez da beti guk bezain ona izan, baina oro har aplikazio arin eta erabilterraza da. Emaitza ona lortzeko, noski, aplikazioak kontrolatzen ez dituen zenbait kontu garrantzitsu ere badaude, besteak beste norbere kameraren kalitatea eta lokalaren argiztapena. Hortxe dago gako nagusia.

Laburbilduz, kalitate izugarria nahi baduzu, hobe duzu eskanerrak erabiltzen jarraitzea; baina digitalizazio arin eta azkarra bada zure helburua, kalitate arrazoizko batekin, PhotoScan oso erabilgarri egingo zaizu.

Erantzun

Sartu