Teknologia albisteak

Altzoko "Imazen pagoa" Europako zuhaitz berezienen arteko lehian. Bozkatu!

Erabiltzailearen aurpegia
Josu Esnal
2016-10-28 : 14:47

Europako zenbait elkartek bultzatuta, gure kontinenteko zuhaitzik berezi edo ederrena aukeratzeko lehiaketa izaten da urtero. Aurtengo lehiakideen artean bada hautagai euskaldun bat: "Altzoko pagoa", duela 180 urte Imaz bertsolariak landatua. Sariketan aurrera jarraitzeko, Avilako pinu baten aurka ari da lehiatzen egunotan. Azaroaren 6a arte dago bozka eman eta Altzoko pagoa Europa mailako finalera sartu ahal izateko. Animatu eta eman zure botoa!

Altzoko pago bat da euskaldunon hautagaia Europa mailako aurtengo sariketan. Imaz bertsolariak orain dela 180 urte landatu zuen pagoa. 23 metroko altuera du eta pago motza da, kimaketa berezia duena (Europan egiten den bakarra).  Altzoko "Imazen pago" motz horrek Eusko Jaurlaritzaren zuhaitz bereziaren izendapena jaso zuen 1997 urtean.

Joxan Lizarribar zenak (BERRIA taldeko Lehendakaria eta Imaz bertsolariaren ondorengo zenak) jaso zuenez, Imaz bertsolariak andregaia ezagutu zuenean landatu omen zuen pagoa. Maitasuna, edertasuna eta euskalgintzaren karga emozional eta sinbolikoa uztartzen dituen pagoa da, beraz.

2017ko Europako zuhaitz bereziaren saria jasotzeko, lehenbizi Espainiako estatuko lehiaketa irabazi behar du. Bederatzi zuhaitz ari dira parte hartzen lehiaketa horretan, baina horien artean 2 dira irabazteko aukera gehien dituztenak, Altzoko pagoa eta Avilako pinu bat. Bozketa azaroaren 6an amaitzen da; parte hartu nahi duenak, www.arboleuropeo.es webgunera jo beharko du. Bertan izena eman (horretarako erregistratu egin behar da) eta zure botoa eman (behin erregistratuta, bozketa-gunera sartu behar da, eta zuhaitzaren irudiaren oinean dagoen botoitxoa klikatu behar da).

Imaz bertsolariaren senideak bultzatzen ari diren ekimen honen asmoa Altzotik Bruselasea abiatzea baino ez da, gure Ondare bat ezagutzera ematea. “Muga guztien gainetik, eta laino guztien azpitik”. Bidasoa eta Adour zeharkatu, eta Ural mendikatea eta atlantikoaren eremuan kokaturik dagoela aldarrikatzea.

Europako lehiaketa Environmental Partnership izeneko elkarteak bultzatzen du, eta urtero Europako zuhaitz eder eta berezi bat aukeratzen saiatzen dira. Iazko edizioan XVIII. gizaldiko Hungariako haritz batek irabazi zuen.

Animatu eta eman zure botoa!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago