Teknologia albisteak

Europako Batzordearen copyright lege berria: ordaindu hedabideei estekak jartzearren

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-09-21 : 12:44

2014 amaieran AEDE kanona jarri zen martxan Espainian. Google Tasa ere esan izan zaio. Bere helburua zen Google News bezalako albiste-agregatzaileek egunkariei tasa bat ordaintzea euren albisteak erakustearen trukean. Europako Batzordeak tankerako lege bat nahi du aurrera atera, eta hedabideetara estekak jartzearren dirua kobratu: the link tax, estekaren zerga.

AEDE kanonak zioen hedabideen eskubide bat zela albiste-agregatzaileetan agertzearen trukean dirua jasotzea, eta eskubide hori ukaezina zela. Eta kanon hori CEDRO elkarteak (Espainiako idazle eta editoreen elkartea) jaso eta banatu behar du. Google tasa deitzearen arrazoia zen enpresa honen Google News zerbitzua, albiste-agregatzaile bat, zuelako jomugan. Baina legea abian jarri bezperan itxi egin zuen enpresa amerikarrak Google News.

Orain Europako Batzordeak tankerako lege bat nahi du aurrera atera. "Kazetari, editore eta egileek euren lanaren trukean bidezko ordainsaria jasotzea nahi dut..." esan du Jean-Claude Juncker-ek, Batzordeko presidenteak, Espainian legea onartu bezperetan entzuten genuen arrazoiketari segida emanaz.

Baina badira zenbait desberdintasuna AEDE kanona eta Europako Batzordeak bultzatzen duenaren artean:

  1. Espainian hedabideen eskubidea ukaezina da, Europan boluntarioa da.
  2. Espainiako legearen kasuan CEDRO elkartea da zergaren jasotzaile eta banatzailea (derrigor izan behar zara CEDROko bazkidea dirua jasotzeko). Europan ez dute bitartekorik zehaztu oraingoz.
  3. AEDE legeak albiste-agregatzaileak zituen jomuga, Europakoak albiste-agregatzaileez gain, edukien plataformak eta sare sozialak.

Azken puntu hau interesgarria da. Izan ere, Meneame atariak esan zuen eurak AEDE kanonetik kanpo zeudela sare sozial bat zirelako. Europako legea onartzekotan, aitzakia horrek ez du balioko.

Zenbait Europarlamentari legearen aurka azaldu dira, hala nola Julia Reda alemaniar ekologista. Redak bere blogean dioenez ez da salbuespenik ezartzen norbanakoentzat eta legez kanpokoa litzateke artikulu bat Twitter edota Facebooken partekatzea baimenik gabe. "Hedabideen industriaren arazoak ezin dira konpondu copyright lege batekin", Redaren arabera. Twitterren #Savethelink, esteka salbatu, traola erabiltzen dabiltza lege honen aurkariak.

Lege berriak hainbat kalte eragin ditzakeela salatzen dute aurka daudenek. Lehenik eta behin, Europako hedabideek esteka gutxiago jasoko dituzte, boikot moduko bat, alegia, AEDE kanona babesten zuten hedabideak Meneamen ez partekatzeko deialdia egin zuten bertako erabiltzaileek. Berrikuntza teknologikoari kalte egingo lioke baita ere, Sustaturen atzean dagoen CodeSyntax enpresan ondo dakigun bezala: Niagarank albiste-agregatzailea itxi behar izan genuen.

AEDE kanonak CodeSyntax bezalako enpresa txikietan izan zuen eragina [Sustatu egiten du CodeSyntax-ek]. Googlek bere Google News itxi zuen, baina Google berari kalte egin beharrean zerbitzua zerabilten erabiltzaileak izorratu zituzten. Eta Google berak 150 milioi euroko akordio bat sinatu zuen Europako paperezko hedabide nagusiekin, berrikuntza sustatu aldera: Digital News Initiative. Ez ahaztu Junckerrek berak esana: "kazetari, editore eta egileek euren lanaren trukean bidezko ordainsaria jasotzea nahi dut".

[Adibideko irudi gisa, goian, Donostiako Zinemaldia nola ageri den Google News-en Belgikako edizio frantsesean]

Erantzun

Sartu