Teknologia albisteak

WhatsApp-ek gure zenbait datu emango dizkio Facebook-i

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-08-31 : 09:29

WhatsApp mezularitza-zerbitzuak bere erabilpen-baldintzak eguneratu zituen pasa den astean. Erabiltzaileok baldintza horiek onartu behar ditugu WhatsApp bidez komunikatzen jarraitu ahal izateko, eta onartu ostean WhatsApp-ek zenbait datu partekatuko ditu Facebook-ekin. Erabiltzaile asko larritu egin dira, baina ez ahaztu Facebook dela WhatsApp-en jabea 2014ko otsailean 19.000 miloi dolarren trukean erosi ostean. Sare sozialean izena eman eta baldintzak onartzen dituzunean, baimena ematen diezu zure hainbat eta hainbat datu jaso eta erabiltzeko. 

WhatsAppek Facebooki gure zenbait datu (telefono zenbakia eta azken aldiz noiz konektatu garen, oraingoz) emango dizkio. WhatsAppek bere blogean dio datu hauek partekatuko dituela Facebooken familia osatzen duten zerbitzuen artean hobeto koordinatzeko eta esperientzia hobetzeko. Helburu zehatz hauek aipatzen dituzte: erabiltzaile bakarrak zehaztasun gehiagorekin zenbatu, spam eta gehiegikerien aurka hobeto jardun eta Facebookeko erabiltzaileek lagun gomendio hobeak eta iragarki hobeak izatea.

Iragarkirik ez dugu ikusiko WhatsAppen, baina Facebooken ikusiko ditugunak pertsonalizatuagoak izango dira. Aurtengo urtarrilean doakoa bilakatu zen WhatsApp. Ordura arte urtean euro bat ordaindu beharra zegoen. Eta urtarrileko artikuluan aipatzen den moduan "produktu bat doakoa bada, zu zara produktua"

Egia da baldintza berriak onartzerakoan badagoela aukera Facebookekin gure datuak ez partekatzeko, behean ikus daitekeen moduan. Baldintza berriak onartu bazenituen, aukera duzu oraindik zure datuak Facebookera ez bidaltzeko; horretarako jarraitu bide hau: Ezarpenak > Kontua > Zure kontuaren informazioa partekatu (Facebookera bidaltzeko aukera desgaitu ostean, ez zaizu agertuko aukerarik).

Dena dela, Facebookek onartu du "informazioaren zati bat", behintzat, partekatuko dutela. Eta orain ez bada ere, aurrerago aldatu ditzakete baldintzak, orain trukatzera doazen datuak baino gehiago eskuratuz. Konponbiderik ez, hartara. 

Pribatutasunarekin kezkatuta bazaude, badakizu: ez erabili WhatsApp, ezta Facebook ere. Izan ere, sare sozialetan izena eman eta baldintzak onartzen dituzunean, baimena ematen diezu zure hainbat eta hainbat datu jaso eta erabiltzeko. Hauexek dira, esate baterako, Facebookek guri buruz dituen 98 datuak (gaztelaniaz).

Gogoan izan: produktu bat doakoa bada, zu zara produktua.

Erantzun

Sartu