Teknologia albisteak

Iragarki blokeatzailea darabilten nabigatzaileei edukia ezkutatzea legez kanpokoa izan daiteke

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2016-05-05 : 09:57

Lehenago ere azaldu izan dugu zer diren nabigatzaileetako iragarki blokeatzaileak, ad blocker-ak ingelesez. Nabigatzailean instalatzen ditugun gehigarriak dira eta iragarkiak blokeatu eta ezkutatu egiten dizkigute. Hainbat webgunek iragarkiei esker egiten dute negozioa eta erabiltzaileek blokeatzen badituzte, ba akabo diru-iturriak. Horregatik, azaroan komentatzen genuen bezala, zenbait webgunek oharra erakusten diete adblockerra darabiltenei, berau desaktibatzea eskatuz, eta beste zenbaitzuk ez diete edukia erakusten iragarki blokeatzaileak desgaitu arte. Orain, ordea, Europako Batzordeak dio adblockerra darabiltenei edukia ez erakustea legez kanpokoa izan daitekeela.

Erabiltzaile batek iragarkiak blokeatzeko gehigarria gehitzen dio nabigatzaileari. Iragarkiak blokeatzeaz gain jarraipenerako kodeak saihesteko ere balio dute hauek, anonimoagoak izateko sarean. Zenbait webgunek, ordea, ez dituzte onartzen adblockerra darabilten erabiltzaileak eta ez diete uzten euren edukia ikusten. Horretarako, euren gunean sartzen diren erabiltzaileen nabigatzaileak arakatzen dituzte, iragarki blokeatzailea duten edo ez jakiteko. Iragarki blokeatzailea duten erabiltzaileei ez diete edukia ikusten uzten, gehigarri hori desgaitu arte. Gero eta gehiago zabaltzen ari da praktika hau, eta jada gehigarri komertzialak aurkitu ditzakegu eduki kudeatzaile hedatuentzat (adibidez Wordpresseko hauek).

Baina praktika hori legez kanpokoa izan daiteke Europan. Pribatutasunaren aldeko Alexander Hankff ekintzaileak eginiko eskakizunari erantzun dio Europako Batzordeak. Hanffek publiko egin du Europako Batzordetik jasotako gutuna, eta bertan dio webgune batek ezin duela erabiltzailearen nabigatzailea zelatatu jakiteko ea iragarki blokeatzaileren bat darabilen edo ez, erabiltzaileak espresuki baimena eman arte.

Erantzun

Sartu