Joan den astean, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak prentsaurrekoa eman zuen "euskara indartzeko 21 esaldi" aurkezteko. Albisteetan, ordea, ez genuen topatzen esaldiak zehazki zeintzuk ziren... Pixka bat arakatuta, ordea, topatu ditugu.
21 ideiok honako hauek dira, euren onarpen mailaren arabera sailkatuta:
- Haurrek ingelesa jakitearen garrantzia (Guztiz gehi nahikoa ados, %96).
- Haurrek gaztelania jakitearen garrantzia (%95).
- Haurrek euskara jakitearen garrantzia (%93).
- Bakoitzak du eskubidea zein hizkuntza nahiago duen aukeratzeko, besteen aukera ere errespetatuz (%93).
- Euskaldunen eta erdaldunen arteko errespetua bultzatu behar da (%93).
- Saltoki, enpresa eta administrazioan bezeroen nahia errespetatu beharko litzateke euskaraz zein gaztelaniaz artatuak izateko (%90).
- Euskaraz ez dakitenek ere euskararen normalizazio babestu beharko lukete (%87).
- Euskaldunek nahi duten lekuetan euskara erabiltzeko aukera izatea (%87).
- Guztion hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen akordio bat lortzea garrantzitsua da (%86).
- Gaur egun, euskaraz jakiteak aukera gehiago ematen dizkio pertsona bati (%86).
- Guztiok, euskaraz ez dakitenek ere, harro sentitu beharko genuke hemen, eta ez beste inon, euskara dugulako (%84).
- Garrantzitsua lizateke Euskadiko biztanle gehienek euskara ikastea (%83).
- Euskaldunek ulertu behar dute pertsona askok ezin dutela euskara ikasi (%80).
- Euskara jakiteak laguntzen du hemengo gizartean eta kulturan integratuago egoten (%79).
- Euskara gero eta beharrezkoa da lana eskuratzeko (%76).
- Ahaleginak egin behar dira euskara eta gaztelania maila berean egon daitezen, ez bata bestearen gainetik (%75).
- Ezinbestekoa da euskararen sustapenean diru publikoa gastatzea (%75).
- Erdaldunek, euskaraz ez ulertu arren, onartu behar dute euskaldunek beraien artean euskaraz egitea (%71).
- Zenbait lanpostutarako euskara jakitea exijitu beharko litzateke (%71).
- Euskararekiko interesa dut (%69).
- Etorkizunean euskararen erabilerarekin ados nago (%68).
21 esaldien multzo hau, "euskararen gaineko diskurtso partekaturako zoru komun" gisa ere definitu zuten prentsaurrekoan Patxi Baztarrika sailburordeak, eta lan soziolinguistikoa gidatu duen pertsonak, Iñaki Martinez de Lunak.
Martinez de Luna EGOD egitasmoaren (Euskararen Gaineko Oinarrizko Diskurtsoen egitasmoa) zuzendaria izan da, eta bere eginkizuna izan da “euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoak aztertu, kontrastatu, berritu eta bateratze bidean jartzea”. Aztertutako diskurtsoak, era honetakoak omen dira: Errespetuarena, Balio pragmatikoarena, Sustatzailea, Aldarrikatzailea eta Mesfidatia.
Erantzun
Sartu