Teknologia albisteak

'Medium' plataforma gero eta indartsuago, berrikuntzak aurkeztu ditu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2015-10-13 : 10:11

Autopublikaziorako plataforma bat da Medium, azkenaldian gero eta izen eta indar handiagoa hartzen ari dena. Blog-komunitate bat, zentzu ertsienean, baina baita hedabide bat ere, ikuspegi zabalagoan. Aste honetan izen handiko ekitaldia izan da San Franciscon, VF Establishment Summit delakoa. Interneteko enpresa eta zerbitzurik garrantzitsuenak izan dira hizlari, eta tartean Ev Williams, Medium-eko burua. Hantxe aurkeztu ditu bere plataformaren azken berrikuntzak. Asmoa? Blogarien bilgune eta Blogintzaren erreferentzia nagusi bilakatzea.

2012. urtean jaio zen Medium, autopublikaziorako blog-zerbitzu edo komunitate bat. Blogari anonimoen ekarpenetaz aparte, idazle profesional eta ordainduak ere badituzte, eta nolabaiteko hedabide kutsua izan du hasieratik (izenetik beretik hasita). Euren hitzetan: "Medium is a community of readers and writers offering unique perspectives on ideas large and small. Designed for little stories that make your day better and manifestos that change the world. It helps you find the right audience for whatever you have to say".

Ev Williams dago proiektuaren atzean, Twitterreko sortzailea, eta norabidea garbi izan du hasieratik: plataforma arin eta erraz bat sortzea, erabiltzaileentzat erosoa, eta sare sozialekin (batez ere Twitterrekin, noski), erabat integratua. Bloga sortzea izugarri erraza da, edizioa intuitiboa, diseinua gardena eta mugikorretarako pentsatua, eta artikuluen balorazioa komunitatearen esku geratzen da neurri handi batean, Reddit-en edo Digg-en bezalatsu. 

Ezaugarri horiekin, azken 3 urteotan, Medium hazten joan da, gero eta arrakasta gehiago lortuz. Bidean, analista gehienek azpimarratu dute zaila dela Medium deskribatzea, ez dagoela garbi zer den eta nora doan, baina hala ere tresna indartsu bilakatu daitekeela. Gaur egun, hilero 20 milioi bisita jasotzen ditu, eta erreferentzia bilakatu da hainbat alorretan (bereziki, diseinuan eta teknologian). Baita politikan ere (AEBko politikan, bederen), are gehiago Obama Presidenteak kontua ireki eta bere zenbait mezu Mediumen zabaltzen dituenetik.

Urrats berriak aurrera

Aste honetan izen handiko ekitaldia izan da San Franciscon, VF Establishment Summit delakoa. Hantxe elkartu dira teknologia eta hedabide munduaren gailurrean dauden enpresa eta arduradunak (Facebookeko Zuckerberg, Appleko Ive, Instagrameko Systrom, eta abar). Foro horretan aurkeztu ditu Williamsek Mediumeko azkenengo berrikuntzak

  • Hasteko (beharbada, berrikuntza tekniko garrantzitsuena), publishing API bat sortu dute, jendeak edonon/edonola idatzita, zuzenean Mediumen publikatu ahal izateko.
  • Gainera, sare bat sortu du hainbat enpresarekin, euren testu-editoreetan (Byword, iA Writer, Ulysses...) idatzitako testuak ere, zuzen-zuzenean Mediumen argitaratu ahal izateko, programa horietatik irten barik.
  • Bukatzeko, beste blog-plataforma batzuekin integrazioa ere landu dute, WordPressekin esate baterako, plugin bati esker, WordPressetik zuzenean publikatzeko Mediumen.

Helburua garbia da: Medium egungo blogintzaren ikur bilakatzea, eta Medium bera izatea blogosferaren erdigunea. Gogoan izan, Twitter sortu aurretik, Williamsek Blogger plataforma ere sortu zuela 1999an, lehenengo blog-plataforma ezaguna, blogek garai hartan izandako arrakastaren giltzetako bat. Medium-ekin beste urrats bat eman nahi du: blogintzaren erdigune bilakatu, eta komunitateak sortutako hedabide moduko bat erdietsi. 

Datozen hilabeteetan ikusiko dugu Medium noraino helduko den, baina gauza bi daude garbi: batzuek kontrakoa esan arren, blogintza bizi-bizi dagoela; eta blogintzaren aro berri honetan, Medium-ek zeresana izango duela.

Informazio honen berri zehatzagoa, Williamsen eskutik, Mediumen bertan. Elkarrizketa honetan ere hortaz dihardu (hasierako minutuetan Twitter du mintzagai; erditik aurrera Medium):

 

Erantzun

Sartu