Teknologia albisteak

Debako zentral nuklearraren proiektua ikertzeko beka

Erabiltzailearen aurpegia
Elkar argitaletxea
2014-08-29 : 10:20
Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak Tene Mujika sariaren deialdi berri bat egiten dute, 6.000 euroko diru-laguntza emango duena, Deban eraiki nahi izan zen zentral nuklearraren proiektua eta haren inguruko gorabeherak ikertzeko, ondorengo oinarrien arabera:

1970eko hamarkadan Iberduero enpresak hainbat zentral nuklear eraiki nahi izan zituen Euskal Herrian; horietako bat Deban, Mendatako puntan. Proiektu haren kontrako protesta eta erresistentzia antolatu zen, azkenean lortu zen zentral hura ez egitea, eta gaur egun euskal kostaldeko Geoparkea dago bertan. Bai Deban bertan bai Euskal Herrian eratu zen mugimendua hobeto ezagutzeko, orduko historia, lekukotasunak, zergatiak eta ondorioak bilduko lituzkeen ikerketa-lan bat egitea litzateke beka honen helburua, edozein dela ere lanari ekiteko metodologia: historiografia, kazetaritza, soziologia, ekologia, antropologia… baita horietako zenbaiten nahasketa ere.

Proiektuak aztertzean, puntu hauek hartuko dira kontuan, besteak beste: testuaren kalitatea, informazioaren zehaztasuna, ikerketaren berritasuna, iturrien aberastasuna…

Banaka nahiz taldean aurkez litezke parte-hartzaileak. Proiektu bakoitzaren egileak ondorengoak aurkeztu beharko ditu, emailez atxikitako dokumentuan:

  • a) Egilearen edo egileen curriculum laburra, orri banatan, egindako lanak aipatuz, baita harremanetan jartzeko helbide eta abarrak ere.
  • b) Egin nahi den lanaren azalpena, 4-6 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz.
  • c) Idazlanaren lagina, 15-20 orrialde bitartekoa.

Proiektuak 2014ko abenduaren 12ra arte bidal litezke helbide honetara: artxiboa@deba.net

Martin Ansok, Elixabete Garmendiak eta Sabino Ormazabalek osatutako epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2015eko urtarrila amaitu baino lehen.

Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.

Epaimahaiak, Udalarekin bat eginda, aholkua eman ahalko dio irabazleari, proiektua osatzeari eta hobetzeari begira. Irabazleak konpromisoa hartu beharko du ahoku horiek aintzat hartzen saiatzeko.

Era berean, udalak bere prestasuna adierazten du bere eskura dituen informazioak irabazlearen eskuetan jartzeko, ikerlana gauzatu ahal izateko.

Bekako diru-kopuruaren erdia, izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan, lehen erdia jasotzen duenetik urtebetera hain zuzen ere.

Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du gehienez, idazlan amaitua antolatzaileei helarazteko.

Irabazleak bere lana entregatuko ez balu, edo haren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak balira, irabazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

Diru-laguntza jasotako lanaren jabetza egilearena izango da. Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana, eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaikoek onespena ematen dutenetik sei hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.

Beka-deialdi honetan parte hartzeak, bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, epaimahaikoei dagokie erabakitzea, eta, epaimahaikoek egin ezean, antolatzaileak erabakiko du.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago