Teknologia albisteak

Sua filma estreinatuko dute larunbatean, Arabako Ozaeta herrian

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-05-30 : 10:05

XVII. mende hasieran Lapurdin izandako inkisizioan du oinarrian Sua euskal filmak. Eneko Aritzaren Lagunak kultur elkarteko kideen eskutik, 2005ean hasi ziren grabaketekin, eta bost eman dituzte horretan, Euskal Herriko zazpi lurraldeak igaroz. Aktoreak ez dira profesionalak, boluntarioak baizik, eta 700 pertsonatik gora jarri dira kamara aurrean. Arabako Ozaeta herrian egingo dute larunbat honetan estreinatu aurreko emanaldia.

Ez da film dokumentala. Asko du historiatik, baina baita fikziotik ere. Pierre de Lancre inkisidoreak 600 pertsona baino gehiago torturatu eta hil zituen Lapurdin, eta hori irudikatzen du filmak.

Autogestioaren bidez egin dute lan guztia, jendearen laguntzarekin eta bestelako ekimenak antolatuz. Egileek, baina, zulo ekonomiko handia dutela aitortu dute, eta arazoa estreinaldiekin konpontzeko itxaropena dutela adierazi dute. Donostiako Larrotxene Kultur Etxeak utzi dizkiete kamarak, antzerki taldeek utzi dizkiete aktoreen jantziak, baita beraiek egin ere.

2004an dokumentazio lanekin hasita, amaitu dira ekoizpen lanak. Orain, filma herriz herri eskainiko dute: Tolosa, Ibarra, Algorta, Lizarra, Billabona eta beste hainbat herrietan ematea aurreikusita dute. Hala ere, inork bere herrian proiektatzeko interesa izango balu, beraiekin harremanetan jartzea besterik ez da egin behar suafilma@gmail.com helbidean.

Erantzun

Sartu