Teknologia albisteak

Materialen inguruko azken aurrerapenak

Erabiltzailearen aurpegia
Joxemi Campillo, Kongresuaren antolatzaileen izenean
2012-04-29 : 16:04

Maiatzaren 3an eta 4ean, Materialen Zientzia eta Teknologiaren I. Kongresua burutuko da Arrasateko GARAIA berrikuntza gunean. Kongresua euskaraz egingo da, eta bertan, materialekin lan egiten duten edo erlazioa duten 75 ikerlari euskaldunek parte hartuko dute.

Materialen zientzian ikaragarrizko aldaketak gertatzen ari dira azken garaiotan, eta horiek eragin zuzena dute gure eguneroko bizitzan: medikuntzan, telekomunikazioetan, garraioan, eraikuntzan,...

Material mota berriek gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira gure gizartean. Kongresuan, materialen arloan izaten ari diren azken aurrerapenak landuko dira hainbat ikuspuntutik. Gainera, aurrerapen horiek gerora izan ditzaketen aplikazioak ere jorratuko dira.

1991.eko uztailean, Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroetan, "Materiaren ezagutza teknika desberdinen bitartez" topaketak burutu ziren. Orduan, 30 zientzialari euskaldunak elkartu ziren. Hauetariko batzuk, kongresu honetan ere elkartuko dira.

Kongresuan parte hartuko duten adituak hainbat lekutan egiten dute lan: Euskal Herriko Unibertsitatean, CEIT-Tecnun-en, Mondragon Unibertsitatean, CIC NanoGUNEn, Donostia International Physics Center-en, Tecnalian, Lea-Artibaiko Ikastetxean,... Horrek kongresua aberastuko du, azken finean, kongresu honen bidez, elkarezagutza eta elkarlana bultzatzea nahi dugu.

Kongresua honako ataletan banatu dugu: materialen prozesaketa, karakterizazio-teknikak, materialen propietateak (fisikoak, kimikoak, elektrikoak, mekanikoak,...), aplikazio eta erabilpen industrialak (eraikuntza, garraioa, energia, nanoteknologiak, estaldurak, bio,…), materialen modelizazioa eta materialak eta ingurugiroa (bizitza-zikloa, birziklapena,...).

Horretaz gain, bi hitzaldi nagusi egongo dira. Alde batetik, maiatzaren 3ko arratsaldean, CEIT ikerketa-zentroko Jose Maria Rodriguez Ibabek "Metalurgiatik materialen zientziara: joan-etorriko bidaia" hitzaldia emango du. Eta bestetik, maiatzaren 4ko goizean, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Fernando Plazaolak "Espektroskopista izanik medikuntzan ikertzen. Egungo diziplinen arteko ikerketaren adibide bat" izeneko hitzaldia eskainiko du.

Orotara 54 lan aurkeztuko dira hitzaldietan edo posterretan. Lan horietariko 43rekin liburu digital bat prestatu da, eta USB batean banatuko da kongresuaren egunean.

Bestalde, kongresuan stand batzuk egongo dira. EHUko argitalpen zerbitzuko liburuak, EKAIA aldizkaria, eta ELHUYAR aldizkaria eta liburuak erakusgai eta salgai egongo dira.

Informazio gehiago eta izen-ematea kongresuaren webgunean, mzt2012.mondragon.edu.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago