Teknologia albisteak
2

Goierri Highlands

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi
2012-04-20 : 17:04

Gaur hasten da Giza Eskubideen Zinemaldia Donostian, Kassovitz frantziarraren L'ordre et la morale filmarekin hasi ere, baina aurretik, prentsarentzako emanaldi batean ikusi dugu jakin-min handiena piztu duen pelikula: Gazta zati bat, Jon Maiarena.

Gai zehatz bati loturiko zinemaldiek beti sortzen diote zalantza ikusleari, zer ikusiko duen edo zer baloratuko. Film pornoen jaialdi batean ematen du kalitate zinematografikoa bigarren mailako kontua dela, inportanteena jendearen animoak altxatzea delakoan. Eta hamargarren urtea betetzen duen giza eskubideen zinemaldi honekin ere antzeko kezka izan liteke aldez aurretik: intentzio on baina kalitate kaxkarreko produktuak irentsiko ote ditut? Eta horiek kritikatzea ondo ote dago?

Gazta zati bat Jon Maiak zuzendutako dokumentala, Idiazabalgo herri ekimen batetik abiatu eta autodeterminazio eskubideaz ari dela bagenekien, eta beldur ginen, asmo txalogarrien pare egongo ote zen emaitza. Zorionez, BAI ozen eta sendo batekin erantzun liteke.

Filmak hainbat osagai ditu: abiapuntua Idiazabal da, Goierriko herri txiki bat, eta bertan herri-kiroletan ibiltzen den taldea; bertako kide pare baten bultzadaz, pentsatu zuten, batetik, herri barruan abertzaleen arteko ezinikusiak konpondu behar zituztela, elkarrizketa bidez, eta autodeterminazio eskubidearen aldarrikapena egin behar zutela, herritik hasita atzerriraino. Eztei-bidaian Eskozian egonak zirela-eta, hango herri-kirolariekin gogoratu, eta halaxe hasi ziren sarea josten, 2008an.

Xelebrekeria dirudi, edo herri txiki bateko txikikeria, baina Nazioen mundua proiektua abiatu zutenei aitortu behar zaie: helburu goitarrak izateko anbizioa, zailtasunei ekiteko ausardia, urtetan jarraitzeko egoskorkeria, jendea ingurura biltzeko talentua, batzeko eta ez zatitzeko esku-zabaltasuna, eta, azkenik, une historikoarekin asmatzeko zorte apur bat.

Filma txukuna da taxueraz, entretenigarria, erritmo onekoa, eta hunkigarria ere bai zenbait unetan. Horren meritua Jon Maia gidoilari, narratzaile eta zuzendariari eman behar zaio lehenik eta behin, baina seguru asko kulparen parte handia dute Juantxo Sardon argazki-zuzendari eta kameralariak, eta Eriz Zapirain zuzendari-laguntzaile eta muntatzaileak. Aipagarria da musika ere, Xabier Solano eta Zigor Lanprek egina.

Goierritik abiatuta, Eskozia, Brusela, Aiete, New York... hainbat kokaleku ditu pelikulak. Tarteka politikariak ere agertzen diren arren, herritar normalak dira protagonista (goitik behera begiratzen duten jauntxokumeek "herri xehea, xumea" deitzen dutena), herritarrengandik sortutako ametsa baita film honetan irudikatu dena. Eta Angel Oiarbide ameslariak dioen bezala, ametsa irudikatzea da gauzatzeko lehenengo urratsa; eta bigarrena, pausoz pauso joatea horren atzetik. Hala biz.

Erantzunak

Xabier Mendiguren Elizegi
2012-04-21 : 11:59

amaierako akats bat zuzendu nahi dut: "lehenengo errautsa" dioen lekuan, "lehenengo urratsa" esan behar zuen.

sustatu
2012-04-21 : 17:35

Zuzenduta, Xabier. Eskerrik asko kronika ederragatik.

Erantzun

Sartu