Teknologia albisteak

IKTak, irakurketa sustatzeko pizgarri, Jaurlaritzaren irakurketa planean

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-04-23 : 14:04

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak Euskal Autonomia Erkidegoko Irakurketa Plana aurkeztu berri du Legebiltzarrean. Honen bidez, irakurketa "Euskadi garatzeko eragile" moduan sustatu nahi izan du Blanca Urgell buru duen lantaldeak. Plan eleanitza, multimodala eta multimedia bezala definitu dute. Irakurketa aisialdirako jarduera huts denaren ideia alde batera utzi eta ikasteko tresna dela gizarteratu nahi dute. Haur, gazte zein helduei zuzendutako proiektuak dira, eta irakurzaletasuna sustatzeko tresna nagusi izango dira IKTak.

Irakurketa planak 27 proiektu aurreikusten ditu, lau helburu nagusiri erantzun nahi dietenak: XXI.menderako euskal herritarren irakurketa eta idazketa gaitasuna hobetzea, irakurketa indizeak hobetzea, irakurketara heltzeko aukerak hobetzea, eta irakurketa gizartearen hezkuntza eta kultura lehentasunen artean kokatzea.

Hauek dira aurreikusita dauden 27 proiektuak:

  1. Autoebaluazioko tresna bat ezartzea eskola-liburutegietan.
  2. Eskola-liburutegi digitala baliabide-zentro gisa.
  3. Aditu-talde bat sortzea informazio-alfabetatzea (ALFIN) eskola-curriculumean sartzeko.
  4. Kirol-esparruetan irakurketa sustatzea.
  5. EAEko irakurketa-elkarteei eta tertulia literarioei laguntzeko zerbitzu bat sortzea.
  6. Online tresna bat sortzea irakurketa publikoaren mapa eguneratzeko eta hobetzeko.
  7. EAEko XXI. menderako liburutegi-zerbitzuen gaineko azterketa egitea.
  8. Aditu-talde bat sortzea lankidetzarako.
  9. EAEko liburutegi publikoetarako txartel bakarra ezartzea.
  10. Udal-liburutegi publikoetako tokiko funtsak digitalizatzea.
  11. Liburutegi publikoen kudeaketa hoberenaren saria sortzea.
  12. Gurasoentzako ikastaroak eta lantegiak.
  13. Pantaila-irakurgailuak, familientzako alfabetatze digitaleko kanpainak.
  14. On-line prestakuntza-proposamenak bitartekarientzat.
  15. Elkarrekin irakurtzen dugu, mailegu-zerbitzu bereziak.
  16. Argitalpenak: irakurketa-gidak (paperean eta digitalak).
  17. Argitalpenak: material didaktikoak.
  18. Liburutegi-zerbitzuak ospitaleetan.
  19. Liburutegi-zerbitzuak osasun-zentroetan.
  20. Aholkuak emateko webgune bat sortzea.
  21. Irakurketa sustatzeko programa espezifikoak.
  22. Familia-lantegiak.
  23. Gazteentzako programak.
  24. Mutilen eta gizonezko gazteen kolektiboaren gaineko eragin espezifikoaren plana.
  25. Espazio birtualak/Familien ataria 2.0.
  26. Irakurketako udal-planak lantzea eta onartzea hiru euskal udalerritan (proiektu pilotua).
  27. Irakurketa-kanpainak enpresetan.

Irakurketa egungo garaietara egokitzeko beharrak bultzatuta, zeregin garrantzitsua izango dute IKTek proiektuotan. Adibidez, udal liburutegi publikoetan materiala ugari biltzen da (bibliografikoa, tokiko prentsa, material grafikoa, ikus-entzunezkoa, soinu-materiala...), eta material horiek guztiak digitalizatuko dituzte. Izan ere, tokiko esparruarentzat, herritarrentzat, hezkuntzarako eta kulturarako duten balioagatik.

Hezkuntza alorreko profesionalei begira, batetik, familiekin, haurrekin eta gazteekin lan egiteari buruzko online ikastaroak eta tutorial interaktiboak gauzatuko dituzte. Hala, irakurketarekin eta idazketarekin lotuta dauden profesionalen inplikazioa lortu nahi da, batetik, eta, bestetik, irakurketarekiko zaletasuna sustatu nahi da gazte eta nerabeen artean, aisialdiko gozamen gisa ikus dezaten. Bestetik, irakasleei irakurketa baliabideen inguruan aholkuak emateko webgune bat sortuko dute. Bertan irakasleek jakintza eta esperientziak partekatzeko aukera izango dute.

Familien 2.0 ataria sortuko dute, gurasoentzako irakurketaren inguruko informazio eta aholkuak jasotzeko espazio birtuala. Horrez gain, familiek parte hartzeko bide eta topaleku izango da webgunea. Komunitate birtuala izan nahi du, non kultura guneetako eskaintzaren gaineko jarduera nagusien berri izango duten, eta beraientzat interesgarriak izan daitezkeen albisteak helaraziko zaizkien, besteen artean.

Gazteaukerarekin elkarlanean, gazteentzako programak abiaraziko dira, plataforma birtualetan, batez ere. Sare sozialetan oinarrituko dira, eta komunikazio mugikorreko teknologien erabilpenera moldatuko dira (telefono mugikorrak, tablet digitalak...). Plataforma horietan informazio-komunikazioko zerbitzuak gaituko dira, baita parte hartzera eta sormenera bideratutako espazioak ere.

Hezkuntza, Industria, Justizia eta Herri Administrazio sailen laguntzarekin eta zenbait kultura eragilerekin (liburu-saltzaileak, editoreak, prentsa espezializatua...) atera du Kultura Sailak proiektu hau. Era berean, German Sanchez Ruiperez Fundazioaren aholkularitza ere izan du dokumentua idazterako orduan.

Informazio gehiagorako, hemen dituzu dokumentuak.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago