Teknologia albisteak

DNA ez da dena: pertsonen desberdintasunak aztergai Elhuyar aldizkarian

Erabiltzailearen aurpegia
Elhuyar Fundazioa
2012-02-12 : 14:02

DNA ez da dena; Gene berdinak dituzten pertsonen arteko desberdintasunak azaltzeko mekanismoak aztertu ditugu Elhuyar aldizkariaren otsaileko zenbakian. Biki monozigotikoek izaten dituzte bata bestetik bereizten dituzten ezaugarriak. Eta, adinean aurrera egin ahala, gero eta gehiago. Desberdintasun horiek, ordea, ez dituzte geneetan gordeta izaten. Gauza bera gertatzen da norbanako bakoitzaren zelulekin: zelula guztiek dute informazio genetiko bera. Kristalinoko zelulek, ordea, antz txikia dute urdaileko zelulekin, edo giharretako zelulekin. Desberdintasuna, kasu guztietan, informazio genetikoaren espresioan dago.

Geneen espresioan eragiten duen faktore-multzoari epigenoma deritzo, eta otsaileko Elhuyar aldizkarian kontatu dugu zer den epigenoma, nola eragiten duen geneen espresioan, eta zer garrantzia duen horrek, adibidez, gaixotasunetan. Horretarako, Manel Esteller ikertzailea izan dugu lagun. Minbiziaren epigenetika ikertzen du Bellvitgeko Ikerketa Biomedikoko Institutuan, eta erreferentziazko pertsona da epigenetikaren arloan.

Beste erreportaje hauek ere landu ditu Elhuyar aldizkariak: Elkarrizketa: Fernando Cossío, Ikerbasqueko presidentea. Euskadiko ikerkuntza lehiakorrago egiteko nazioarteko puntako ikertzaileak erakarri behar direla dio Fernando Cossíok. Eta harrobia bultzatzea eta ibilbide zientifikorako azpiegitura-sare egokia eraikitzea beharrezko jotzen ditu; BERBATEK: euskarazko hizkuntza-teknologiak martxan. Berbatek proiektuaren helburuetako bat ikerketa erabilera praktikora bideratzea izan da. Hala, hiru demo sortu dira: zientzia eta teknologiako bilatzaile semantiko multimedia bat, dokumentalen bikoizketa automatikoko demo bat, eta hizkuntzen irakaskuntzarako tutore pertsonal bat. Igor Leturia izan da proiektuaren zuzendaria, eta haren eskutik ezagutuko ditugu emaitzak; Fukushimaren lezioa. Fukushimako hondamendia gertatu zelako urteurrena iristear denean, kontuak aurkezteko garaia iritsi zaie zentraleko arduradunei eta Japoniako gobernuari. Bitarte horretan, zenbait adituk beren iritziak eta azterketak plazaratu dituzte, eta askok Fukushimakoak lezio garrantzitsuren bat irakatsi diela aitortu dute; Monopolo magnetikoaren bila. Fisikari batzuek esaten dute monopolo magnetikoak existitu behar duela, kalkulu teoriko batzuek hala adierazten dutelako; beste batzuek esaten dute fantasia bat besterik ez dela. Nolanahi ere, modako gaia da puntako laborategietan.

Elhuyar aldizkaria dagoeneko salgai dago, liburu-denda nagusietan eta www.elhuyar.org webgunean.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago