Interneteko albistegia

Iparraldea Euskal Herria dela entzuten baduzu, ez sinestu, gezurra da

Mikel Alvarez, The Indezents | Politika | 2012-01-12 : 11:01

Haurra nintzela Olentzero gezurra zela jakitean sentitu nuenaren antzeko zerbait sentitu nuen Gabonetako oporretatik Iparraldetik itzultzean… Garai berberean hasi nintzen gure herrialde maite honetako geografia ikasten. Mendiak, ibaiak, probintziak, hiriburuak (Maule... hau beste baterako utziko dut). Zazpi probintziaz osaturiko herrialdea, horixe dugu gurea Euskal Herria. Horrela ikasi genuen eta horrela sentitzen dut oraindik gainera...

Hala ere, urte guzti hauetan gure burua engainatzen aritu garenaren sentsazioarekin itzuli naiz Euskal-Frantzitik (horrela ere erakutsi ziguten eta egokiagoa izango dugu agian, iparraldea, Donostia ere bada eta Beasainen bizi denarentzat). Inor ez al da han izan gure aurretik benetan han bizi eta sentitzen dena ikusteko? Noski baietz! Baina nahiago izan dugu gure burua engainatu, Euskal Herri osoa berdina dela pentsatu... Zertarako arazo berriak sortu nahikoa izan ez baditugu?

Ikurriñak, basque eta lauburuak baita semaforoetan ere baina euskera hitzik ere ez inon (Turismo bulegoan besterik ez dut inorrekin euskeraz hitz egiteko aukerarik izan). Gainera, frantsesez ez dakizula konturatzean (espero nuen lehendabizi frantsez hitz egitea. Inopian ere ez naiz bizi…), gaztelaniara jotzen zuten! Eta gu, noski, tonto aurpegi ikaragarri batekin. Han, Iparraldean, Euskal-Frantzian edo dena delakoan, ikurriñek, basque-ek eta lauburuek balio folkloriko, turistiko eta merkantilista besterik ez dute.

Eta ordutegiak? Ai ama ordutegiak… Ez gintuzten ba jatetxe batetik aurpegi txarrez bota arratsaldeko zortziretan! afaltzera joan ginelako? Lotsagabeak gu… Eta listoren bat esaten arituko da; Hori ordutegi frantziarra darabiltelako da... Eta guk? Zer ordutegi dugu guk? Euskaldunok? Espainiarra? Eta gurea zein demontre da orduan!

Post honek ez du Iparraldearekiko edo bere euskalduntasunarekiko eraso bat izan nahi, eta ez da. Ez naiz ni inor hor sartzeko eta ez dut egingo (nahikoa haserretu izan naiz halakoengatik iraganean eta ez naiz horretan eroriko lurraldea eta bertako jendea behar den bezala ezagutu gabe). Post hau, euskaldun jator eta idealon eta gure ikuspegiaren aurkako eraso bat besterik ez da, autolesio bat. Gure harrokeria eta egozentrismoari harreta ukitu bat.

Gure herria egunen batean independiente izatea nahi badugu, eta estatu berri horrek zazpi probintzia izatea nahi badugu, lehenago edo beranbduago konturatuko beharko gara ez Gipuzkoa eta Araba edo Bizkaia, Nafarroa eta Iparralde, ez direla berdinak. Politika eta ekintza, erritmo eta abiadura ezberdinak behar dituzela.

Beraiek, Iparraldeko edo Tuterako euskaldunek, aspaldi dakite hori. Orain, gu konturatzea besterik ez da falta...


Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Ez Komertziala © cc-by-nc-sa: Mikel Alvarez, The Indezents, baimenarekin.

Erantzunak

indezent | 2012-01-12 : 12:06 | #1

Lehendabizi, mila esker Sustaturi mezu honi oihartzuna eskaintzeagatik. Bigarrenik, blogeko posteko postdata beharrezkoa jotzen dut gaizkiulerturik egon ez dadin izenburuarekin. Hauxe da:

PD: Ez dakit hau idazteko unerik egokiena ote nuen hauxe Ordiziatik Beasainera oinez iritsi ostean, treneko 1,35 euroak ezertarako ordainduta, hotzez akabatzen eta madarikazioka. Beno, izenburua erakargarria geratu zait behintzat… Begira, zu sartzea ere lortu dut.

Jon | 2012-01-12 : 13:29 | #2

Eta orain arte non bizi izan zarela diozu?

xabi | 2012-01-12 : 13:49 | #3

Indezent, besteen argazkiak erabiltzen dituzunean ondo egoten da egilea aipatzea edota link bat jartzea flickerrera bertara. (Kasu honetan ni neu naiz argazkiaren egilea ;-)

Bestetik, artikuluaren inguruan, argi dago lurralde bakoitzak bere berezitasunak dituela eta hori arrazoi historiko konkretu batzuengatik da. Honen inguruan, Peio Etchevarry-Ainchart historiagileak egindako hitzaldi hau agian interesatuko zaizu.

Bertan aipatzen dira Iparraldearen berezitasunak, eta berezitasun horien arrazoiak zeintzuk diren, Hegoaldearekin alderatuz.

fred | 2012-01-12 : 15:11 | #4

Xehetasun bat soilik : ez artikulu honetan bakarrik, askotan, Iparraldea probintzia bat bezala agertarazteko joera dago. Egokia iduritzen zait zehaztea Ipar Euskal Herria deitzen dugun honetan, 3 probintzia badirela eta Hegoaldeko 4 lurraldeetan bezala, errealitate desberdin asko...

indezent | 2012-01-12 : 15:45 | #5

Ba bai Xabi, arrazoi guztia duzu eta barkamena eskatzen dizut. http://www.djibnet.com web-gunean topatu nuen eta ez nuen loturarik ikusi. Orain lasaiago begiratu eta flickerrerako lotura du bertan. Ea hemendik aurrera kontu gehiagoz ibiltzen naizen gauza hauekin...

Hitzaldia ere ikusiko dut ;)

Miren | 2012-01-12 : 17:01 | #6

Ea. Eskertzen da autokritika saiakera, eta hegozentrismoaren edo Gipuzkozentrismoaren gaia atera izana bera. Dena dela, "iparraldeaz" hain arinki hitz egitea ez zait gomendagarria iruditzen, diozun bezala, "lurraldea eta bertako jendea behar den bezala ezagutu gabe". Hiru gauza esan nahiko nituzke post honen harira:

Lehenik.
"Post honek ez du Iparraldearekiko edo bere euskalduntasunarekiko eraso bat izan nahi, eta ez da". Ez duela iraingarri izan nahi, zuk diozu eta sinesten dizut; iraingarria, izan, ez dela, ordea, ez dakit zuk egin dezakezun balorazio bat ote den. Maiz egiten da min, nahi gabe. Norberarengan etnozentrismoa detektatzea zaila izaten da denontzat (bita lapurdi, baxenafarroa, zuberoa, arabar errioxa edo santurtzikoentzat ere).

Bigarrenik.
Esan bezala, ez dut uste testua benetan nahi bezain autokritiko izatera heltzen denik. Noren izenean eta nori idatzi diozu testua? Lapurtar gisa, ez naiz testuaren hartzaile potentzial sentitu (eta uste dut Tuterarrak ere ezetz). "gure burua engainatzen aritu garenaren sentsazioarekin itzuli naiz Euskal-Frantzitik"... Zeri egiten diozu erreferentzia "gu" diozularik? Gipuzkoarrez ari zara? Goierritarrez? Definizio bat gustura irakurriko nuke. Grabea iruditzen zaidana ez da zu "gu" horrekin identifikatzea. Grabea dena testua "gu" horren parte kontsideratzen dituzunentzat soilik idatzi duzula, zuk zeuk baztertuz, Gipuzkoaren periferia deitu diezaiokegun eskualdeetako euskaldunak. "Euskaldun jator eta ideal[e]n eta [zuen] ikuspegiaren aurkako eraso bat" ongi egon liteke, baina erasoak eraso, benetako aldaketa, beharbada, testuaren hartzailetzat "euskaldun jator eta ideal" kontsideratzen ez dituzunak "ere" kontuan hartzea litzateke.

Hirugarrenik.
Honakoa eskari bat da. Euskaldunez, euskal hezkuntza sistemaz, euskal parranda-giroaz, euskal musikaz, euskal gastronomiaz, euskal arazoaz edo euskal-dena-delakoaz hitz egiten dugunean, Euskal Herri osoaz ari ez bagara, zehaztu dezagun, otoi. Mingarria da, baieztapen batzuk, zu euskaldun gisa baztertua sentiaraztea. Ez zehazte hau, orokorra eta sistematikoa da ia denongan (euskal kulturako zein politikako esparruetan ere bai, nahiz lurraldetasunaren kontzeptua teorian barneratuta eduki). Eta euskaldun batzuk beste euskaldun batzuengandik baztertuak eta gutxietsiak sentitzeak ondorio kaltegarriak ditu, euskaldun guztiontzat (Lazkaomendiko euskaldun "ideal" batentzat "ere" bai).

Eskertzen da, dena den, esan bezala, gaia atera izana eta autokritika saiakera.

PD: Xabik esan bezala, Etchevarry-Ainchart-en hitzaldia entzutera gonbidatzen zaitut. Eta Ziburura asteburu-pasa ere bai, ezagutzatik hasten baita elkar-ulertu eta errespetatzea. Etorri Tana ostatura nahi duzularik. Frontoiaren ondoan dago.

Estebe | 2012-01-12 : 17:17 | #7

Zure artikulua ona da. Baina pena da orain idaztea. Urteak dira, independentista askok prozesu asimetrikoak aldarrikatzen dituztela. Beste bideak, Gipuzko handikoak ez direnak ikaratzen dituelako. Bestalde, Lapurditik bizkaiara bizitzera joan nintzelarik, hegoaldetarren identitatea osatzen duten elementu espainolak asimilatu behar izan nituen (belen esteban, ebakia....). Baina argi da, lapurdi kostaldera itzultzen naizen aldiro pena handia sentitzen dudala. Euskara zabaldu behar da eta horretarako euskaldunok gure buruaz ematen dugun irudia oso garrantzitsua da. Segi bidaiatzen.... (ezkerraldea bisitatu egun baten).

Iban | 2012-01-12 : 21:44 | #8

Barkatu, baina "gu" aipatzen duzunean nortaz ari zara?

Zeu zara beste mundu batean bizi izan zarena!

Jada aipatu dizute oso ezberdinak direla hiru herrialdeak eta bakoitzak bere ezaugarriak dituela. Konparatu Bilbo eta Segura eta antzeko iritziak botako dituzu. Edo Leza eta Ordizia... Euskal Herriko eskualde bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta herrialde bakoitzak ere bai.

Gauza asko daude esateko... baina beste baterako!

B. | 2012-01-12 : 22:20 | #9

nehor harrituko duenik.
Gainean batek gomendatzen dizun bideoak gauza anitz argituko dizkizu, iparraldeaz aparte, beste herrialdeen bilakaera ere ilustratzen duelako, elkarrekin alderatuz-edo. Ikasgai ona iduritzen zait batzuk eta besteek elkarrez zerbait ikasteko.
Folklorizazioa, hizkuntzaren desagerpen eta berreskuratze nekea, ohituren frantsestea eta bizi molde desberdinak eta beste hor agertzen denaren bidez ulertuko dituzu hobeki. EH noizbait bat izan denik ere ez du nehork erraiten ahalko, euskal nortasun edo sentimendu hori, 16. mendea baino lehenago ez baitzen guk gaur ezagutzen ditugun terminotan definitzen.

Hegoaldeko jendeak aurreiritzi anitz ditu gureganako. Eta neke izaten da gure ulertzea hainbatetan. Gure egiturak, banaketa administratiboak, bizi moduak eta guzi, arrotz direnean, lehen erreflexua izaten da zuenera hurbildu nahi izatea (gorago prozesu eta norabide politiko simetriko/ asimetrikoen aipamenak dion bezala)
Eta alderantziz ere, halatsu izaten da. Hainbat gauza guretzat arrotzak dira. Hainbat egiteko molde konplexu, pisu eta tarteka zentzurik gabekoak, gurera ekartzeko neke diren hein berean. Txikiak garenez, ez gara ausartuko hegoaldekoei iradokitzera gurera egoki daitezen, baina gogoak ez zaikigu eskas batzuetan.

Aipatzen dituzun esperientzien antzekoak konda ditzakegu: arratsaldeko 3ak arte anemiaturik egotea bazkaldu gabe, Donostiara egun pasa joan eta euskaldun pare bat baino gehiagokorik ez kurutzatu, Bilboko hainbat saltegitako eskaparateak ikustean "zaharkitu" sentsazio bat izatea, "bizimodu ultra moderno" baten itxuren gibelean bizimodu arrunt bat kausitzea, ...

Gauza batzuk elkar ezagutzaren mailakoak dira, beste batzuk elkar ezagutzeko gogoaren mailakoak ere, aitortu behar da. Konfiantza, elkar ezagutza eta kolaboraziorako gogoa den lekuetan, gauza handiak eraikitzen dira, egiten dira, desberdintasunak desberdintasun, aberastasunak aberastasun. Sinestea EH bat eta bakarra dela faltsua da. Pentsatzea egun batez hala izanen dela inozentea izatea da. Has gaitezke pentsatzen nola izan daitekeen desberdin. Batzuk horretan ari dira, gutxiegi, diozun bezala hain gutxi ageri eta emaitza meharretakoak dira, baina ari dira.
Eta gogoa dut erraiteko, gauza horietaz guzietaz hainbeste ohartzen denak baduela bere ekarpena egiteko gaurdanik hasiz juntak egiten, pena bailitzateke hobetzekoaz ohartzea eta beha gelditzea.

indezent | 2012-01-12 : 22:52 | #10

Estebe eta B.:

Pozten naiz Iparraldeko jendeak artikulu hau irakurtzea zer sentitu duen jakiteaz eta ados nago zuek esandakoekin. Gustatu zait gainera zuek hona, hegoaldera etortzean antzeko zerbait sentitu duzuela jakitea.

Joan aurretik, jakin banekien, hura ezberdina izango zela Arrasatera joatean ezberdina dela konturatzen naizen moduan baina nire intentzioa zenbait lekuetatik barneratuarazi diguten Iparraldearen ikuspegi idealizatua kritikatzea izan da.

Biok diozuen moduan, ez dago lekuetara joan besterik gehiago ikasteko eta B.k dion bezalaxe, ikusitakoak zerbaitetarako balio behar du beti.

Agur bero bat!

iturrizar | 2012-01-13 : 08:54 | #11

Diozunaren arabera, Hegoaldea ere ez da Euskal Herria.

indezent | 2012-01-13 : 11:05 | #12

Edo ez zaitut ulertu, edo ez nauzu ulertu...

#13 | 2012-01-13 : 15:44 | #13

"Hori ordutegi frantziarra darabiltelako da... Eta guk? Zer ordutegi dugu guk? Euskaldunok? Espainiarra? Eta gurea zein demontre da orduan!"

Euskalduna zu omen zara, eta besteak frantsesak. Edo haiek euskaldunak eta zu espainola?

Zein eztabaida frikia.

indezent | 2012-01-13 : 16:37 | #14

Puuuffff... Pereza ederra ematen dit baten bati erantzutea. Blog honetako mezuak kutu humoretsu eta ironikoa izaten dute. Burutik pasatzakoa azaltzen dute eta ez dute mundua konponzteko pretensiorik. Halakorik eman nahi badiozu, segi itzaletik...

Eta Miren, barkatu, orain arte ez dut zure erantzuna ikusi. Zeinek, norentzat, nola. Ez dut burua hainbetse jaten iritziak idazterakoan. Bakarhizketak dira eta askotan, airera botatako galderak besterik ez (bloga ezagutzen duenak badakie ez dela oso akademikoa izaten...). Hala ere, garbi geratu dadila honek ez zuela zuei erasu bat izan (eta ez dut uste hala ulertu daitekeenik gainera...) eta ez dudala inor epaitu, esan dudan bezala, ezin dudalako ezagutzen ez dudanaz hitz egin. Nire barnean sortutako burutazioak besterik ez ziren.

Hala ere, berriz diot eta eztabaidarekin amaitzeko, asko aberastu nauela Iaparraldekoen ikuspegiak eta horixe dela mezu hau sustatun argitaratzetik atera dudan gauzarik hoberena zalantzarik gabe. Mila esker!

Hostatuan kafetxo bat hartzeko gonbidapena gusto handiz hartzen dut. Gerturatzen naizen hurrengoan agian ;)

kankinkun | 2012-01-13 : 18:18 | #15

autokritika majoa iruditzen zait, hala ere, labana behin ateraz gero hobe barruraino sartzea. ez zait nahikoa iruditzen. gogorragoa izan beharko litzake. norabide bat hartzen du idatziak.Baina harago joateko beharra sortzen du.
Ezberdintasun nabarmenak direla garbi dago.Euskararen ofizialtasuna nafarroan eta iparraldeko 3 eskualdeak,araba-bizkaia-gipuzkoarekin alderatuz gero ezberdintasun garbia ikusten da.
Euskaldun kontzeptua literalki hartuz gero, ez euskal herritar bezala, baizik eta euskara hizkuntza duena bezala, euskaldunok lotsaz esan beharko genuke euskaldun garela. bai iparraldean edota hegoaldean, non egoera politiko-kulturala ezberdina den, eta euskararen inguruko politika ezberdina eta anitza den, euskararen erabilpen maila lotsagarria da.(estatistiken arabera nafarroa eta iparraldean euskaldunen portzentaia askoz baxuagoa omen da ere araba-bizkaia eta gipuzkoarekin)
eguberritako oporraldian nire herritxora bueltatu nitzan (gipuzkoan), ta kalean entzuten nuen hizkuntza castellanoa zen, eta tabernetan ere. eta bertan, indezentek aipaturiko sentipen bera izan nuen.
Euskalduna ez baita euskaldun hutsa. Euskaldun guztiak eleanitzak gara, eta gure bigarren hizkuntza gaur egun erabilgarriagoa da, biztanleri zabalago batera gerturatzen baikaituzte. baina, egunerokotasunean, gure auzoan, herrian edota hirian, errez aldatzen dugu euskaratik beste hizkuntzara, komunikazioa azkarragoa eta errazagoa da eta. erosotasun huraren aurka egin bearko genuke. edo ez al da posible lasai-lasai joan taberna batetara eta "bi garagardo" esan eta keinu batzu egin ondoren lagunarekin pote bat hartzea??

Xabier Euzkitze | 2012-01-16 : 20:59 | #16

Indezent;

Ziur aski, ez zenuen uste zure iruzkina Sustatuk argitara eman eta izan duen oihartzuna eta erantzun samalda izango zuenik, inoiz irudikatu baino neurri handiagoa hartu du. Eta, menturaz, jada bukatua nahi zenukeen eztabaidari jarraipena emango diot. Barka, baina nik ere ez dut zu mintzeko asmorik.

Zure iritziak oker nabari bat du sorburuan, zeuk ere aitortu duzuna: ezjakintasuna. Ez duzu batere zehaztu non ibili zaren, eta funtsezko datua litzateke. Lapurdiko itsasertza -herri batzuk besteak baino gehiago- oso leku turistikoa da, are gehiago eguberri garaian. Leku eta garai hori hartu baduzu erreferentzia bakartzat, makur abiatu zara. Ez dakit nola pentsa dezakezun egun gutxi batzuetan jasotako inpresioek balio dutela bere txikitasunean hain koloretsua eta askotarikoa den lurralde baten diagnosi zorrotz eta gogor hori egiteko. Ez, ez du balio, inola ere ez. Iparraldeko hainbat lekutan, gainbeherak gainbehera, oraindik ere zeure sorterrian baino euskara gehiago entzungo duzu. Horrez gain, erabat gutxietsi dituzula uste dut euskaratik, euskaraz eta euskararen alde lanean diharduten hainbat erakunde, talde eta norbanako: Eusko Irratiak, Sehaska, hainbat arlotako kultur eragileak...

Ikurrinak, lauburuak, edonolako euskal ikurrak, hegoaldean baino gehiago ikusten dira, egia da. Horrek ere baduke azalpena. Beste horrenbeste gertatuko zaizu diasporako euskaldunengana joaten bazara. Distantziak, euren herritik hain urrun egoteak, nortasuna ikurren eta folklorearen bitartez azpimarratzera behartzen ditu. Niretzat, zalantzarik gabe, Ibarla, edo Makea, edo Altzürükü, Beasain bezain Euskal Herri dira. Maluruski, ez dute euskal departamendurik, euskara ez da ofiziala, mila oztopo dituzte zurekin eta nirekin alderatuta. Ez da, beraz, harritzekoa, euskaltasuna beste gisa batez nabarmendu nahi izatea. Ez zenuen inor mintzeko asmorik izango, sinesten dut, baina mugaz gaindikoen euskaltasuna zuk ukatu duzun bezala ukatzea irain hutsa begitandu zait. Etxean zer eginik ez bagenu bezala!

Izan ongi, Indezent!

indezent | 2012-01-16 : 23:17 | #17

Barkatu Xabier baina nik ere ez zaitut mindu nahi.

Benetan uste duzu post honen helburua Iparraldearen radiografia bat egitea zela? Aurretik erantzun diot besteren bati hemen Iparraldearen diagnosi bat bilatzen duena (datu kontrastatuak eta infografia eta guzti) lekuz erratu dela.

Hau blogaren linean doan testu ironiko eta kaskarrabias bat besterik ez da. Galdera bat airera bota nahi zuena eta askok, ulertu dute gainera nahiz eta bertan jartzen zuenarekin ados ez egon. Erantzun horiek izan dira gehien pentsaarazi didatenak eta aberasgarrien somatu ditudanak.

Eta barkatuko didazu baina, Iparraldean Euskararen alde lan eginten duen jendeari errespeturik izan ez diodala diozun horretan... jajajaja Benetan, erantzuteak ere ez du merezi...

Zuk zeuk esan duzu, ezjakintasuna nik neuk onartu dudala. Hortik aurrera beraz, zentzu gutxi diozun guztian idatzian onartzen baita ezjakintasunetik eta lehen bistaiuzo batean izandako ikuskera zela azladutakoa.

Eta bai, nik nahi baino eztabaida luzeagoa izan da azkenean. Ez nuen uste ez Xabier Euskitze bera ere erantzutea iritsiko zenik...

Ah! eta datuak gogoko dituzunez, esango dizut Donibane Garazin hartu nuela hostatu eta Sara, Ainhoa, Senpere eta Kanbon izan nintzela (berriz ere blogean idatzitako zerbaitegatik makur deitu ez nazazun bada ere)

Ondo izan zu ere! Agur bero bat!

Xabier Euzkitze | 2012-01-17 : 11:31 | #18


Indezent;

Ez dizut makur zuri deitu -Jainkoak guarda!-, abiapuntuari baizik. Egiari zor, Iparraldeko euskal nortasunarekiko begirune gutxikoa iruditu zitzaidan zure idatzia. Aitortzen dut okerra nigan ere egon daitekeela, zuen bloga ez ezagutzeak ez baitit, apika, artikuluaren espirituaz jabetzen utzi. Bistan denez, ezagutzarik gabe graziarik ere nekez egin daiteke.

Berriz arte!

indezent | 2012-01-17 : 12:48 | #19

Gaiaren inguruan ezagutza maila handiagoa duen bati ez agian baina ezagutza maila berdina duen bati ziuraski bai... Zer egingo diogu ba? Ezin jende guztiari grazia egin edo gustatu. Zuk ere jakingo duzu zeozer horren inguruan...

Berriz arte zuri ere eta gonbidatuta zaude The Indezents honetan gehiago sartu eta blogaren tonuaz jabetzera ;) Ondo izan!

Idurre | 2012-02-02 : 00:16 | #20

Kaixo Mikel,
beasaindarra naiz zu bezala, baina Euskal Herri ez den Iparralde horretan bizi naiz azken urteetan. Eztabaida amaitu nahi duzula jabetu naizen arren -sentitzen dut,baina oraintxe iritsi naiz post honetara-, ezin diot eutsi gauza pare bat esan gabe:

-Ordutegi kontu tipiko-topikoak gorabehera, eroso, oso eroso, sentitzen naizela ia hasieratik hemen, ziurrenera, inoiz Castron, Bartzelonan edo Logroñon sentitu ahal izango nintzatekeena baino erosoago, aldeak alde, eta asmilizazioaren arrastoak arrasto, hizkuntz-kultur-nortasun eta gogo ezaugarri asko partekatzen ditudalako hemengo askorekin.

-Zuk Iparraldean bezala, nik Beasainen ere askotan sentitu dudala "Beasain Euskal Herria dela entzuten baduzu, ez sinistu, gezurra da".

Hala ere, erritmoekin kontuarekin ados nago, baina ez zuk ematen diozun zentzu berean. Alegia, ez dut uste hizkuntza-kultura-nortasuna hirukote horretan Iparraldeko eremu askotan Hegoaldeko gune ugaritan baino atzerago dabiltzanik. Beste kontu bat da horri ematen zaion tankera eta artikulazio politikoa, eta, horretan bai, horretan zaila da batera joatea.

Erantzun

Twitter ikonoa   Facebook ikonoa  Sartu