Teknologia albisteak

Tolosako Laskorain Ikastolako abesbatzaren CD-DVDa

Erabiltzailearen aurpegia
Laskorain Ikastolako abesbatza
2012-01-14 : 13:01

Tolosako Laskorain Ikastolako neska-mutilek abesbatza jardueraren barnean disko eta bideoklip bat grabatu dute. Egitasmoa ez da halere, musikaren alorrera bakarrik mugatu, baizik eta ikasleek beraiek arduratu dira (irakasleen laguntzaz) diskoaren diseinuaz eta CD-DVDa erabat amaitzeko egin behar izan diren beste hainbat lanez.

Bi urteotan ohiko kontzertu, entsegu eta emanaldiez gain hiru grabazio saio egin ditugu, bakoitza gune eta modu desberdinean, eta orain lan honen emaitza guztion eskura jarri nahi izan dugu.

Halere proiektu honen helburu nagusia ez da CD-DVD honen grabazioa izan. Helburua bidea izan da. Bizitza osoan zehar bidelagun izango dituzten musika eta kantuaren inguruan hasi baino egin ez duten bidea. Etxetik mugitu ere egin gabe beste hamaika mundu liluragarrietara bidaiatzeko aukera emango dien bidearen hasiera. Haur eta gaztetxo hauek gurekin eta guk beraiekin, elkarrengandik ikasten, abian jarri dugun bide zoragarria.

Merkatua, zenbakiak, errendimendua, etekinak eta antzeko kontzeptu neurgarriak modan dauden garaiotan, lan honen bitartez ustez “ezertarako” balio ez duten gauza eta jardueren balioa aldarrikatu nahi dugu.

Sinetsita gaude musikarekin, kantuarekin, eta orohar edozein adierazpen artistikorekin loturiko esperientzia eta bizipenek haur eta gaztetxo hauen hezkuntzan izan beharko luketen garrantziaz. Eta etorkizunean gizaki zoriontsuago, osoago, eta, zergatik ez, prestatuagoak izaten lagunduko dien abentura honetan parte hartu izanak bereziki harrotzen gaitu.

Proiektu honen inguruko informazioa ondorengo blogean duzue eskura.

Eta disko honetarako grabatu dugun bideoklipa ere ikusgai duzue goian itsatsita eta hemengo loturan.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago