Teknologia albisteak
3

Auñamendi Entziklopedia eta Kutxateka, eduki librerik gabeko ondare zabalkundeak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-01-04 : 09:01

Auñamendi Entziklopediak iragarri du "Creative Commons lizentzia" erabiliko duela bere edukietan 2012tik aurrera. Creative Commons ez da lizentzia bat, baizik eta zenbait lizentzia diseinatu dituen erakunde bat, eta horietako bat da Auñamendik aukeratutakoa: Ez-Komertziala; zehazki, zeinak erabilpen librea eragozten duen (Wikipediarako, adibidez). Gipuzkoako Kutxak ere, duela gutxi bere argazki fondoak jarri ditu sarean, are lizentzia murriztaileagoarekin, Auñamendik bezala Creative Commons izena erabili arren.


Manolete eta beste toreatzaile batzuk Eibarren, Indalecio Ojangurenen argazki batean, Kutxatekaren baldintzak bete gabe argitaratua.

Auñamendi Entziklopediarena bere jabeak, Eusko Ikaskuntzak, zehaztu du hemen, Aitortu Ez-Komertziala Partekatu-Berdin lizentzia aukeratu dutela zehaztean:

Lizentzia honek lana partekatu eta jendaurrean hedatzeko eskubidea ematen du, baita lan eratorriak sortzeko ere. Ezinbestekoa da ordea, lanaren egilea eta/edo iturria aipatzea. Horretaz gain, ezin da lan horren (ezta bere eratorrien) erabilpen komertzialik egin eta lana aldatu edo lan eratorri bat sortzen bada, sortutako eduki horren banaketa, ezaugarri berberarekin egin beharko da.

Baldintza horiekin, Auñamendi ez da bateragarria Wikipediarekin eta, Sustatu bezalako blog batean ere ezingo da hangorik kopiatu, hemen publizitatea saltzen baitugu.

Kutxatekako argazkiak

Kutxatekaren kasuan, abenduan jarri zuten sarean argazki fondo eder eta handi hau, milioi erdi inguru irudirekin. Argazki bakoitzaren orrian ez dago lizentziaren aipamenik, ez bada Creative Commons esteka bat, lizentzia zehatzera daramana:

Kasu honetan, are murriztailegoa da lizentzia, Ez Komertzialaz gain, lan eratorriak ere debekatzen baititu. Gainera, Kutxak baldintza gehigarriak asmatu ditu Julen Iturbe-Ormaetxe irakasleak nabarmendu duenez, berez Creative Commons lizentzia horri ez dagozkionak: Kutxaren logotipoa ezarri behar da.

Tamalez, baldintza horiekin ere ezin dugu guk Kutxatekako argazkirik hemen atera. Eta lan eratorririk ere ezin du inork egin, demagun, argazki bat hartu eta koloreztatu jai batzuetako esku-papera bat apaintzeko. Aldiz, Kutxak eskuratua du eskubidea, argazki hau komertzialki horrela erabili edo koloreztatzeko. Esate baterako, Indalezio Ojanguren argazkilariaren fondoak libre eta publikoak egin ziren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bidez, Guregipuzkoa.net webgunean. Baina Kutxateka badaude hango fondoan ez zeuden Ojangurenen argazkiak, hala nola goian itsatsi duguna, toreatzaileen hau.

Argazki zehatz hau ez da librea, eta bai ordea Ojangurenen besteak. Guk, dena den, Kutxaren baldintzak hautsiz atera dugu goikoa, jakinik Ojangurenen artxiboaren parte gehiena, bederen, librea dela.

Lizentzia libreak

Apurtxo bat argitzeagatik, Marko Txopitearen lizentzien semaforoa ekar dezagun:

Azalpen gehiago, hemen. Baina funtsean, gorria eskubide pribatiboak; berdea eduki libreak; eta horiak tarteko zerbait, baina semaforoen kasuan bezala, berdeak igaro esan nahi badu, gorriak bezainbeste gelditu agindua dakar berekin horiak. Txopiteak dioen bezala:

Eremu berdean ez dauden lizentziak ez dira libreak. Ez dago beste bueltarik.

Erantzunak

Luistxo Fernandez
2012-01-04 : 11:37

Irakurri ditut hortik komentario batzuk, intentzio onarekin eginak direla gauza hauek, eta agian ondo esplikaturik, lizentziak egokituko dituztela ondare horien eskubideen oraingo jabeek, Eusko Ikaskuntzak edo Kutxak.


Nik uste dut Eusko Ikaskuntzak eta Euskomediak badakitela lizentzia kontuan sartzen direnean zertan ari diren. Kutxak ere badakiela dudarik ez dut, ze oraintxe baieztatu dit telefonoz Kutxa Fundazioko arduradun batek gaia.


Apropos aukeratu dute lizentzia ez-komertziala eta eratorrien kontrakoa. Hori bai, zehaztapenetan gehitu duten logoaren kontua-eta, hori kenduko dute laster. Baina inork argazki hauek saltzea edo haiekin irabaziak ateratzea, hori ez dute ontzat ematen; ezta ere argazkien gainean manipulaziorik gertatzea. Fondoa Kutxarena da, berak inbertitu du bilketan eta kontserbazioan eta digitalizazioan, eta jabetza horri eutsiko diote orain.


Martxotik aurrera, gainera, inork liburuetarako edo nahi baditu
erabili argazkiak, TIFF formatu kalitatezkoan salgai jarriko dituzte
sarean, online, orain Garibai kaleko beren bulegoetan saltzen dituzten
bezala. Horixe esan dit Kutxa Fundaziokoak.


Hortaz, Indalezio Ojangurenen argazki batzuk libreak izango dira eta Wikipedian azalduko dira, eta beste batzuk ez, ez dira Wikipedian agertuko eta Kutxak saldu egingo ditu gainera.


Txopi
2012-01-04 : 17:41

Aipatua izan naizenez, iruzkuntxo bat egingo dut :-)


Kutxak eta Eusko Ikaskuntzak hautatutako lizentziak, nahiz eta eskubide batzuk baimendu, libretzat ez hartzearena munduan zehar dauden hainbat erakundek erakusten duten adostasunaren fruitua da (semaforoa marrazteko erabilia): Creative Commons bera, FreedomDefined, OpenDefinition eta FSF besteak beste.


Portzierto, Zuzeun ere Auñamendi Entziklopediari buruz mintzo dira (15 iruzkin daude orain).

oier g
2012-01-06 : 10:39

Eta Kajoitxuk zer esango leuke? (iñork eskubidiak izatekotan, harek edo oiñoredekuak)

Nik iñoren obra artistiko bat erostiak ez dau esan gura haren gaiñeko lizentzia pribatibo bat ipiñi neikixonik.

Gaiñera egongo dira argazkixon kopixa gehixagorik be hortik zihar. Harek be ezin erabilli ala?

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago