Teknologia albisteak

Dei Gaztelumendi: "Animazioan, talentua egon badago Euskal Herrian, baina sustapena falta da goi mailako proiektuak gauzatzeko"

Erabiltzailearen aurpegia
Goio Arana
2011-12-19 : 10:12

Milaka bisitari lortu ditu Dei Gaztelumendi marrazkilariaren bideoak. Time-lapse  edo irudi bizkortuen teknika erabilita, oiartzuarrak laburbildu du 11 minutuko bideo batean, 30 ordutik gorako lana duen marrazketa prozesua. Marrazkia kaleratu da Xabiroi aldizkariaren azken zenbakiaren azalean. "Pizti eta pertsonai diseinatzaile" euskaldunak esan digu 3D animazio nazioarteko proiektuetan murgilduta dabilela egun.

Bideoan ikus daiteke artista oiartzuarrak ilustrazioak egiteko erabiltzen duen ohiko modua: arkatzez konposatu, eta, ondoren, ordenagailuaren bidez, margotu. Marrazkia enkargu bat izan da, Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen Xabiroi aldizkariak egina (lehenago ere hitz egin izan da hemen, argitalpen horren gainean). Egileak "post-apocalyptic" giroko ilustrazioa egin du, eta lagun bat izan du gogoan: "marrazkiarekin omendu nahi izan dut istripu batean hanka bat galdu zuen laguna. Bideoa ere, bukaeran ikus daitekeen moduan, berari dedikatu diot".

Ilustrazio bikainak ez ezik, punta-puntako animazioak ere egiten ditu Gaztelumendik. Hartara, 3D animazio egileak munstroak eta pertsonaiak diseinatu ditu Guru Studio eta Arc Productions enrpresetarako. Gainera, gaur egun, pizti eta pertsonaien diseinatzaile nagusia da Carlos Baenak zuzentzen ari den filmean (Carlos Baena da Pixar enpresa ezaguneko animatzaile nagusienetako bat eta Animation Mentor eskolako sortzailea). Gipuzkoarrak, besteak beste, bi webgune hauetan biltzen ditu bere lanak: Deisign.com eta Deigaztelumendi.com.

Gaztelumendik Kanadan egin zituen ikasketak, Sheridan Collegen, Toronton, eta gaur egun Donostiatik bertatik egiten du lan, gertuko eta kanpoko enpresentzako: "Euskal Herrian, animazioan, talentua egon badago, baina sustapena falta da gauzatzeko goi mailako proiektuak. Ilustrazioan eta komikigintzan, ordea, hobeto gabiltza, izan ere, halakoetarako ez da behar izaten horrenbesteko azpiegiturarik".

Bere lanean, "akuilu moduan", Gaztelumendi aitortu du, besteak beste, hurrengo artistak izaten dituela kontuan: Patxi Pelaez eta Xabiroi aldizkariko sortzaileak, edo Sergey Kolesov, Nico Marlet eta Peter de Seve moduko marrazkilariak

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago