Teknologia albisteak
4

Enpresa, sarea eta hizkuntzak: kontu bakarra ala bi kontu?

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Rojas
2011-11-17 : 12:11

Enpresa pribatuek sarean izan beharko lituzketen hizkuntza irizpideen gainean hausnartzen ari dira Emunen, eta datozen asteotan saltsa hauetan mugitzen garen hainbat laguni eskatu digute gure ekarpentxoak egiteko. Gure erakunde edo enpresa sare sozialetan badago, zenbat kontu erabili? Bakarra bi hizkuntzatan? Bat hizkuntza bakoitzeko? Joxe Rojas "Teknopatak" bere iritzia utzi du bere blogean eta Sustatuk hona ekarri CC-by-sa lizentzia erabilita.

Zintzotasun osoz erantzungo dut, etxeko flexoaren argipean jarduteak ematen duen patxada horretatik: ideiarik ere ez. Ez dut uste galdera horrek erantzun bakarra izan dezakeenik. Esango nuke faktore asko hartu behar direla kontuan, eta horien arabera izango dela egokiagoa erantzun bat ala bestea. Erantzuna baino, beraz, galdera gehiago bururatzen zaizkit, zirt ala zart egin erabakitzen lagundu ahal digutenak.

 

Koherentzia kontuak

Sare sozialetan sartu aurretik ere, gure erakundeak hizkuntz irizpide batzuk izango ditu zehaztuta: zer hizkuntzari ematen diogun lehentasuna, laneko hizkuntza zein dugun, kanpo komunikazioan nola jokatu… Sare sozialetan (erakunde gisa) dugun jardunak horrekin bat etorri behar du, finean erakundearen komunikaziorako beste kanal bat baino ez da.

Normalean euskaraz komunikatzen gara egoerak bestela eskatu ezean? Sarean ere halaxe ibiltzea komenigarriena orduan. Bezero edo interlokutorearen arabera jokatzen dugu? Jokaera hori sare sozialetara nola ‘itzuli’ aztertzen jarri beharko gara. Horren inguruan ez dugula batere gogoetarik/erabakirik inoiz egin? Tira ba, aitzakia ezin egokiagoa dugu hau zer hizkuntz jokaera dugun, horrek zer eragin duen, eta ‘arautu’ nahi dugun hausnartzeko.

Abiapuntu moduan, proposamen bat irakurri nion aurrekoan Joseba Kamiori, eztabaidatzen hasteko primerakoa iruditu zitzaidana. Josebak berak aipatzen duen graduazioa ezartzeko eztabaida oso interesgarria izan daitekeela iruditzen zait.

Nolako jarraitzaileak (nahi) dituzu?

How Steve Garfield handles massive followersKomunikazio kontuetan, sarritan entzuten da hartzailearen arabera jokatu behar dela. Gure mezua harengana iristea nahi dugu, eta horrek, noski, gure jarduna baldintzatzen du. Irizpide horretan soilik oinarrituta, honek guztia konponbide erraza du, noski: erdara hutsez aritu eta akabo problemak, euskaldun guztiak erdaldunak ere garenez gero.

Baina honaino iritsi bazara, zuk edo zeure erakundeak hizkuntzarekiko neurri bateko ala besteko konpromisoa ere baduzue, eta konpromiso horrek ere gure komunikazio jarduna baldintzatzen du. Esaten dugunaz gain, nola esaten dugun ere oso garrantzitsua da. Gure mezuak gaztelera hutsez, elebiz ala euskaraz soilik eman, oso ideia ezberdinak zabalduko dituzte edukian bertan azaltzen dugunaz gain. Hizkuntza aukerak berak irudi bat zabalduko du gure jarraitzaileen artean, gutaz zein haiekin izan nahi dugun harremanaz.

Irizpide orokor gisa, euskara soilik erabili ahal den guztietan horren aldeko apustua gomendatuko nuke. Ikasleentzako papergintza materiala saltzen duen enpresa bat bagara, egintzat jo dezakegu gure publiko horrek euskaraz jakingo duela; bai gutxienez twitter bidez eman daitezkeen mezu laburrak ulertzeko beste. Edozein kasutan ere, sare sozialek daukaten abantailarik handienetakoa feedback erraz eta berehalakoa da. Azkar jakingo dugu euskara hutsezko jardunak arazo bat sortu ahal digun, eta arazo hori larria den ala ez.

Nolako mezuak zabalduko dituzu?

Baina jo dezagun erdaraz ere aritzea beste erremediorik ez dugula. Gure xede taldean ez-euskaldunek pisu handia dutelako, Euskal Herritik kanpoko merkatuan ere badihardugulako… Josebak hizkuntza bakoitzak bere kontua izatea proposatzen du, eta komunikazio hutsezko irizpide batetik ikusita erabat lojikoa iruditzen zait: zertarako ‘zikindu’ jarraitzaile ez-euskaldunaren pantaila ulertuko ez dituen euskarazko mezuekin? Edo zertarako bidali euskaldunari mezuak bi hizkuntzatan errepikatuta? Onena eta ‘garbiena’ hizkuntza bakoitzak bere kanala izatea…

Baina planteamendu horretan euskararekiko konpromisoaren aldagaia txertatuz gero, beharbada garbitasun apur bat sakrifikatu dezakegu beste hainbat konturen izenean. Esan nahi dut: sare sozialetan dugun jarduna oso zabala ez bada (egunean bizpahiru mezu gehi, noski, iristen zaizkigun mezuei erantzutea), euskara eta erdara kontu bakar batean uztartzeak ikusgarritasuna ematen dio euskarari. Erdaldunak euskaraz ere mugitzen garela ikusiko du, eta beste jende batek ere gurekin euskaraz jarduten duela. Eta ondo ezagutzen ez gaituen euskaldunak ere euskaldun gisa identifikatuko gaitu, nahiz eta, beharbada, ordura arte gurekin erdaraz aritu den. Zentzu horretan, hizkuntza bakoitzak bere kontu propioa izateak bi hiztun-komunitateen arteko mugak indartzea dakar.

Horrek bere mugak ditu, noski: informazioa asko sortzen badugu eta sare sozialetan mezuak ordu erdirik behin zabaldu behar baditugu etengabe, argi dago bikoizten ibiltzeak kalte baino ez digula egingo. Horrelako kasuetan hizkuntzak banatzea lagungarri gerta daiteke.

Oharrak

Orain arte idatzitakoa gainbegiratu ondoren, kontu bakarraren alde egingo nuke oro har, egingarria eta arrazoizkoa den kasu guztietan (mezu kopuru ez oso handia, publikoaren zati handi bat euskaldun ‘pasiboa’ behintzat…), eta horretarako aukera minimoa ikusiz gero, euskara hutsez gainera. Berriz ere diot: Twitter bezalako sare batean sar daitezkeen mezuak ulertzeko ez da euskal filologia behar normalean; eta Facebook eta enparauetan, gure mezua ulergarriago egiteko irudiak eta bestelako makuluak erabil ditzakegu…

Kontu bakar horretan, gainera…

  • mezuak lehendabizi euskaraz sartuko ditugu
  • euskarazkoak eta gaztelerazkoak mezu banatan, ez biak mezu berean sartuta
  • Google Plusen, esaterako, mezuak zirkuluka banatzeko aukera aprobetxatu ahal dugu euskarazkoak eta erdarazkoak publiko ezberdinetara zabaltzeko
  • garrantzitsuena irudi, bideo edo doinu bat denean, aukera baldin badago euskarazko testu bakar batekin moldatu. “Hona gure etxe berria”, “Egun on”, “Zorionak”… baina baita “Karpeta gorria 10€”, “Disko berria salgai”

Hala ere, zure kasuan kontu ezberdinak behar izanez gero, eman lehentasuna euskarazkoari, eta lehentasun hori era grafikoan islatu. Gauza sinpleak dira: esaterako, euskarazko kontuaren izena ERAKUNDEA izatea, eta erdarazkoa ERAKUNDEA_ES (edo ERAKUNDEA_FR), eta ez alderantziz.

Eta honaino flexoaren epeltasunak logura eragiten hasi bitartean bururatu zaizkidanak. Hasieran esan dudanez, errezeta magikorik ez daukat, eta gainera ez dut uste halakorik dagoenik. Baina zure erakundean honen inguruko gogoeta egiteko denboratxo bat hartzeak seguru ez dizuela kalterik egingo.

Bitartean, ondo egongo litzateke honen inguruko eztabaida zabaltzea. Zuek nola ikusten duzue kontu hau guztia? Esperientziarik bai? Erabili beheko erantzunak hau dena osatzeko (edo ukatzeko!)

Erantzunak

Sustatu
2011-11-17 : 14:33

Beharbada interesgarria da sare sozialen arteko bereizketa ere egitea. Izan ere, ez da berdina blogak nola kudeatu behar ditugun, edo Twitter kontua, edo Flickr... Orain dela gutxi Jaurlaritzak ere aurkeztu zuen antzeko gida edo ideia-bilduma bat: Jaurlaritzaren sare sozialetarako gida: hizkuntza irizpideak. Sustatun bertan eman genuen horren berri. Gizarte-sareetarako komunikazio eta estilo gida bat da eta zati handi bat hizkuntzari dagokiona da. Gainera, atalka dator, dela Twitter, dela Facebook, dela...


Luistxo Fernandez
2011-11-17 : 14:47

Uste dut zentzuzkoa dela Joxe Rojasek esaten duena, eta hain zuzen Eusko Jaurlaritzaren gidak Twitterrerako gomendatzen duena: kontu bakarra erakunde-profil baterako.


Hala ere, bai Jaurlaritzaren gidan zein Joxeren aholkuetan aipatzen da lehenik mezua euskaraz bidaltzeko. Nik uste dut ezetz. Batetik, bota daitezke gauza batzuk erdaraz, eta beste batzuk, desberdinak, euskaraz. Baina gauza bera bi hizkuntzetan esan beharra badago, zera gomendatuko nuke: eduki prest bi mezuak bi hizkuntzetan, orduan bota gaztelaniazkoa, eta jarraian euskarazkoa. Bi tuit euskaraz-gaztelaniaz bota ondoren denbora igaro daiteke hurrengo mezua igortzeko ordua iritsi arte, eta kasu horretan hobeto da Twitterreko zure profilean euskarazko mezua uztea lehena agerian, eta haren azpian gaztelaniazkoa (euskarari preeminentzia eman behar bazaio).


Hori Twitterren. Facebook-en ez daukat oso argi...


Baina komunikazio sozialaren beste alor batean, bereizketa ere beharrezkoa da. Blog batean, aurpegi desberdina eduki behar du hizkuntza bakoitzak, sarrera berezituak, eta bakoitzak bere hari propioa, bere hizkuntzan koherentea. Eusko Jaurlaritzaren gidak horixe zuzen proposatzen duela uste dut, baina gero ez du betetzen bere blog instituzional guztietan.


Juan Luis Azkarate
2011-11-18 : 14:25

Gure kasuan, AZK tik Ternuaren sareak elikatu eta kudeatzen ditugu, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Eta kanal elehirudun bakarrak erabiltzen ditugu, Facebook eta Twitterren, batipat. Hiru arrazoi aipatuko nituzke:


a)logistika: denbora eta lan gehiago eramango luke hizkuntza bakoitzeko kanal bana izateak. Baina, hau baino garrantzitsuagoak dira b) eta c) arrazoiak.


b)Komunitatea: Ternuaren markaren inguruan bildu den komunitatea bakarra da, eta garrantzitsua da kide guztiek elkarren berri izatea eta euren artean solasean aritzea, nahiz Irunen nahiz Kioton egon, hizkuntzaren mugen gainetik. Hizkuntza ezin da aitzakia izan gure komunitatea zatikatzeko


c)marka: Ternuak mundu zabalean saltzen du (Europan eta Asian, batez ere) eta nazioartekotasun honek indar handia ematen dio markari. Sareak nazioartekotasun horri bisibilitatea ematen laguntzen digu, aurpegia eta izen/abizenak ipiniz, gainera.


Nola erabiltzen ditugu hizkuntzak? Ez ditugu mezu guzti-guztiak hiru hizkuntzetan sareratzen, baina hiru hizkuntzek presentzia handia dute sarean.


Twitterren sekula ez dira hizkuntzak nahasten, baina Facebook-en batzutan bai. Noiz? mezua laburra denean, batzutan bi edo hizkuntza nahasten ditugu mezu berean, gai bereko sarrera gehiegi ez errepikatzearren. Testua luzea denean, gehienetan Fbk-eko sarrera bakoitza bere hizkuntzan doa.


Josu Bergara
2011-11-18 : 15:22

Eguerdi on danori,


Gaur goizean honi buruz eztabaidatzen aritu gara gure artean, eta argi ta garbi dugun gauza bakarra da jarrera zein aukera ezberdinak dauden arren, erabakia bezeoaren arabera hartu behar dugula. Batez ere, bere komunikazio estrategian esaten denari kasu egin behar diogula.


Ondorioz, eta galderari erantzunez: kontu bat edo bi kontu? Gure kasuan, bezero ezberdinentzat egiten ditugun proiektuetan aukera ezberdinak hartu ditugu, baina esan beharra dago orokorrean Hego Euskal Herriko bezeroak ditugula, eta kontu bakarra sortu eta kudeatzen dugula. Kontu horretan sartzen dugun informazioa bikoiztuz: euskaraz eta gazteleraz. Askotan esaldi laburrak dira, eta ez dauka zailtasun handiegirik, baina beti saiatzen gara bi "hizkuntz komunitate" hoien errealitatera hurbiltzen. Alde batetik, konpromisoagatik, baina bestetik, komertzialki ere, gure bezeroentzat euskara erabiltzea onuragarria delako (parkaiguzue zintzotasuna, baina hori uste dugu eta hala esaten diegu, agian euskaldunak garelako eta horrela sentitzen dugulako).


Beste alde batetik, kasu batzuetan markak Euskal Herritik kanpo ohikotasunez saltzen dute. Hoietan agian, publikoak oso ezberdinak direla ulertzen dugu eta agian beste profil bat sortu daitekela.


Gure kasua twitterren argi dago. Euskaraz eta gazteleraz kontu bakarra, mezu bakarra, bi hizkuntzetan. tweet euskaraz + tweet gazteleraz.


Facebook-en. Orrialde bakarra, bi hizkuntzetan. Argitalpen bat, bi hizkuntzetan: euskaraz eta gazteleraz.


Azken hilabeteotan horrela gabiz, ez dakigu betiko jarrera izango den, edo aldatuko dugun. Batek daki. Oso interesgarria eztabaida, aurrera.


:)


Josu (Burutü)


Erantzun

Sartu