Interneteko albistegia

Zergatik ez naizen joango MoodleMoot Euskadi 2011ra

Josu Lezameta | Irakaskuntza | 2011-10-19 : 09:10

Aurten HABEri egokitu zaio MoodleMoot Euskadi 2011ren antolaketa eta ostiral honetan bertaratzeko gogo biziz nenbilen, Euskalduntze Alfabetatzearekin, neure lanarekin, lotura zuzena zuelako eta Moodle-rekin lan egiten dudanez, ikasi nahi nuelako nik baino dexente gehiago dakitenengandik.

Baina ez naiz joango.

Eta, zergatik ez naizen joango azaltzen hasi baino lehen, argi utzi nahi dut ez dudala injustoa izan nahi MoodleMoot Euskadi 2011 sustatzen eta bertan aurkezteko hitzaldiak prestatzen dihardutenekin. Jakin dakit, horretan dabiltzan batzuk ezagutzen ditudalako, tonaka ilusio eta lan jarri dutela oraingoan ere, beti bezala. Eurentzat esker ona baino ez daukat.

Baina ez naiz joango, batez ere, iraganean hitz egin beharko nukeelako: guk zera egiten genuen ikasleekin, gure ikasleek zera zeukaten... Ez naiz joango eguneroko jardunean online euskalduntzearen zati bat, ezagutzen dudana, euskaltegi publikoetakoa, amildegira daraman erakundeak antolatu duelako. Amildegira. HABEk, badakit, baditu bi bihotz, dirua banatzen duena bata eta didaktikaz arduratzen dena bestea. Eta bi esku ere baditu, baina -zer egingo zaio- ez du balio esateak ezker eskuak ez dakiela eskuma zertan dabilen

Eta ez naiz joango HABEk eskuin eskua samatik askatzen ez digun bitartean. HABEk ez du zenbait gauza ulertzen, ez ditu ulertu nahi:

  • Ikasleei bakarkako lana aitortzen diela dio HABEk, baina baliabide zehatz batean -Boga-n- egiten duten denbora baino ez die onartzen: euskaltegian prestatutako edo euskaljakintza.com -eko Hot-potatoes motako ariketak egiten ari direnekoa, Photopeach-eko jokoetan edo ikasbil-en ematen dutena, ez. Ez dago denbora hori HABEren aurrean zuritzerik, hori ez da “asistentzia”. Eta bakarkako lana AUTOikaskuntzan, lagunok, oooooso eremu zabala izan daiteke.
  • Gurean, Galdakaoko Udal Euskaltegian, duela urte batzuk astean ordu beteko tutoretza pertsonala ematen genion ikasleari. HABEk behartu gintuen astean ordu erdira jeistera. Eta gero ordu erdi bai, baina astero beharrean hamabostean behin. Irakaskuntza mundukoak ez zaretenok ere ohartuko zarete AUTOikaskuntza sistema batean zein garrantzitusu suerta daitekeen tutoretza pertsonala: helburua/bidea elkarrekin zehaztu, zalantzak argitu, adorea eman...
  • Mintza taldea berezituak (izan) ditugu guk online ikasleekin, maila eta ordutegi desberdinetan, astean ordu betez. HABEtik iradoki digute “ohiko taldeetan” sartzeko online ikasleak astean ordu betez. Porrota, eta honetan dabilenak badaki: astean hamar orduz elkarrekin daudenen artean sar ezazu arrotz bat astean -edo hamabostean- behin ordu betez. Ikaslea alderrai.

Besterik ere egon da: lan karga handitu zaigu irakasleoi, errentagarriak ez garela entzun behar izan dugu ez behin, udalaren desafekzioa... Tira, hori guztia ere irentsiko nuen berriro -ofizioaren ajeak- baina, ikasturte honetan, jakin nahi nuke zergatik, HABEren jarrera online autoikaskuntzarekiko okertu egin da. Are okertu. Ikasleek jada matrikula ordainduta eta ikasturtea martxan jartzekotan gaudela, hara non aldatzen dizkieten baldintzak ikasle, irakasle zein euskaltegiei, “orain horrela da” azalpen bakartzat. Eta hara non Autoikaskuntzaren eta teknologia berrien aldeko apustua egiten ari diren, sutsuki. Hamaika ikusteko jaio gara, baiki.

Eta, jakina, ez dut joan nahi MoodleMoot Euskadi 2011 antolatu duen erakundeari xaboia ematera. Eta batez ere, ez dut nahi -berriro diot- iraganean hitz egin beharko nukeelako: guk zera egiten genuen ikasleekin, gure ikasleek zera zeukaten... Ni harro egon naiz gure euskaltegian eskaintzen genuen zerbitzuaz, haize kontra eskaintzen ari izan garena. Baina orain ezin dut, orain HABEk ez dit uzten, orain ikaslea eta online sistema porrotera bideratzen duena baino ezin dut eskaini. Eta hori behartuta egin dezaket, baina nahita ez.

Eta ez naiz joango.
Josu Lezameta, euskara irakaslea Galdakaoko Udal Euskaltegian.

P.S.Beste leku batzuetan ere izan dituzte antzeko arazoak eta nik baino hobeto azaldu dituzte.

Erantzun

Twitter ikonoa   Facebook ikonoa  Sartu