Teknologia albisteak
3

Steve Jobs, Apple konpainiaren sortzailea, hil egin da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-10-06 : 09:10

Steve Jobs, Apple konpainiaren sortzailea eta bere produktu ezagunenen inspiratzailea, minbiziak jota hil da bart gauez Kalifornian, 56 urte zituela. Bere bizitzako une batzuk bere hitzetan entzuteko, adi Stanford unibertsitatean ohorezko graduazioa jaso zuen egunean, 2005ean eman zuen hitzaldi honi (CC zeinuan azpidatzien hizkuntza alda dezakezu).

Apple konpainia sortu zuen 1970eko hamarkadaren amaieran garaje batean lanean hasita. Apple-ren lehen fasean Macintosh ordenagailuak sortu ondoren, 1985ean kaleratu egin zuten, baina 1996an itzuli eta produktu-sorta berri handi baten irteera zuzentzen hasi zen: iMac ordenagailuak, Mac OS X sistema eragile berritua eta ondorengoak, iPod musika jogailuak, iPhone telefonoak, iPad tabletak, musika eta beste zenbait gai digital saltzeko iTunes denda eta aplikazioa...

Applen egon ez zen bitartean Next konpainia ere sortu zuen eta, batez ere, Pixar estudioak bultzatu zituen, animazio grafikoan maisulanak sortu dituena.

Wikipedian informazio gehiago.

Gaur sarean milaka artikulu eta oroigarri aurkituko dituzue. Googleko langile batek, Tim Brayk, Jobsen ekarpen nagusiak nola laburbildu dituen azpimarratuko dugu guk.

  • Frogatu zuen erabiltzailearen esperientzia dela gehien inporta duena ordenagailuetan oinarritutako produktuak kontsumitzaileari saldu behar bazaizkio. Are gehiago: horrek inporta du, beste guztia orobat hartuta baino gehiago.
  • Software libreko oinarrien gainean eraikiz, produktu mundial eta dotoreak sortu zituen.
  • Espezifikazioen obsesioak gidatzen zuen kontsumoko elektronikaren munduan, diseinu industrialaren balioak sartu zituen.
  • Telefono konpainiek gailu mugikorretako softwarearen mundua itota zeukaten, eta hori hautsi zuen.
  • Media konpainiek musika saltzeko zuten monopolioa hautsi zuen, eta bide batez, bit-bilduma gisa prozesatu daitekeen baliozko edozerren gainekoa ere bai.

Erantzunak

edu Lartzanguren
2011-10-06 : 13:09

Steve Jobs, zeruetan zarena: Irudi honekin laburbiltzen dut Applerekiko dudan jarrera. Eskerrik asko diseinu industrialarengatik, gailu politengatik, eta ergonomiarengatik… Baina utikan Appleren totalitarismo jatorrista, neure gailuarekin egin dezakedana murrizteko neurriak, eta euskararen aurkako jarrera. Mac OS-en oinarrian software askea badago, itzuli askatasuna. Beraz, nire Macbook zaharra, Linuxarekin aske (eta euskaraz).

macbookubuntu

artsuaga
2011-10-06 : 13:38

Guztiz ados edu.


Eta Macbooka bakarrik ez, iPod zaharra ere bai, Rockboxarekin, euskeraz eta gainera software librea.


Sustatu
2011-10-06 : 14:25

Artsuagak eta Eduk diotenaren haritik, gogoratzekoa da Applek Mac OS X sistema eragilean euskara debekatu zuenekoa.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago