Teknologia albisteak
10

Ikasi euskaraz, baina kontuz norekin!

Erabiltzailearen aurpegia
Erbestetik
2011-09-21 : 18:09

Euskara ikasle atzerritar agurgarria. Euskaldun batekin hizkuntza-tandem bat egin nahi baduzu, aurrera. Baina kontuz! Euskaldunak, kontrakoa frogatu ezean, terrorismo delitu potentzialen errudun gara-eta.

Hori da, eufemismorik gabe, Tandem (euskal!) fundazioak euren web orrian dakarren aholkua. Bejondeiela!

Tandem fundazioak egoitza nagusia Donostian du eta hizkuntza trukeak eskaintzen ditu mundu osoan: "Zuk niri ikasten laguntzen didazu eta nik zuri ikasten laguntzen dizut, horrela hobeto ulertuko dugu elkar".

Hizkuntza horien artean, noski, euskara dago webguneko eskuineko zutabean, Learning Basque Euskarazko bertsioan ez da hala, baina ingelesez ohar ttiki bat idatzi dute euskara ikasi nahi dutenendako (zutenendako?):

"Please Note! We point out expressly that the Basque Country is an exceptional case and contacts with unknown people should be handled with caution . The rule "innocent until proven guilty", as is common in Western Europe, does not always apply in the Basque Country.

Alegia:

Kasu, arren. Euskal Herria aparteko kasua da eta ezagutzen ez duzun jendearekin tratuan kontuz ibili beharko zenuke. Mendebaldeko Europako araua, "errugabea erruduntasuna frogatu arte" ez da beti aplikatzen Euskal Herrian.

Erantzunak

Benito
2011-09-21 : 19:48

Oharraren azpian lotura badago ("for further information") aholkua ilustratu-edo egin nahi duena. Gabi Kanze izeneko bati gertatutakoa kontatzen du. Bartzelonan komando batzuek erabili zuten pisu baten kontura atxilotuta amaitu zuen Kanzek 2002an. Eta kasu hartatik atera dute euskaldunok berez errudunak garen ondorioa, antza. Komandokideekin mintza-praktikan ibili zen ez da argi geratu dena den. Enpin....

Luistxo Fernandez
2011-09-22 : 11:10

Arrazoi izango du Benitok 2002ko kontu bati egiten diola erreferentzia parrafo triste horrek, baina egiazki, lehenagokoa dirudi webguneak, joan den gizaldikoa argi eta garbi.


Horrez gain, idatzi duten hori tristea, injustoa eta salagarria da, baina egia paradoxiko bat ere badakar. Egia da Euskal Herrian Mendebaldeko Europako estandarretatik aparte bizi garela, ez dela aplikazten printzipio hau:


Errugabea, erruduntasuna frogatu arte.


Agian kontrakoan gaude hemen:


Erruduna, errugabetasuna frogatu arte.


Eta hori ere... nago ni, hori baino erradikalagoa dela egoera. Errugabetasuna ageri-agerikoa dela frogatu ondoren ere, erruduntzat jotzen dituzte hemen gure herrikide batzuk (18/98, Bateragune...). Akaso ez den honela..,


Erruduna, erruduntasuna frogatu arte.


Alegia, euskaldunak, beti errudun, prozesua hasi baino lehen, eta ondoren ere bai.


Edu Lartzanguren
2011-09-22 : 11:44

Tandem fundazioa Euskal Herrian sorturiko ekimena da. Jürgen Wolf alemaniar-euskaldunak asmaturikoa. Hari zor diot neuk, esaterako, Hanburgon alemanera hobetzeko ikastaroak egin izana, horiek ordaintzeko baliabiderik ez nuenean. Beti eskertuko diot hori Tandemi. Ez zait zuzena iruditzen hemen egiten ari den irakurketa. Ez da Tandem euskaldunon erruduntasun presuntzioa plazaratzen duena. Tandemen oharrak Espainiako justiziaren jokabideaz ohartarazten ditu ikasleak, aurrekariak daudelako, besterik ez.

Luistxo
2011-09-22 : 12:47

Arrazoia duzu agian, Edu. Baina Espainiako Justiziaren jokabideaz badihardute, argiago idatz zitekeen, akaso, diot nik. "Espainiako Justizia" berbak aipatuz, esate baterako. Ingelesa ez da ez haien ez gure lehen hizkuntza, ezta? hori izango da igual...


Dena den, Tandemek idatzitakoa "salagarritzat" jo dut gorago, eta barkamena eskatu nahiko nuke, gaizki ulertu dut


Iñaki
2011-09-22 : 12:49

Egia esan ez diote euskaldunak errugabeak ez direnik kontrakoa frogatu arte baizik eta Euskal Herrian zuzenbide printzipio horrek ez duela balio; ondorioz, hori bai, euskaldunekin tentu handiz ibiltzeko. Ez da gauza bera baina PROTESTA MEREZI DUTE GU MARKATZEAGATIK ETA IZUA ZABALTZEAGATIK.



Lotsagarriro traketsak (edo koldarrak, edo biak batera) dira hau idatzi dutenak zeren EGIN NAHI (edo behar) DUTEN SALAKETA ESPAINIAREN JUSTIZIAREN KONTRAKOA OMEN DA; irakasle alemaniarraren istorioa irakurriz gero nabarmena da hari ez diotela aplikatzen errugabetasun printzipioa.



Alemanezko "Achtung" oharrean Euskal Herrian salbuespen egoera dagoela esaten da eta nolabait egoera politikoaz ari da eta zuzenbide arau europarrek hemen ez dutela balio. Halamoduzko salaketa, ohar paranoikoarekin batera: Hobe esan izan balute Espainian ez dagoela errugabetasun presuntzioa, zeren alemaniar gizajoari gertatu zitzaion hori ...Madrilen izan zen!! Bestalde ez da salaketa bat euskaldunekin kontuz ibiltzeko abisua baizik; kontua da ematen duela euskaldunekin ez duzula fidatu behar. Azken batean ematen du mundu osoak darabilen interpretazioak dirauela hauen buruan: poliziak eta gobernuak injustiziak eta gehiegikeriak egiten baditu hiritar errugabearekin (aleman hura, kasu) zenbait terrorista eta gaiztoengatik dela eta beraz justifikatuta dagoela.



Merezi dute bai, gure protesta gauzak esplikatzeko moduagatik, horren ondorioz EUSKALDUNETAZ EZ FIDATZEKO ESATEN BAITUTE, HEMEN PAIRATZEN DUGUN INJUSTIZIA SALATU ORDEZ.



Garbi utz dezaten eta ez daitezen herri oso bat (euren herrikideak agian) kakazten ibil!!!

Benito
2011-09-22 : 13:13

Kontua ez da zer esan nahi den, irakurtzen duenak zer interpretatzen duen baino. Neu ere harritu naiz apur bat Tandem Fundazioari hori irakurrita haren berri apur bat izanda, baina okerreko irakurketa guk egin badugu, pentsa zer irakurketa egin dezaketen Tandemen web horretan sartzen diren askok. Hemendik kanpokoak eta ez leku berekoak, ingelesez eman den gomendio bat ulertu eta interpretatzeko gaitasun maila ugarikoak, gure testuinguru sozio-politikoaz ezagutza desberdinekoak, txikia kasu askotan. Ingelesezkoaren azalpena beste bi hizkuntzatan gainera: alemana eta gaztelania.

Asmoa zein den ere, gurera hurbiltzera animatuko ez duten interpretazioak egitea erraza dela esango nuke.

edu Lartzanguren
2011-09-22 : 13:47

Ados, izan gaitezen positibo. Hobe dezagun Tandemen "disclaimer" hori:



"The rule ‘innocent until proven guilty’, as is common in Western Europe, is not always applied by the Spanish Judiciary in the Basque Country."



Orain pentsatzen jarrita... Ez dut argi gogoratzen neuk ere ez ote nituen eraman nire tandem-bikoteak tragoska bat hartzera Herriko Tabernaren batera...

Tandem Fundazioa
2011-09-22 : 23:57

Jürgen Wolff naiz, bidaian nago eta ez daukat luze idazteko aukerarik. Bi orrialde egin genuen kanpotarrek euskare ikasteko animatzeko, eta oharra jarri muntai polizialetan ez erortzeko, gure irakasle bati gertatu zaion bezala. Bere kasua ere jarri genuen. Mesedez irakurri dana interpretaziak egin baino lehen, gaizkiulertuak ekiditzeko.

Erbestetik
2011-09-23 : 10:42

Eskertzen da azalpena Jurgen. Web orrian azaltzen den oharra berridaztera animatzen zaitut (Eduk bota du proposamena), behin, birritan eta hirutan irakurrita ere esaten duzunaren kontrakoa ulertzen baitugu askok. Ondo segi eta animo

Jürgen Wolff
2011-09-26 : 12:14

1-Tandem Fundazioan (eta lehen Tandem Kulturarteko Elkartean) daramagu 1988tik euskara sustatzen, proiektu anitzen bitartez: "Alemana euskaraz" ikastaroak, "Alemana euskaldunentzat" liburua, "Mugaz Gain" iparralderekiko elkartrukeak, bisita gidatuak kanpotarrentzat, euskararen erabilera indartzeko tailerak. Erakunde txikia eta autofinantziatuta gara, publizitatea egiteko tresna handirik gabekoa, baina gure ikasleek badakite ongi zein den gure euskararenganako joera. (Eta ikasle ohi bat zen eztabaida honetaz berri eman diguna.)

2- Ildo horretatik, "tandem elkartrukeak" antolatzen ditugu, bi hizkuntz desberdinetako pertsona elkarri bere hizkuntza eta kultura erakusteko. Pertsona horiek irizpide batzuen arabera aukeratzen dira ( http://www.tandemcity.info/formacion/eu30_tandem-behar,%20galderak.htm ) eta ez dira ezezagunak, hots, ezezagunei buruzko oharra ez dauka zerikusirik beraiekin.

3- Ohar hori interneten sartu behar genuen Tandem Barcelona irakasleetariko baten atxiloketarengatik. Lehen egileak ez du ohar osoa kopiatzen, falta zaio bukaera: "For further information see (= informazio gehiagorako ikusi): http://gabi_kanze.tripod.com " eta esteka honetan zehatz mehatz gure lankideari gertatutakoa azaltzen da. Ez dago arriskurik kanpotarren artean euskaldunei buruzko aurreiritsiak sortzeko, estekak deskribatzen dena da estatu espainolaren funtzionamendua. Irakurri zuk zeuk gaztelerazko bertsioa estekan.

4- 23 urte euskararen alde lan egin ta gero, tamalgarri xamar iruditzen zait norbaitek zita bukatu gabeko baten bitartez euskalgintzan horrelako xurrumurruak sortzea. Asmakizunak eta burutazioak zabaldu baino, egokiago iruditzen zait testuaren egileei idatzi eta galdetu. Gure helbide elektronikoa orri berberan dago.

5- Egoera politika aldatzen ari eta gure lankidea espetxetik atera denez, ohar horri hurrengo web gaurkotzearekin ken daiteke, baina oraindik aste batzuk mantenduko dugu, edozeinek irakur eta iritsi propioa egin dezan.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago