Teknologia albisteak

Sexu-zalantzak

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi, xme
2011-09-18 : 17:09

Gaur emango diote Donostia Saria Glenn Close aktore estatubatuarrari, eta aitzakia horrekin eman dute sail ofizialean (bestela ez baitzukeen halakorik merezi) Albert Nobbs, Rodrigo Garciak zuzenduriko filma, gizonezkoz mozorroturik bizi den emakume bati buruzkoa; horrez gain, Take this waltz film kanadarra ikusi dugu, maitasun triangelu baten gainean Sarah Polley kanadarrak egina. Aurrena lehiaz kanpo dago, eta bigarrena, berriz, sarietarako hautagai sendoa iruditu zaigu.


Sarah Polley, Take this waltz-en zuzendaria, Donostian. Antolakuntzak banatua.

Albert Nobbs

Albert Nobbs

Bizimodua ateratzeko gizonez jantzi behar izan duten emakumeak ugari izango ziren historia osoan, bestela ez zitzaizkigun iritsiko Neskatxa soldaduarena bezalako baladak, edo gure Katalin Erauso bezalako pertsonaiak. Zineman ere trabestismoak beti eman du jokoa: oroitu Sally Potter-en "Orlando", esaterako, nahiz eta famatuenak emakumez jantzitako gizonezkoek egin dituzten, hala nola "Tootsie" Dustin Hoffmanekin, edo "Mrs. Doubtfire" Robin Williamsekin.

Glenn Close da Albert Nobbs, hotel batean zerbitzari lanetan dabilen "gizonezko" faltsua, bizimodu guztiz grisa daramana, bera bezain grisa, eta xuhurki pilatzen doan txanponekin egunen batean dendatxo bat erosi nahi lukeena. XIX. mendeko Dublingo girotzea bikaina da, baita bigarren mailako aktoreen casting osoa ere. Aldiz, filma bera hotzegia suertatzen da; zuzendariaren hautua izango zen istorioari txiribueltarik ez bilatzea, edo Glenn Close-k interpretazio guztiz hieratikoa egitea, pertsonaia gazbako, beldurtu eta psikikoki irendu horri dagokion moduan, baina halaz guztiz erakarpen gutxi du pelikulak, protagonistarekiko mitomania eta balizko glamour-a ez bada.

Nola maitatu aldi berean bi gizon...

... eta ez erotu? Horra kantak zioena, apur bat aldaturik. Beste kanta ospetsu batetik hartu diote izenburua Leonard Cohen handiari, eta abestiek oro har leku nabarmena dute "Take this waltz" filmean. Margotek (Michelle Williamsek primeran jokatutako rola) Daniel ezagutuko du bidaia batean, eta bien artean berehala sortzen da halako sinpatiazko lotura bat, jarraipen sexuala ere izan lezakeena. Baina Margot ezkonduta dago, eta zinez maite du bere senar Lou. Baina Daniel ere txoroki maitemindu da, eta, kasualitatea, Margoten etxe parean bizi da bera ere.

Milaka triangelu istorio ikusi ditugu zineman; zaila da ezer berririk egitea, baina aktore gisa ezaguna zen eta orain zuzendari moduan datorren Polleyk asmatzen du bereari nortasuna ematen, komedia tonuan kontatuz baina txorakeriarik gabe, bizitzako korapiloak erakutsiz baina sermoirik bota gabe. Sentiberatasunez beteriko film eder eta atsegin bat, gomendatzeko modukoa.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago