Teknologia albisteak

Zer gertatzen ari da Twitter-ekin?

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2011-07-28 : 11:07

Orain pare bat urte, bazirudien Twitter izango zela hurrengo asmakizun handia, eta Facebook nahiz Google ere kolokan jarriko zituela. Gaur egun, ostera, 200 milioi erabiltzaile ditu, baina beste biek baino irabazi askoz apalagoak. Gainera, bere hiru sortzaile ezagunenek utzi egin dute ia erabat konpainia. Hori gutxi balitz, aurkari gogorra plazaratu zaio: Google+

Sortzaileek, ospa

Sortzaileek, ospa

Newsweek aldizkariaren arabera, azkena hanka egiten Biz Stone izan da. Iragan ekainean iragarri zuen Obvious enpresara joango zela, bertan Evan Williams adiskidearekin elkartzeko, Twitter-eko beste sortzailetako bat. Hirugarrena, berriz, Jack Dorsey, Square enpresa hasi berrian ari da, nahiz eta ordu batzuk Twitter-en egiten dituen. Nork gidatzen du, orduan, konpainiaren lema? Dick Costolok, berau Google-tik ekarria orain asko ez dela.

Twitter vs. Google+

Googlek sortu bide zuen Google+ aurre egiteko Facebook sare sozial arrakastatsuari. Hala ere, Dan Lyons kazetariaren arabera, Google+en arrakastak (20 milioi erabiltzaile omen ditu, hor nonbait) lehenik beste biktima bat izan lezake: Twitter.

Artikulugileak konparatzen du Twitter beste garai batzuetako izar distiratsuekin: AOL eta MySpace, biak ala biak hutsaren hurrengo gaur egun.

Baina zertan da hobea Google+ Twitter baino? Hona hemen zenbait puntu, egilearen iritziz:

  1. Google+ erabiltzen duzunean, zure mezuek ez dute zertan mugatu 140 karakterretara, hortaz, ez duzu i2li behark direnak & ez direnak idazten, # horretara iristeko
  2. Baten batek erantzuten dionean zure mezu bati, erantzuna agertzen da justu zure mezuaren azpian. Twitter-en, ostera, RTak ikusten ibili behar duzu, erantzunak sakabanatuta agertzen dira-eta, harian zehar.
  3. Google+en zirkuluek irakurketa-esperientzia hobea eskaintzen dute, bertan mezu bat argitaratu aurretik erabaki dezakezu-eta nork irakurriko duen mezua, mundu guztiak ala halako edo bestelako zirkulutan daudenek soilik.
  4. Google+en argazkiak eta bideoak askoz modu naturalagoan agertzen dira, hirugarren aplikazioen beharrik barik.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago