Interneteko albistegia

Euskalterm, sareko bertsio berria

Sustatu | Hizkuntza | 2011-05-31 : 12:05

Eusko Jaurlaritzak sareko Euskalterm hiztegi eta datu-base terminologikoaren bertsio berria aurkeztu zuen atzo. Baina, era berean, bertsio zaharrak sarean jarraitzen du. Bertsio zaharrera eramaten dute oraindik Euskalbar tresnako bilaketek, baina uste dugu moldatuko dutela.


Argazkiak.org | Euskalterm 2011ko bertsioa © cc-by-sa: herri.admin

Euskalbar gehigarriak funtzionatzen du Firefox-en termino bat bilatuta URL helbide zehatz batera eraman zaitzakeelako. Adibidez:

URL horretan, cepillo kendu eta jarri martillo, eta beste emaitza bat duzu. Euskalterm berrian ere aurkitu ditugu URL hauek nola sortu, honela:

Euskalterm berria atzo aurkeztu zuten Bilbon ekitaldi batean. 14 hiztegi terminologiko ere aurkeztu zirela jakinarazi zuten han, prentsa-oharrak dioenez, hauek dira: 1) Hipermerkatuetako Produktuen Hiztegia. 2) Kirol-materialen Hiztegia. 3) Merkataritza-guneetako Errotuluen Hiztegia. 4) Bulego-materialen Hiztegia. 5) Oinetakoen Hiztegia. 6) Iturgintza Hiztegia. 7) Lanbideen Hiztegia. 8) Norbere Irudia, Ile-apaindegiak eta Estetika Hiztegia. 9) Irudia, Ikus-entzunezkoak eta Soinu Hiztegia. 10) Soziolinguistika Hiztegia. 11) Bulegotika Hiztegia. 12) Toki Administrazioaren Hiztegia. 13) Datu babesaren Hiztegia. 14) Laburtzapenen Hiztegia.

Uste dugu hiztegi hauek guztiak Euskalterm datu-baseetan sartuta daudela jada, zerrenda honen arabera.

Era berean, terminoen fidagarritasuna adierazteko mailakatze bat dauka Euskalterm berriak. Honako hau:

  • 0 Baztertu beharreko terminoa (Terminologia Batzordeak onartzen ez duena)
  • 1 Termino erabilia (Terminologia Batzordeak aztertu gabea baina besterik ezean erabiltzen dena)
  • 2 Termino proposatua (adituek proposatua baina oraindik Terminologia Batzordeak normalizatu gabea)
  • 3 Termino onartua (baina ez lehenetsia, beste bat gomendatzen delako)
  • 4 Termino behin-behinean normalizatua/gomendatua (Terminologia Batzordearen onespenaren zain)
  • 5 Euskara Termino normalizatua/gomendatua.

Azken maila horrekin, ikono hau ere bai:

Hitz batzuk bilatuz aprobak eginez, maila goren hori duten asko topatu ditugu, baina beste zenbakiak ez zaizkigu azaldu... bai ordea, zenbaki-oharrik (ezta zero ere) ez duten terminoak.

Erantzunak

Alex | 2011-05-31 : 17:12 | #1

Interfaze zaharrak klik bakarrean aukera ematen zuen jakintza-arloa bat hautatzeko edo bilaketa orokorra eta gero emaitza guztiak agerian uzten zituen, berrian ordea banaka banaka egin behar da klik emaitzak ikusteko. Espero dut Euskalbarrek interfaze zaharra mantentzea.

Iñaki+g | 2011-05-31 : 17:39 | #2

Interfaze berria Euskalbarren bilaketa konbinatuan integratzea zailagoa ematen du, Alexek komentatu duen moduan bilaketak ez dituelako zuzenean emaitza guztiak ematen, ezta bilaketako terminoa eta Euskaltermeko sarrera %100ean bat datozenak ere.
Interfaze berria ez da oso intuitiboa alde horretatik, baina bestalde interfaze berria denbora errealean eguneratzen da, eta zaharraren azken eguneraketa 2009koa interfazeak berak dionearen arabera...

Jon | 2011-05-31 : 19:40 | #3

Euskalterm berria probatu ondoren nire uste apalean aurrera egin beherrean atzera eginda, eta nabarmen... Erreza zen bat aurreko web gunea hobetzea... Termino bakoitza ikusteko klik bat? Baina nori bururatu zaio.. Diru-publikoa xahutzea hain erreza izanik...

Garazi | 2011-06-01 : 00:34 | #4

Itzultzailea naiz eta Euskalterm lanerako erabiltzen dut egunero.Termino bat bilatzerakoan, adiera guztiak begi-bistan izatea da nik behar dudana, bilaketa azkarra egin ahal izateko, eta terminoz termino begiratu beharrak izugarrizko denbora galtzea eta atzerapena da niretzat. Gainera, bertsio berri honek ez du Euskalbar-ekin funtzionatzen, eta hor kontsultatzen dudan informazioa UZEIk lasai asko esaten dit Euskalterm zaharra dela, 2009tik ez duela eguneratzen eta ez duela eguneratu behar. Hau da hau laguntza itzultzaileontzat!

Erantzun

Twitter ikonoa   Facebook ikonoa  Sartu