Teknologia albisteak

Bost urte bete ditu Twitterrek

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2011-03-21 : 13:03

Gaur bete ditu Twitterrek 5 urte. Eta duela 4 urte, Twitterrek urtebete zuela, horrela azaldu zuen Sustatuk Twitter zer zen:

Modako web aplikazioa da: Twitter, mikrobloga egiteko, kontaktu sare bat izateko, SMS eta web formatuen artean esperimentatzeko... Dagoeneko bada euskaldunik egunero erabiltzen duenik.

Tuiterlari euskaldunak bazirela albiste zen orduan. Eneko Astigarraga eta Haritz Rodriguez aipatzen genituen orduan, eta orain ehundaka erabiltzaile euskaldun daude Twitterren, tartean Sustatu.

Joxe Aranzabalek Mashable albistariak garai hartan Twitterren arrakasta deskribatzeko egindako kronologia hau aipatu zuen:

  • 1999 (Blogger). Esan beharra diot norbaiti nire katuak egin duen hori.
  • 2004 (Flickr). Hara, katuen argazkiak!
  • 2005 (YouTube). Katuen gaineko bideoak!
  • 2007 (Twitter). 13:00 Nire katuak doministiku egin du. 13:02 Katuak berriro egin du doministiku. 13:04 Oraingoz ez du doministiku gehiagorik egin. Kezkatzen hasi naiz.

Tresnak zertarako balio zuen oso argi izan gabe, Sustatun eta Zabaldun lehen inpresio batzuk jaso ziren. "Agian huskeria, agian interesgarria" aipatu zuen Luistxok. Lau urteren ondoren Interneteko elkarrizketaren zati handi bat irentsi du Twitterrek, eta bertan ez dagoena komunikazio fenomeno eta informazio tresna interesgarri batetik kanpo dago.

2010ean Sustatuko bisitarien %5 inguru Twitterretik iritsi zen, baina Sustaturen informazio iturri garrantzitsua ere bada Twitter gaur egun. Albiste asko Twitterren ikusi ondoren iristen dira Sustatura.

Ez bazaude oraindik Twitterren, erraza da tresanrekin bat egitea. Sortu kontu bat Twitterren, jarraitu beste zenbait pertsona edo erabiltzaile, Sustatu adibidez, eta hasi zu ere tuiteatzen.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago