Teknologia albisteak
7

Martxoaren 8ko Emakunderen kartela: begietara begiratu

Erabiltzailearen aurpegia
Elena
2011-03-09 : 13:03

Emakumeen eskotea: Emakundek aurten martxoaren 8rako atera duen kartelaren lehengo begi bistan antzematen dena. Egin dugu inkesta txikia inguruan, eta galdetutakoen 100tik 98ak kartel horretan lehenengo nabarmentzen duena eskotea da. Lehenik laugarren agertzen den emakumearen eskotea, ondoren hasierako biena. Hirugarren emakumearena ez, hari ez zaio eskoterik ikusten, izan ere hark paparra ongi estalita agertzen du. Behar bada 60 urtetik gorakoa delako? Behar bada eskotea emakume gazteagoek soilik erakutsi dezaketen zerbait delako?


Argazkiak.org | Emakunderen kartelean eskoteak © cc-by-sa: herri.admin

Badirudi emakumeek kartelean hartu duten hurrenkera eskotearen araberakoa dela: kartela 20 urteko neska gaztearen eskote iradokitzailearekin irekitzen da, eskote horrentzako da lehen planoa, neska soslaiez egon beharrean apur bat ikusleari begira agertzen da. Ondoren, bigarren emakume eskoteduna, soslaiez. Hirugarrenik, emakume adinduena, jertsei gris oro estalgarri batekin, gutxien ikusten den emakumea. Eta ilara bukatzeko, kartela ixten duena, emakume gazte jakaduna, jaka itxita baina bularraldean irekita, justu barruko top estuarieta eskote zabaldunari esker bularra ondo nabarmentzen duena.

Lau emakume eta hiru eskote. Zalantza barik, eskoteak wonderbraren ondorengoak diren push up bularretakoez nabarmenduta. Wonderbra bularretakoa iragartzeko ezaguna egin zen Eva Herzigova modeloak eginiko iragarkia 1994ean: "Begiratu begietara. Begietara esan dut". Urte haietan wonderbra, titiak elkartu eta altxatu egiten zituen bularretakoa, famatu egin zen oso. Gaur egun wonderbra gaindituta dago, eta bularretako gehienak titiak elkarte eta altxatzeaz gain, bete egiten dituzte, zaila baita oso errellenorik gabeko bularretakoak topatzea. Euskal blogosferak, hemen eta hemen, jaso du emakume askorentzat kezka den hori: bularretako lodi eta deserosoak erabiltzeko moda hori.

Emakunderen kartel honek emakumeontzat oso deserosoak diren bi egoeren aldarrikapen ez hain subliminala egin du: sarritan emakumeak wonderbraren aspaldiko lelo horren arabera tratatzen direla. Baina lasai, bakarrik adin batera iristen garen arte, adinduak estalita, eskoterik eduki ere ez daukatelako. Aldarrikapen eskasa Emakunderena oraingoan.


Argazkiak.org | Martxoak 8, 2011, Emakunde © cc-by-sa: herri.admin

Erantzunak

Nahiaetaezina
2011-03-10 : 00:09

Kartela ikusi gabe nuen... zalantzarik gabe... lotsagarria.

inge
2011-03-10 : 10:51

Niri beste zerbaitek izorratzen dit. Ta da orokorrean Emakunderen karteletan agertzen diren emakumeek amargatu itxura dutela. Kartel honetan lehen planoan dugun neskak, agian irrifar ia ikusezin bat egiten du, baina besteek? Oraintxe lehengo urteko kartela ikusi degu eta hori bai amargatu itxura. Emakumeak gara, feministak. Borrokatzen degu, eta ez GAUDE AMARGATUTA!

zaloa
2011-03-10 : 13:21

ni oso matxista naiz itxuraz. nik ez ditxut eskotiak ikusi baña ikusiko nitxuzke neskak sexualki gogoko banitxu, eta zer?

naguzienak ez duela eskotetik? eta zer? emakume seguro eta indartsu bat dirudi. erabakiak eta arropak bere kabuz aukeratzen dituen hoietako bat, beste hirurek bezala.

Eskote hoiek ez dira Wonderbra daraman emakume batenak eta hala balira, zer?

neri gustatzen jataz eskotia luzitzen ditxuzten emakumiak...nik begixak luzitzen ditxut politxauak ditxudalako titixak baño...

Joseba E.
2011-03-10 : 14:20

Emakundek, bere burua eta agintean daudenen buruak zuritzeko baino balio ez duten gatzik gabeko mezu orokorrak gizarteratu beharrean, hobe zabalduko balu ekintza eta mezu konkretuagoak, adibidez, alarguntza pentsio mixerableekin aurrera egin behar duten emakumeen alde.


asier
2011-03-10 : 14:47

Ño! Ba, nik ez dot eskoterik ikusten! Ez, behintzat, eskotiak bakarrik. Eta ez jataz larregiko eskotiak iruditzen. Eta ez dot ikusten amargatu arpegirik. Eta horko emakumien janzkerak normal-normalak beittantzen jataz; gaur egungo moda normala. Eta normala da 50 urteko batek eta 25 urteko batez desberdin janztia. Eta ez dot ikusten adin diskriminaziñorik (4 emakume, eta 3 belaunaldi). Eta...


Baiña tira, biharbada emakumia izan bihar da kartel batian hainbeste ñabardura ikusteko. Badakizue gizonezkuak (edo batzuk, behiñipein) zelako xinpliak garan.


Lox
2011-03-10 : 21:24

Kartel batek hainbesteko zalaparta eragiten badu, ea ondorengo bideoak zer eragiten duen:



http://www.youtube.com/watch?v=AgG_k81XD7I

Gara
2011-03-15 : 06:03

Desde luego, emakumeen kontra eman dezakegun mezu okerrena eskoteak jartzea gaizki dagoela da. Ei, baina ze mendetan bizi gara eskoteak kritikatzen hasten bagara. Nik eskotea erakusten dut, oso harro nagoelako daukadanarekin, edo lotsatu eta tapatzen hasi behar dut, neskak? Baina mezu hauetako gauza lotsagarriena horretan tematzea da dudarik gabe. Benetan uste duzue eskoteak direla emakumeok izan behar dugun ardura? Emakumeen gaiari buelta pare bat eman eta diskusioa bideratu, aizue. Horrelako eztabaidekin ez goaz bide onetik, inola ere ez!!

Erantzun

Sartu