Teknologia albisteak
1

Telefonoaren titular aldaketak heriotza kasuan: doakoak dira baina kobratu nahi izaten dituzte

Erabiltzailearen aurpegia
Josu Mendicute
2011-02-04 : 10:02

Telefono batzuen jabearen izena aldatu beharrean ikusi dut nire burua, jabearen heriotza dela-eta. Doan egin beharreko zerbitzua da (Movistarren behintzat), baina kobratu nahi izaten dute: batzutan 9 euro, 12 besteetan. Ez zaie aldaketa egitea interesatzen, nahiago dute hildakoaren izenean mantendu telefonoa. Horrela badakite ez zarela konpainiaz aldatuko.

Senideren baten heriotzaren ondorengo tramiteen artean, telefonoaren titularra aldatzea izaten da horietako bat. Aldaketa egiteko arrazoia heriotza denean, doako tramitea da, Movistar enpresarekin bederen.

Nire kasu pertsonealean, aita hil eta egun gutxira joan nintzen Movistarren banatzaile ofiziala den denda batera, eta esan zidaten telefono bakoitzeko 12 euroko tasa ordaindu behar nuela aldaketa egin ahal izateko. Eta ez baldin banuen ordaindu nahi, uzteko telefonoa aitaren izenean, eta kudeaketarik egin behar ezkero, bere NAN hura erabiltzeko.

Lau urte pasa ondoren, telefono konpainiaz aldatzea erabaki nuen, beste arrazoi batzuk medio, baina ezin nintzen konpainiaz aldatu jabea ni izan arte; izan ere, paper guztien aurrean, hildako gure aitak jarraitzen baitzuen izaten telefonoaren jabe. Beraz, edo nire izenean jartzen nuen.... edo bestela, tasa hori aurrezteko, legez kanpo aitaren izenean kontratu berri bat egiteko aukera aldrebesak balio zezakeen, akaso. Baina aldrebeskeria horiek egin gabe, titular aldaketa doakoa zen, nonbait:

Konpainiaz aldatzea erabaki nuen hartan, Bilboko denda batera joan nintzen. Elkarrekin zeuden denda berean Vodafoneko eta Movistarreko langileak (merkatalgune bat zen), eta guztiek aho batez esan zidaten ez neukala zertan ordaindu, heriotza kasuan doakoa zela titular aldaketa. Horretarako, hildakoaren Nortasun Agiria eta Heriotza Agiria eraman behar nituela. Eibartik (Eibarren bizi naiz ni) Bilbora berriro ez joatearren, esan zidaten joateko berriro hasierako denda hartara aitaren Heriotza Agiriarekin, bere NANarekin eta nirearekin, eta exijitzeko aldaketa doan egitea, horretarako eskubidea neukala.

Ez dizute jestio hori egin nahi izan, eurentzako kobratu gabeko 10 minutuko lana izan daitekeelako.

Horixe egin nuen, doan egitea exijitu, heriotza arrazoi zela-eta. Eta orduan, ikusi zutenean jakin banekiela doan egiteko obligazioa zutela, arazorik gabe jarri zuten telefonoa nire izenean.

Errorez, nire telefonoa bakarrik aldatu zuten; baina nireaz gain beste bi telefono ere bageneuzkan aitaren izenean. Ama joan zen orduan, eta berriro hasierako pelikula: 12 euro ordaindu behar zituela. Harrituta, niri galdetu zidan eta hemen goian azaldutakoa azaldu ondoren berriro itzuli da dendara: oraingoan 9 euro kobratu nahi dizkiote Movistarrekoek. Berriro deitu dut telefonoz, eta baietz, ordaindu behar dugula, kontutik pasako digutela dirua (ez zaigu argi geratu 9 ala 12 euro ote diren).

Gaztelaniazko foro batean egoera bera kontatzen zuen Anna izeneko batek, eta azkenean doan egin zioten tramitea... konpainiaz aldatuko zela mehatxu egin zuenean. Guk ez dugu halako mehatxurik egin, eta ordainduko ditugu 9 edo 12 euro horiek. Hori bai, ordaindu ondoren erreklamazioa jarri eta Movistarretik ospa egingo dugu.

Erantzunak

manu
2011-02-04 : 19:11

Agian ez dauka garrantzi berezirik baina ikusten dudan bakoitzean eragin egiten dit C horrek: inork badaki zergatik idazten duen MendiCute?

Erantzun

Sartu