Teknologia albisteak

Hemen dira 2010eko IgNobel sariak

Erabiltzailearen aurpegia
Josu Lezameta, Jozulin
2010-10-05 : 12:10

Lehendabizi barrea eragin eta bigarren pentsaraztea lortzen dutenak saritzea da IgNobel sarien helburua eta Improbable Research erakundeak banatzen ditu urtero. Ilustrazio gisa, galtzerdiak zapaten kanpotik: demostratu dute izoztutako bideetan gutxiago labantzen zarela horrela ibilita. Fisikako IgNobel saria merezi izan du aurkikuntzak.

Hona hemen 2010 urteari dagozkionak:

Ingeniaritza: Urrunetik gidatutako minihelikoptero baten bitartez baleei mukien laginak hartzeko modua hobetzeagatik, Londreseko Zoologycal Societyko Karina Acevedo-Whitehouse eta Agnes Rocha-Gosselin-i eta Mexikoko Instituto Politecnico Nacional Baja Californiako Diane Gendron-i.

Medikuntza: Asma edo arnasestuaren sintomak errusiar mendiko bidaia batez artatu daitezkeela aurkitzeagatik, Amsterdamgo Unibertsitateko Simon Rietveld-i eta Tilburg Universityko Ilja van Beest-i

Garraioa: Trenen erreilak jartzeko bide egokia topatzeko lokatzeko lizuna erabiltzeagatik, Toshiyuki Nakagaki, Atsushi Tero, Seiji Takagi, Tetsu Saigusa, Kentaro Ito, Kenji Yumiki, Ryo Kobayashi japoniarrei eta Erresuma Batuko Dan Bebber eta Mark Fricker-i.

Fisika: Izoztutako bideetan galtzerdiak zapaten kanpoaldean jarriz gero jendea gutxiagotan erortzen dela frogatzeagatik, Zeelanda Berriko Otagoko Unibertsitateko Lianne Parkin, Sheila Williams eta Patricia Priest-i.

Bakea: Biraoka aritzeak mina benetan arintzen duela frogatzeagatik, Erresuma Batuko Keeleko Unibertsitateko Richard Stephens, John Atkins eta Andrew Kingston-i.

Osasun publikoa: Mikrobioek zientzialari bizardunengan itsasteko duten joera enpirikoki frogatzeagatik, Maryland (USA) estatuko Detrick Segurtasun eta Lan Osasun Bulegoko Manuel Barbeito, Charles Mathews eta Larry Taylor-i.

Ekonomia: Goldman Sachs, AIG, Lehman Brothers, Bear Stearns, Merrill Lynch eta Magnetar enpresetako zuzendari eta exekutiboei, dirua inbertitzeko asmatu dituzten era berriak direla eta; hauei esker irabaziak handitu eta galerak txikitu dituzte mundu-ekonomiarentzako arriskua txikituz (edo mundu-ekonomiaren zati txiki batentzat, bederen).

Kimika: Petrolioa eta ura nahastu ezin direlako uste zaharra ezeztatzeagatik, MITeko Eric Adams-i, Texaseko A&M Universityko Scott Socolofsky-ri, Hawaiiko Unibertsitateko Stephen Masutani-ri eta British Petroleum-i. Enpresen kudeaketa: Italiako Cataniako Unibertsitateko Alessandro Pluchino, Andrea Rapisarda eta Cesare Garofalo-ri, matematikoki frogatu dutelako edozein erakundek eraginkorrago funtzionatuko lukeela mailaz igoko liratekeen kideak ausaz aukeratuko balitu.

Biologia: Zientifikoki dokumentatu dutelako felazioa fruta-saguzarretan. Frogatu dute felazioak sexu jarduna luzatzeko helburua duela. Saria Txinako Libiao Zhang, Min Tan, Guangjian Zhu, Jianping Ye, Tiyu Hong, Shanyi Zhou, y Shuyi Zhang eta Bristoleko Unibertsitateko Gareth Jones-entzat.

2009ko IgNobel sariak, hemen.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago