Teknologia albisteak
2

Zinemaldiko Palmaresa: ez hotz eta ez bero

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2010-09-26 : 15:09

Bataz besteko maila eskas samarra izateaz gain nabarmentzen den lanik ez dagoenean, edozein izan daiteke epaimahaiaren erabakia: halako zerbait gertatu da aurten Donostiako Zinemaldian: inor gutxi geratuko zen gustura emandako sariekin, baina ezta guztiz desados ere. San Simon eta San Juda kantatzera bagindoaz bezala, uda joan baina negua iritsi gabe, ez hotz eta ez bero geratu gara gu geu. Epaileak epaitzeko asmorik gabe, hona palmaresaren balorazio labur bat.


Connor McCarron aktore saritua, Neds filmean

Neds izan da Urrezko Maskorraren irabazlea. Peter Mullan aktore eskoziarrak kameraren atzera jauzi egin eta film onenaren saria eskuratu du. Bejondeiola. Pelikula ez da txarra, baina Glasgow-n 70eko hamarkadan mutiko txintxo bat inguruko bortizkeria giroak nola kutsatzen duen eta banden munduan sarrarazten... ez al zaigu déjà vu egiten? Film bereko protagonista Connor McCarron-ek irabazitako gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra, berriz, guztiz egokia iruditu zait.

Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Raul Ruiz-ek irabazi du, Mistérios de Lisboa film portugesagatik. Film berezia da oso: lau ordu eta erdi irauten du, eta erromantizismo zaharkituzko foiletoi erabatekoa da gainera: orain dela ia 200 urte girotua, umezurztegiko mutikoa kondesaren gaztetako amodio debekatu baten fruitua dela jakingo dugu, hasteko, eta estilo bereko hamaika istorio korapilatzen dira aurrera egin ahala. Narrazio lasaiak eta egungo zinemaren naturalismotik urruntzeak saria ekarri diote zuzendari txiletar honi, eta guk ez dugu protestarik egingo. Jendea zinemetara erakarriko duen, ordea, besterik da.

Guztiz ados gidoi onenaren saria Bent Hamer norvegiarrari ematearekin, Home for Christmas lan ederragatik, eta baita epaimahaiaren sari berezia Elisa K katalanari, Judith Colell eta Jordi Cadenaren film ausart eta fin horri. Argazki onenaren saria Jimmy Gimferrer-ek eskuratu du, Jose Maria de Orberen Aita filmean egindako lanagatik: pelikulak ez du narraziorik, baina kamera geldiak etxeko pareta biluzietan lortzen dituen irudiek badute edertasun estetikorik.

Emakumezko aktorearen Zilarrezko Maskorra Nora Navasi eman diote, Pa negre (Ogi beltza) Agustí Villaronga katalanaren filmean egindako lanagatik, eta epaimahaiak aipamen berezia egin dio Daoud Aoulad-Syad marokoarraren A Jamaâ (Mezkita) pelikulari. Bi horiek ikusterik izan ez dudanez, hobe isilik geldituz gero.

Erantzunak

Karmele
2010-09-26 : 16:17

Niri pelikula gustatu zitzaidan agian zinema britaniarraren zalea naizelako. Jende batzuri gauza bera entzun diot eta nik ere hala dela uste det: Bukaera baino lehenagoko partea flojo xamarra da, baina bestela, ondo: aktoreak ondo, istorioa interesgarria, bukaera ederra.

arasanse
2010-09-26 : 23:49

Ez dut Neds ikusi eta ezin baloraziorik egin, baina bai zuk aipatutako beste batzuk eta horietatik Cerro Bayo izan da gehien gustatu zaidana. Ondo kontatuta dago, pertsonaiak sinesgarritasunez deskribatzen ditu, grazia ere badu. Pretentsio handirik gabekoa izango da, agian, baina oso lan ederra.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago