Teknologia albisteak
1

Familia kontuak, amaitzeko

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2010-09-24 : 18:09

Amaitzen ari da Donostiako Zinemaldia. Bihar lehiatik kanpo eskainiko duten Elle s'appelait Sarah Gilles Paquet-Brenner frantziarrarena ikusteko zain, sarietarako gai ziren azken film biak ikusi ditugu ostiral honetan: Victoria Galardi argentinarraren Cerro Bayo eta Liu Hao txinatarraren Addicted to love (Maitasunari atxikiak), biak ere ezberdinak estiloz, asmoz eta emaitzaz, baina intersekzio-puntu gisa familia dutenak.


Jatorrizkoa: Promoziozkoa: Zinemaldia

Galardi zuzendari gazte bat da, bakarkako lehen filma idatzi eta zuzendu duena. Cerro Bayo Andeetako turismo-lekua da eski-sasoian, eta hantxe kokatzen da istorioa: amona suizidatzen saiatu dela-eta, haren bi alabak, suhia eta bi bilobak ezagutuko ditugu, bakoitzaren ametsak eta miseriak. Ez da hainbeste familia barruko harreman eta trapu zikinei buruzko pelikula, ezpada elkarren ondoan suertatu diren bost pertsonaren bakardadeak agerrarazten dituena.

Film txiki eta apala da berez Cerro Bayo, baina bere apalean ederra, gorabehera handirik gabe egoki kontatua eta aktoreen aldetik ederki antzeztua. Jende xumearen egunerokotasuna eta Buenos Airestik urruntzea direla-eta, Sorín-en Historias mínimas Patagoniakoa gogoraraz lezake, baina Galardik ez du bilatzen haren poetikotasun samurra, baizik eta pertsona errealen bizitza modu sinesgarrian erretratatzea, lehor baina zintzo.

Sail ofiziala film biribilez beterik egon balitz, hau bigarren mailan utziko genukeen, baina ikusitakoak ikusita, sariren bat behintzat merezi duela esango nuke.

Agureak maitemindu behar ez

Os vellos non deben namorarse Castelaoren antzerki-lan baten titulua zen, eta horixe izan zitekeen Addicted to Love honen izenburua. Pop agure jubilatu eta alarguna da, eta egun batean erosketak egiten dituen azokan Li Ying ikusiko du, gaztetako amodio galdua, bera ere alargundua eta Alzheimerra daukana. Harekin elkartu nahiko du berriz, nahiz eta atsoaren alabak eragozpenak jarri.


Jatorrizkoa: Promoziozkoa: Zinemaldia

Printzipioz, istorio eder baterako bidea eman zezakeen, baina Liu Hao gidoigile eta zuzendariak ikuslea asperrarazteko tema dauka nonbait: plano berberak errepikatzen ditu behin eta berriz, zaharren bizimoduaren errepika erakutsi nahirik edo.

Egungo Txinako famili aldaketak, eta seme-alabak pixkanaka beren guraso zaharren zaindari nola bihurtzen diren ere erakusten digu, baina edozein gai interesgarri pikutara doa kontatzeko modua horren astuna denean.

Erantzunak

Mikel Iturria
2010-09-24 : 18:52

Ados, Xabier. Ez dira pelikula handiak eta familia kontuak dituzte biek ardatz.



Argentinako klase ertainaren miseriak ederki ageri dira lehenengoan: ama, seme-alabak, ahizpa, senarra zaintzen duen andrea; zorra piloa duen ahizpa; Europara salto egin nahi duen semea; Miss izan nahi duen alaba eta aurpegiera egokia izateko bere kezkak...



Txinatarra ederki hasi da, baina gehiegi luzatu du zuzendariak. 30 minutu zituen, gutxienez, soberan. Eta "Aita" filmaren txinatar bertsioa zirudien batzuetan. Hemen ere gazte triunfadoreak eta ez hain triunfadoreak ageri dira, bizitzaren amaieran dauden zaharrekin nahastuta.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago