Teknologia albisteak
2

Aretxabaletako Eguzkienea sustapenaren aurrean...

Erabiltzailearen aurpegia
Amaia Arroyo Sagasta
2010-09-07 : 10:09

Aretxabaletako Eguzkienea sustapeneko etxebizitzen egoera latza da: 2004an egin zen zozketa eta oraindik lau dira eman ez dituzten blokeak. Horren aurrean, kaltetuok gure ahotsa entzunarazi nahi dugu.

Sustapen horretako etxebizitza bat itxaroten ari bazara, Construcciones Bruesak arazoak dituela entzun baduzu eta kezkatuta bazaude, blog berri bat dago zuretzat: Ene Eguzkiaren zain.

Blog hau sortu dugu gure kezkak, kexak eta interesgarria suerta dakigukeen informazioa partekatu ahal izateko.

Batasuna indarra da; beraz, ahal den pertsona kopururik handiena bildu nahi dugu Aretxabaletako Eguzkienea sustapeneko etxebizitzen egoerari irtenbide bat topatzeko eta, era berean, txontxongilo gisa trata ez gaitzaten.

Gurekin bazaude, kolaboratzea eta bloga ezagutaraztea eskertuko genizuke.

Blogaz gain, jendea batzea errazagoa izan dadin, talde bat sortu dugu Facebook-en. Horrela, hainbat bide zabaldu nahi ditugu jendea batzeko. Hona hemen taldearen orri hori Facebooken.

Animatu eta parte hartu!

Erantzunak

Sustatu
2010-09-08 : 10:39

Lagunok, albistean blogaren esteka jartzea ahaztu zitzaizuen. Hauxe da: Ene Eguzkiaren Zain.


Bertan kontatu dutenez, Sustatun albiste hau azaltzearen ondorioz, ETBtik deitu diete albiste bat egiteko.


Amaia Arroyo Sagasta
2010-10-18 : 17:42

Bruesa Inmobiliariak bultzatutako Aretxabaletako Eguzkienea sustapenak 12 etxebizitza-bloke hartzen ditu bere gain. Horietako bi BOEkoak dira eta bere sustapena beste enpresa batek hartu zuen. Bruesak kudeatzen dituen 10 blokeetatik, 4 ez dira entregatu oraindik, eta, salerosketa-kontratuak oraindik betetzen dituzten arren, ez betetzeko epea gainean dago.


2010eko ekainean, Aretxabaletako Eguzkienea sustapeneko etxebizitza-bloke batzuen obrak gelditu egin ziren. Ez zegoen horren ziurtasunik, baina, egunak joan egunak etorri, jabeok ez genuen obretan inolako mugimendurik ikusten. Irailaren 1a izan zen Bruesa Inmobiliariak Bruesa Construccionesen egoera larriaren berri eman zigun eguna. Gu lasaitzen saiatu ziren, obrei irailaren bukaeran berriro ekingo zietela esanez; Aretxabaletako alkatea Interneteko Mondraberri.com albistegian irten zen Bruesarekin izandako bilera azaltzeko eta obrei berri ekiteko data berresteko. Baina irailaren 30a iritsi zen, eta denak geldi jarraitzen zuen. Data horretan bertan, Bruesa Inmobiliariak jabe bati esan zion, agiri kontu baten luzapena zela medio, obrekin urriaren 15ean jarraituko zutela. Data hori jada igaro da eta obrek geldi jarraitzen dute. Bruesa Inmobiliariak berriro ere aitzakia jarri du, atzerapenaren arrazoia burokratikoa dela esanez, eta obrekin urriaren bukaeran jarraituko dutela esan dute. Ze uste izan dezakegu jabeok datengan, ez badituzte inoiz betetzen? Zer egin beharko genuke? Eseri eta, besterik gabe, itxaron?


Jabeok bete dugu gure zatia: etxebizitzaren zenbatekoaren erdia ordainduta dago. Gainera, orain arte, obren mugimendu falta pazientziarekin bizi izan dugu. Baina, pairatzen ari garen desinformazioaren aurrean, erantzun beharra daukagu. Egoera horrela, behar-beharrezkoa da jabeak batzea eta egoera honetan zer egin behar dugun erabakitzea. Ez dakigu noiz arte luza daitekeen itxaronaldi hau, eta, hori dela eta, gure jabetza-eskubideak defendatu behar ditugu.


Aipatutako guztia dela eta, urriaren 22an, ostiralean, 19:00etan Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean bilera deitzen dugu. Etortzera eta parte hartzera animatzen zaituztegu, eta, honetaz gain, egoera berean dauden pertsonei deialdia luzatzea eskertuko genizueke.
Zuen parte-hartzea aldez aurretik eskertzen dizuegu. Ez hutsik egin!


Informazio gehiagorako jo blogera edo Ene Eguzkiaren Zain Facebook-eko taldera.


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago