Teknologia albisteak
3

Abarketak udan

Erabiltzailearen aurpegia
Elena Laka
2010-07-28 : 10:07

Hondarribira uda pasatzera etortzen diren Madrileko gizonek, 18 eta 60 urte bitartekoek, uniforme moduko bat janzten dute goizetik kalean ibiltzeko eta hondartzara joateko: polo bat (gehienbat kolore pastelekoa, arrosa, berdea, morea, urdina),  bainujantzi zabal bat belaun gainerainokoa (gehienetan loreduna, baina marraduna ere izan daiteke), eta abarketak. Abarketak ez dira urdin ilunak izaten, koloretakoak baizik: berdeak, arrosa argiak, edo ohikoena, alberjinia kolorekoak.

>
EITB

Seguru asko polo eta bainujantzi horiekin eroso eta dotore sentitzen dira Madrileko udatiar gizonak. Abarketek, erosotasuna emateaz gain, seguruenik "probintzietako" espiritu xumearekin bat egitea ahalmena ematen die.

Hondarribiko gizonek, 18 eta 60 urte bitartekoek, barre egiten diete Madrileko udatiar gizonei abarketak eramateagatik. Hondarribiko gizonek badakite zer den abarketak erabiltzea: Alardean egun oso bat pasatzen dute abarketak jantzita. Herrian gora eta behera desfilatzen, eguna bukatzerako oinak minduta bukatzen dute, batetik abarketek zorua mehea dutelako eta galtzadarrien elkargune guztiak oinazpian sentitu egiten direlako, eta bestetik abarketek bat ere takoirik ez dutenez, asko ibili ondoren hanketako bolak mindu egiten direlako. Hau da, desfile bukatu ondoren, gizon hondarribiar gehienak abarketak etxean utzi, eta oinetako potoloagoak janzten dituztela jaia eroso segitzeko. Hondarrbiarrek eramaten dituzten abarketak Alardean, zuriak dira, zinta gorriekin. Eta Hondarribiko arrantzaleek portu aldean ibiltzeko eramaten dituztena, urdin ilunak.

Beraz Hondarribiko gizonek barre egiten diete Madrileko gizonei koloretako abarketak erridikuluak iruditzen zaizkielako, eta abarketak gauza ez-erosoa begitantzen zaielako.

Jaietan batez ere, beste herrietan ere janzten ditugu abarketak, batez ere urdin ilunak, arrantzale bagina bezala janzten garenean. Bermeon, Elantxoben, Lekeition, Ondarroan, Deban, Zumaian... kostako herri askotan jaietan badago egun bat abarketa urdin ilunak janzten dituguna.


Argazkiak.org | abarketak © cc-by-sa: elena laka

Aurten udan Madrileko eta Hondarribiko abarketen arteko mix bat hartu, marrazkiak erantsi, eta koloretako espartinak jarri dira modan, gizon zein emakumeentzako. Marrak, kolore biziak, diseinu modernoak, elementu berriak betiko espartinak XXI. mendera egokitzeko, gazteen artean ere, tendentzia. Hasi dira ikusten kalean zein hondartzan. Hurrengo pausoa, Arrantzale Egunetan eta Alardeetan?

Erantzunak

Goio Telletxea
2010-07-28 : 10:29

Elena, ziurrenik ezagutuko dituzu, baina iparraldean ere Paregabia markak oso ezpartin fashion-ak ditu. :))


Elena
2010-07-28 : 12:26

Ba ez nituen ezagutzen, Goio, eskerrik asko.

Zortzi zentimetrotik gorako takoidun espartinak!Ezin fashionago, baina herriko jaietan ibilitzeko, ez dakit...

Sustatu
2010-07-28 : 12:45

Goio Telletxeak aipaturiko marka hori, Paregabia oinetakoena, aipatu izan da Sustatun pare bat alditan marka baita gero zapatak erosteko garaian parea falta izatea!


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago