Teknologia albisteak
7

Estilo "Vasco-a"

Erabiltzailearen aurpegia
leire narbaiza
2010-04-23 : 10:04

Hainbatek pentsatuko du kalerako erabiltzen dugun mendiko arropaz dihardudala, edo txapelaz. Edota ile orrazkera txerokiez (aspaldian sustatun deskubritu zuten benetan tradizionala zela!), Eulalia Abaituak XX. mende hasieran Arratian ateratako argazkiek erakutsi ziguten bezala.

Ez, ez dut abarken gainean jardungo, ez naiz Erdi Aroko emakumeen burukoaz mintzatuko. Beste Vasco bati buruz hitz egingo dut, hobeto esanda, Vasco baten fanen gainean

Vasco Rossi italiako rokero zaharra da, inoiz hiltzen ez diren horietakoa. Badirudi moda sortzailea ere badela eta euren jarraitzaileen artean Tu sei vasco? dela galdera gakoa jakiteko tribu berekoan diren.

Denek daramate buruan zapi bat (piraten moduan, edo Oñatiko Korpuseko danztarien antzera), edo gorra bat atzeko aurrera jantzita (estatubatuarren gisa), edo zapi bat bekokiaren bueltan (Bruce Springsteek bezala, edo Aragoiko katxiruloak legez). Neskek kamiseta mauka bakoak eta nahiko zabalak erabiltzen dituzte, bularretakoa nahiko bistan lagatzen duten horietakoak.


Sempre Solo Vasco Facebook-eko taldea ere badauka. Beraz, italiarren batek hori galdetuz gero, ez pentsa identitate nazionalari buruz galdetzen dizula, ez! joera musikalen ganial dabil.

Amaitzeko, kantari honen bideo bat.

Erantzunak

Joseba E.
2010-04-23 : 13:18

Ba jarri duzun Vasco-ren kanta astuna benetan, ezta? Eta janzkerari erreparatuz, zer esan? Jantzita baino mozorroturik doazela iruditzen zait.



Akaso klasikoegia izango naiz (edo adinaren kontua izango da, 42 urte ditut), baina arropa urte batzuk irautekotan erosten dut, beti eramaten den horietakoa. Adibidez, aurtengo neguan txaketoi marino bat erosi nahi nuen, eta arraroa dirudien arren ez pentsa erraza izan zenik: denak kremailera inuzente edo botoi aldrebesekin. Azkenean ez dakit klasikoa edo arraroa naizen, baina arraroa sentitzen naizela seguru baietz. Bueno, erosi nuen gustoko txaketoia: Cortefiel-en, Pedro del Hierro-rena omen da eta 200 euro.



Ahaztu baino lehenago, amari ere gustatu zitzaion. Enfin.

Luistxo
2010-04-23 : 14:45

Italiako estetika vasco hori zer ote da, zapi biribil hori buruan? Umeen ikastolan bufa esaten zaio horri, esango nuke nik.


Hortik aparte ez dakit ze estilo duten argazki hauetakoek: hemengo jende arrunta bezala, Zaran jantzi direla denak esango nuke.


Patxi H
2010-04-23 : 15:33

Vascoren jarraitzaileek "il basco" ari dira aldarrikatzen. Kontua da "basco" italieraz txapela dela, boneta, sonbreroa.



Horregatik buruan daramatzaten "Vasco" handi horiek, hitz-joko bat da.



Bestalde, eta hau kuriositate bezala, italianoz "la vasca" bainuontziari esaten zaio.



A zer parea!: sonbrerua eta bañera!! (il basco e la vasca)

garret
2010-04-25 : 22:31

Gogoratu ezen italieraz "v" eta "b" oso ondo bereizten dira, izan ere behin ez zidaten txiste bat ulertu "v" ondo ez ebakitzeagatik. "euskaldun", berriz, "basco" esaten da. Beraz aldea badago "vasco" eta "basco"-ren artean.



Orrazkerari dagokionez, OEHn bitxikeria hau topatu dut:



"Lakain (BN-baig-lab), guedejas, cabellera sobre la nuca, que gastaban los viejos y aún ahora algunos sacerdotes ancianos de Francia" A. Iduri zaut oraino begien aitzinean dudala gizon aphal adinetako hura, bere lakhain xuri-xuriarekin. Elsb LehE 130 (ap. DRA).



Nago ez ote diren gauza bera edo antzekoa lakaina eta agure horrek daraman moztea.

leire narbaiza
2010-04-25 : 23:31

Aupa, lagunok! Mila esker erantzuteagatik!

Joseba, kantua astuna izango da, bai, baina ez da erraza kantari honen bideorik txertatzea; izan ere, txertatze koderik ez dute, copyriht-aren ondiorioak!



Beste alde batetik, esan behar dizut gaztea zarela oraindik :-) Baina amari gustatu bazitzaion jaka.....malo! zahartrosi sintoma da hori! Serio, ez da batere erraza gauza konkretu bat aurkitzea, buruan daukagun hori. Eta emakumeon kasuan, okerrago, gure moda gehiago aldatzen delako.



Lusitxo, buff (gaztelaniazko "braga" baina ez kulero) antzekoa da. Baina honek zurrunagoa eta tenteagoa dirudi. buffak kalean asko erabitzen dira, batez ere, estilo euskal-mendizalean!



Patxi, banekien vasca bainuontzia zena, baina ez nekien italieraz b-z ala v-z idazten zen; hori dela eta, azkenean ez nuen jarri. Egia da diozuna, Garret (Leif izango duzu izena, ezta?) v eta b bereizten dira italieraz, baina onartu behar duzu hitz-joko polita dela. Gizon nagusiaren beste erretratu bat ere ikusita neukan, atzetik ateratakoa, baina ez dut inrterneten aurkitu . Askoz ere harrigarriagoa da. Lakaina zuk diozuna izan liteke, baina eibarko euskaran "lakaina":http://eibarko-euskara.com/node/4734 aurpegiko ile soltea ere bada. Biendako balio lezake, ezta?

Joseba E.
2010-04-27 : 13:41


Aproba bat egin nahi nuen jakiteko bideo bat nola txertatzen den.


Ados, guztiok gara "fashion victim":"ez da batere erraza gauza konkretu bat aurkitzea, buruan daukagun hori. Eta emakumeon kasuan, okerrago, gure moda gehiago aldatzen delako", zenioen, baina, ulertuko duzunez, amorru hori handituz doa buruan daukagun hori oso klasikoa edo arrunta denean edo hala izan behar zuenean.


Eta zahartrosiaren konplexua erabat barneratuta daukat, arropaz gain, musikarekin hala gertatzen zaidalako ;).


arrikitaun
2010-04-27 : 21:03

Eta ezin ahaztu Italiako PNV independentzia zelan aldarrikatzen duen!


Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago