Teknologia albisteak
13

Hitzapasa: telebistako Pasapalabra euskaraz online

Erabiltzailearen aurpegia
Maite Goñi
2010-03-15 : 08:03

Betidanik gustatu izan zaizkit hitzak, eta horiek bezainbeste, ia-ia, hitzekin zerikusia duten lehiaketak, jokoak… Etxean nagoenean, adibidez, askotan pizten dut telebista Pasapalabra programaren azken txanpa ikusteko, non alfabetoko hitzez osatutako erroskoa azaltzen den. Eta beti inbiditan! Euskaraz horrelako zerbait egongo balitz, etekin polita aterako nioke…. Ba, horra, hemen da Hitzapasa.

Geroago, Gaurko Hitza blogarekin hasi nintzenean, egunez egun ipintzen nituen hitz horiek praktikatzeko hitz-jokoak sortzeari ekin nion. Orduan ere, ditxosozko erroskoa buruan nuela, han eta hemen galdezka hasi nintzen, ea norbaitek ezagutzen ote zuen Pasapalabra sortzeko aplikaziorik edo. Adibide batzuk bidali zizkidaten PowerPoint eta JClic programak erabiliz egindakoak (esker mila, Anibal De La Torre) eta beste bakarren bat ere topatu nuen (Pasapalabra navideño), baina nahiko urrun zeuden nik buruan nuen hartatik. Duela hilabete batzuk, ordea, sarean bi adibide hauek topatu nituen: Pasapalabra eta Pasaconjuro. Horietatik tira eginez, sortzaileekin harremanetan jarri eta jatorrizko artxiboak lortu nituen. Hainbeste denbora atzetik ibili ondoren, gainera, biak egun berean. A ze gauzak!

Kontua da biak ala biak .fla artxiboak zirela. Flasha menperatzen ez nuenez, Twitter bidez laguntza eskatzea otu zitzaidan. Horrela, La Personnalitéko Goiok laguntza eskaini eta hitza hartu nion (bide batez, Diario Vasco.com-eko Kortabitarteri ere eskerrak eman nahi dizkiot, bera ere laguntzeko prest agertu baitzen). Gauzak horrela, Goiori zein aldaketa nahi nituen esan eta abian ipini zen. Bileraren bat, ordu batzuk eta hainbat buruhauste eta gero, azkenean, Larramendik esango lukeen legez: “Ezina ekinez egina”. Goio, hitzak motz geratzen zaizkit eskerrak emateko.

Hitzapasa: Pasapalabra jokoa euskaraz online

Hasierako helburua Gaurko Hitzan azaltzen joan diren hitzak praktikatzea bazen ere, horiek oso zailak zirela ohartuta, maila edo urrats ezberdinetako ariketak sortzea pentsatu nuen, maila guztietako erabiltzaileek euren hiztegia hobetzeko aukera izan zezaten. Oraingoz, 3 urrats ezberdinetan banatutako 6 ale baino ez daude, baina pixkanaka-pixkanaka gehiago sortzen joango naiz.

Jokatzen hasi aurretik, komenigarria litzateke ondorengo oharrak kontuan izatea:

  • Definizioa irakurri eta idatzi hari dagokion hitza laukitxoan. Adi! Erantzuna -a artikulurik gabe eman behar da, mugagabean).
  • Erantzuna idatzi ondoren, erantzun (edo enter) botoia sakatu.
  • Badaezpada ere, erantzun botoia sakatu aurretik bi aldiz begiratu, idatzi duzuna idatzi nahi zenuena dela ziurtatzeko.
  • Erantzunen batean zalantza baduzu, erabili PASO EGIN botoia eta aurrera jarraitu (geroago erantzuteko aukera izango duzu).
  • Kontuz denbora mugarekin!
  • Amaieran, puntuazioa eskuratzeaz gain, erantzunak ikusteko aukera izango duzu (asmatutakoak zein oker erantzundakoen zuzenketa).

Hitzapasa gehiago sortu ahala, >Gaurko Hitza eta euskaljakintza blogen eskuineko zutabeetan eskuratu ahal izango dira. Hasteko, baina, hementxe uzten dizuet 1. urratseko adibide bat (egin klik irudiaren gainean jokoari ekiteko). Ea gai zareten hitz guztiak asmatzeko! Zorte on!

Guztiak ikusteko:

Erantzunak

asier
2010-03-15 : 11:15

Oso ona! Eskerrik asko, Maite.


Gauzatxo bat: lehenengo urratsaren amaieran flashak arazoren bat ematen dit, javascrypt problemaren bat, edo horrelako mezuren bat irten zait, eta ez dit lagatzen aurrera egiten. (beharbada nire nabigatzailearen kontua izango da).


Eskerrik asko!


Iñaki
2010-03-15 : 11:25

Ederra denborapasa!



Eskerrik asko egindako lanagatik. Gustura jardun dut jolasean.



Niri ez dit errorerik eman programak.

Julen
2010-03-15 : 17:00

GNU/Linuxpean probatu dut eta ñ tekla ez du harrapatzen.

Borja
2010-03-15 : 17:40



Bikaina!



Iruzkintxo bat besterik ez, erantzun on bat baino gehiago izan litekeenetan bakarra onartzen al du beti? Adibidez, 3. urratseko lehen ariketan, U = 'utikan' da erantzun zuzena, baina, Bizk. marka izanagatik, Hiztegi Batuan 'ut' ere agertzen da.



Dena dela, oso lan ona egin duzu, beti bezala.



Segi horrela!

Luistxo
2010-03-15 : 17:52

Oso ona Maite. Ez duzu galde-erantzun berriak gehitzeko formulariorik sortu behar?



Telebistakoan egunero egunero hainbeste galdera desberdin... Han gidoilariak ordaintzen dituztelako. Euskaraz eta Interneten, *crowdsourcing* egin beharko duzu, Maite, bestela nola? Animo!

txerra
2010-03-15 : 20:38

Ikaragarria benetan



Joku honek lagunduko dit nire euskera erdoildua eraberritzen.



Mila esker. Segi bide horretatik ;-)

txerra
2010-03-15 : 21:01

Ikaragarria benetan



Joku honel lagunduko dit nere euskara erdoildua eraberritzen



Mila esker. Segi bide horretatik

Maite Goñi
2010-03-16 : 00:32

Hasteko, mila esker, bai hemen eta bai Twitterren, mezua utzi duzuen guztioi!Oraindik akatsen bat edo beste ager badaiteke ere, badirudi orokorrean nahiko ondo doala. Asko eskertzen dizuet akatsak non dauden esatea eta, noski, hobetzeko proposamenak, ideiak edo bururatzen zaizkizuenak gustu handiz jasoko ditut. ;-)



@asier Noizbehinka .swf bertsioarekin gertatu zait, baina probatzen nabil eta orain, behintzat, ondo doakit. Arazoa gehiagotan gertatu zaizu?



@julen Ñ letraren arazoa, Linuxen, detektatuta. Ea lortzen dugun lehenbailehen konpontzea...



@Borja Aukera dago nahi adina ipintzeko. Jaso dut zure mezua (eta erantzun dizut). Erantzun bat baino gehiago dutenen zerrenda pasatzen badidazu, primeran! Berehala sartuko ditut erantzun posible guztiak.



@Luistxo Pentsatzen nabil ea nola eman forma ideia horri, zein tresna erabili "crowdsourcing" hori egiteko (denon artean sortu, galde-erantzun formularioak niri helarazi...). Buelta batzuk eman behar dizkiot honi, baina oso ideia ona izan daiteke gune berezi bat prestazea Hitzapasarentzat eta han zentralizatu eskaerak, iradokizunak, eta abar. Zerbait bururatzen bazaizu/bazaizue...



@Txerra @David @Natxo @Joxe Mila esker animoengatik!

Txopi
2010-03-16 : 10:23

Webgune hau beste gai guztiz desberdin bati buruz bada ere, erabiltzaileek galderak eta erantzunak proposatu eta erantzun egokienak denen artean lantzeko sistema bat dauka. Denbora eta indar nahiko izanez gero, begiratu ea ideia hori nolabait Hitzapasara moldatu daitekeen: http://es.akinator.com/

Gorri
2010-03-16 : 11:29

Eskerrik asko horrelako jostailu polita opari emateagatik!

Proposamen bat daukat: "PASO EGIN" botoiaren ordez "HITZA PASA" jartzea, lehiaketa originalean bezala. Bestalde, ez dira makalak 3. mailako galderak!

Maite Goñi
2010-03-16 : 11:31

Mila esker, Txopi! Hartuko dut tartea begiratzeko, horixe baietz! ;-)

Maite Goñi
2010-03-16 : 11:54

Gorri, proposamena onartuta eta orain arteko guztiak eta originala aldatuta. Hemendik aurrera "paso egin" ordez, "pasa hitza" (askoz ere hobeto geratzen da). Mila esker!!! ;-)

ibai
2010-03-16 : 21:07

Zorionak egindako lanagatik!!



Nik ere ñ-aren arazoa daukat baina kopipaste eginda moldatzen naiz oraingoz.



Hitz batzuk inoiz entzun gabe nituen... Gehiagoren zain nago! Engantxatu egin naiz!



Zorionak benetan!

Erantzun

Sartu