Teknologia albisteak
16

Veleiako 2004. urteko komunetako kasua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2010-12-16 : 09:12

Alberto Barandiaranen Veleia afera liburua crescendo batean doan goritzen doan thriller baten tankeran irakur daiteke. Liburuaren azken partean espazio nabarmena hartzen du indusketako almazenean aurkitu zuten antzinateko komun publikoaren erreprodukzioak.

Veleiako eskandalua piztu baino lehenago, Ludi Veleiensis (Veleiako Jokoak, latinez) izeneko jardunaldi pedagokiko batzuk egin ziren 2004ko udaberrian, eta Cohors Prima Gallica kultur elkarteak prestatu zuen komun erreprodukzio hori ekitaldi hartan erabiltzeko. Objektu arrunten bidez, hiri erromatar baten egunerokoa irudikatu zuten Veleiako joko haietan.

Jokoak igaro ondoren, 2005eko indusketa kanpainan hasi ziren agertzen idazkunak ostraketan. 2006tik aurrera, publiko egin zen gaia, eta gerora polemika piztu ere bai.

2008ko amaieran, Arabako Foru Aldundiak aztarnategiaren ardura kendu zion Veleiako zuzendari Eliseo Gil eta Lurmen bere enpresari. Aztarnategian, Lurmen enpresaren materiala zegoen tokian aurkitu zituzte Jokoetako komuna. Han idatziak zeudela ikusita, EHUko Pilar Cipres epografistari pasatu zizkioten irudi haiek eta honek, oso larrituta, Lorena Lopez de Lacalle Kultura diputatuari deitu zion biharamunean, antz handia zegoela idazkunetan. Orduan enkargatu zuen Foru Aldundiak azterketa grafologikoak egitea,

2004ko Veleiako Joko haietan erromatar gisa jantzi izan ziren Cohors Prima Gallica kultur elkarteko zenbait, eta baita indusketetako beste lagun batzuk, tartean Eliseo Gil bera, garaiaren antzezpena irudikatzeko. Eliseo Gilek ametitu izan du, epailearen aurrean, komunetako irudiak bereak direla, baina letren gainean ez du halako aitorpenik egin, nonbait.

Hona Ludi Veleienses haietan erabilitako komuna:


Jatorrizkoa: © Cohors Prima Gallica elkartea

Hemen behean, berriz, ostraketako batean agertutako komuna. Adi: komunaren erreprodukzio modernoa 2004. urtean egin zuten, eta ostraka ez zen 2005-2006 urteetako indusketetan baizik aurkitu.


Argazkiak.org | Komunak Veleiako ostraketan © cc-by-sa: sustatu

Komunaren oholetako grafittiei dagokienez, Barandiaranen kontakizunean, jarraian itsatsitako bi ostraka hauek komuneko testua idatzi zuen pertsona berak idatziak direla esaten da. Konparaziorako, zuribeltzeko irudiak 2004ko komunekoak dira; kolorezkoak, indusketan agertutako ostraketakoak.


Argazkiak.org | Veleiako 2004ko komuneko idazkuna © cc-by-sa: herri.admin


Argazkiak.org | Grafologoek faltsutzat emandako ostraka © cc-by-sa: herri.admin


Argazkiak.org | Veleiako 2004ko komuneko marrazki eta idatzia © cc-by-sa: herri.admin


Argazkiak.org | Grafologoek faltsutzat emandako ostraka © cc-by-sa: herri.admin

Era berean, liburuan aipatzen denez, gainerako ostraka hauek ere faltsutzat eman zituzten grafologoek:

13368b 13397 13393 15921 15925 16365b 15923b

Azkenengo pieza horrek (15923b) badu beste berezitasun bat, MIRIA AMA IITXII testua dakar; alegia, etxe ortografia modernoarekin agertzen dela, TX digrafoarekin. ( (IITXII = ETXE, antzinateko konbentzioa baita II e letra adierazteko, Veleiako idazkunetan askotan errepikatua).


Argazkiak.org | ETXE, grafia modernoarekin Veleian © cc-by-sa: herri.admin

Erantzunak

josu
2010-12-16 : 11:43

Kontuz aurreiritziekin, azken argazki horretan "IEXU" irakur baitaiteke, Jesus alegia. "T" hori badaezpadakoa da eta testuak zentzua hartzen du "IEXU" irakurrita. Ostraka benetakoa edo faltsua den eztabaidan sartu gabe, noski. Baina, esandakoa, kontuz begi-buru traidoreekin.

Patxi H.
2010-12-16 : 12:58

Nik azken "ostraka" horretan MIRIA AMA ET XII (apostoluak noski!) irakurtzen dut. Gogoratu faltsutzaileak 12 apostoluak marraztu zituela azken afariaren irudi batean.

Juan Martin Elexpuru
2010-12-16 : 18:06

Milesker, Sustatu, faltsuketaren tesia sustatzeagatik. Letrina famatua da dirudienez, faltsutasunaren froga nabarmena. Horrela bada, lasai egin dezake lo Eliseok. Ikusi nahi duenak bekus.Konparatu letrinako letrak eta ostraka hauetakoak: Ostraketako A-k ez dute makila horizontalik, komunekoek denek. Ostraketako E bakarrak makila horizontala zuzen du, komunekoek gora begira gehienek. Ostraketan E bakarra dago E idatzita, besteak II, komunetakoak E maiuskulak dira guztiak. Ostraketako O-ak bi zatitan idatzita daude, ez dira biribilak; komuneko bakarra biribil-biribila da. Kontsonanteak beste batentzat uzten ditut.

Enfin. Akusazioaren grafologoek esan dutela eta guk sinistu.Grande Marlaskarekin ere berdina egiten hasi beharko dugu. Eta norbaitek badaki zenbat mila euro kobratu duten txostenarengatik?

Koenraad Van den Driessche
2010-12-16 : 23:03

Komunetako irudietan ikusten den bezala, M-ek dituzte "hanka bertikalak" oso zabalik, kontrastatuz ostraketakoekin. Diferentzia signifikatiboa?



Estitxu Breñas
2010-12-17 : 00:48

ASKI DA proba analitikoak egitea onartzen ez duzuenoi, eta ASKI DA letrinaren argudio barriobajero horrekin. Lotsagarria benetan! Eta gauza bakarra: hain seguru bazeundete, proba analitikoak eginda leudeke. Penagarria bertsio ofizialarekin bat egiten duzuenon jarrera hertsia bezain eskasa… Zergatik uko egin ZIENTZIA GEHIAGORI?

Bittor Hidalgo - Donostia
2010-12-17 : 10:04

Eta hori da galdera, ez? Estitxurena.



Froga analitiko fidagarriak ja.



Zergatik, ez duzue hori nahi faltsutasuna hain argi ikusten duzuenok?



Gaia oso garrantzitsua da euskaldunontzat eta ezin dugu airean utzi itxi gabe. Froga analitiko fidagarriek denoi egingo digute mesede, hainbeste denbora eta energia galdu gabe espekulazioetan.



Ea diputazioko buru berriek ekiten dioten. Eta eskaera bat ere bai banan-banan batzorde teknikoa osatu zutenei, beraiek ere eskatu ditzaten proba analitikon behin-betikoak-edo izan litezkeenak.



Ondo izan



Bittor



Juan Martin Elexpuru
2010-12-18 : 19:42

KOMUNEKO GRAFOLOGOAK (1)

Hain usain txarreko grafologoen auzia ulertu nahi bada, beharrezkoa iruditzen zait gaiaz idatzi den txosten sakonera jotzea, Roslyn M. Frank Iowa-ko unibertsitateko doktoreak idatzitakora, hain zuzen. "Informe sobre los peritajes grafológicos de Iruña-Veleia". "Hemen":http://www.sos-irunaveleia.org/frank aurkituko duzu.

Juan Martin Elexpuru
2010-12-19 : 21:50

KOMUNEKO GRAFOLOGOAK (2)ALDE EGIN ZUTEN HIRU ARKEOLOGOEN KASUA


Ohikoa izaten da auzi batean alde batekoen eta bestekoen bertsioak guztiz kontrajarriak izatea. Zenbait blog jarraitu edo Barandiaranen liburua irakurri duenak alde akusatzailearen bertsioa du, horrela laburbildu daitekeena: hiru arkeologoak (Jose Angel Apellaniz, Miguel Angel Berjón, Carlos Crespo) deseroso eta haserre zeuden grafitoak aurkeztu zirenerako (2006ko ekaina), gaizki induskatzen zelako eta ez zutelako grafitorik ikusten lurretik irteten. Ez zuten momentuan alde egin, zenbait kalkulu laboral medio. 2007ko urtarrilean joan ziren. Gero prentsari eta epaileari esan zioten, besteak beste, komuneko marrazkiak zein idazkiak Eliseo Gilek egin zituela. Eta grafologoek inolako zalantzarik gabe esan dutenez grafitoak zein komuneko idazkiak esku berak eginak direla, Eliseo da faltsutzailea. Hau da alde akusatzaileak saldu nahi duena eta baita Barandiaranen liburua irakurrita ateratzen den ondorioa ere.


Beste aldeko bertsioa laburbiltzen saiatuko naiz, baina iritzietan baino gehiago egitateetan, konproba daitezkeen datuetan, oinarrituta.


1)Grafito ezohikoak agertzen hasi zirenean (2005-2006 urteetan zehar gehienak), talde osoa bezain bozkariotsu agertu ziren beti hiru arkeologoak. Ez zuten inoiz zalantzan jarri benetakoak zirenik. Horren dozenaka testigu dago.


2)Grafitoak prentsaurrean aurkeztu eta egun batzuetara (2006-VI-23), Jose Angel Apellanizek ia ordubeteko elkarrizketa eskaini zion Gasteizko Hala Bedi irratiari. Oso pozik agertzen da eta bere hitzetan ez da ageri benetakotasunari buruzko zalantza izpirik. Elkarrizketa entzun nahi duenak hemen du audioa.


3)2006ko irailean, Ludi Veleienses delakoak egin ziren aztarnategian: erromatar jokuak, gerra-teknikak, haurren jolasak eta abar. Erromatarrez mozorrotu ziren eta parte aktiboa hartu zuten hiru arkeologoek, nahiz eta hartara behartuta ez egon.


4)2006ko azaroaren 23an prentsaurrekoa eman zuen Eliseo Gilek Langraitzen zenbait hedabide eta forotan esaten zirenak gezurtatu asmoz, ordurako Gorrochateguiren iritziak kaleratzen hasita baitzeuden. Prentsaurreko horretan ziren hiru arkeologoak Eliseo Gil apoiatzen.


5)2007ko urtarrilean, urte berriarekin batera, baja eskatu zuten hirurek, aurrez ezer abisatu gabe. Arrazoi laboralak argudiatu zituzten, sekula ere ez lan-metodoari buruzko kexarik edo ostraken benetakotasunari buruzko zalantzarik.


Nire ustez, une honetantxe aurkitu behar da auzi hau ulertzeko giltza. Zergatik eskatzen dute baja bat-batean, aztarnategiaren unerik gozoenean, Iruñan urtetako lana ziurtatuta zutela jakinda? Kontzientzia arazoengatik? Hurrengo atalean pista batzuk emango ditugu bat-bateko aldaketa hau ulertu ahal izateko.


Koenraad Van den Driessche
2010-12-21 : 10:12

Sos Iruña Veleia gunean, eskuetan dugun gaiari buruzko lan bat ipini dut. "Cotilleo Versus ciencia" du izena eta uste dut gaian sartuta dagoen edozeini interesatuko zaiola. "Hemen":http://www.sos-irunaveleia.org/#COTILLEO lotura.

Juan Martin Elexpuru
2010-12-22 : 01:41

KOMUNEKO GRAFOLOGOAK (3)ALDE EGIN ZUTEN ARKEOLOGOEN KASUA


2007ko urtarrilean beren borondatez joan ziren langabeziara, Lurmenen lau urtez lan egin ondoren. 2007ko eta 2008ko haien berri handirik ez dugu, bakarrik EHUko Arkeologia Sailean sarri ikusi izan zituztela hirurak.


2009ko urtarrilaren 14an (2008-XI-19an eman zuen Batzordeak epaia) Eliseo Gilek Arabako Batzar Nagusien aurrean hitz egin zuen aurkikuntzen benetakotasuna beste behin ere aldarrikatuz. Agerraldiaren ondoren, lagun batek hiru arkeologoak ikusi zituen Batzar Nagusietatik hurbil dagoen sagardotegi batean trago bat hartzen, Julio Nuñez, Santos Yanguas, Lorena Lz de Lacalle eta Otsoa Eribekorekin batera. Pensatzekoa da Eliseoren agerraldia jarraitzetik zetozela.


Handik bi egunera, urtarrilaren 16an, hiru arkeologoek eta Lorena Lz de Lacalle diputatuak prentsaurrekoa eman zuten: “Arqueólogos que trabajaron en Veleia tiran de la manta” titulatu zuen Correok hurrengo egunean. Egunkari honek dionez, Lorenaren eskariz agertu ziren prentsaren aurrera. Beste gauza batzuen artean esan zuten ez zutela grafitorik ikusi lurretik irteten, eta iradoki zuten Eliseo zela faltsutzailea. Hitzerdirik ere ez komuneko grafitoez. Eliseo Gil eta Idoia Filloyk berehala erantzun zieten veleia.com webgunean ipinitako idatzi baten bidez. Puntuz puntuz gezurtatu zituzten salatarien esanak.


2009ko maiatzean, larunbat eguerdi batez, beste lagun batek bazkaltzen ikusi zituen Apellaniz eta Berjón arkeologoak El Portalón jatetxean, Lorena Lz de Lacalle, Otsoa Eribeko, Nuñez, Santos Yanguas, Gorrochategui eta Lakarrarekin batera. Zerbait ospatzen ari zirela zirudien. Eta bazuten horretarako motiboa. Eureka!, bonba bat zuten esku artean, froga definitiboa: 2004an egindako letrina. “Baina nola ez zitzaigun lehenago bururatu!?”. Bost urte behar izan zituzten konturatzeko. Handik gutxira, ekainaren hasieran jakingo zen berria. Pozik ageri da Correo letrina salatariaren berri ematean: “Ludi Veleienses” delakoetarako egindako komuna, urrezko froga, epaitegiaren esku zegoen dagoeneko. Orain grafologoak kontratatu eta lanean jartzea besterik ez zen falta.


Urriaren 19an deklaratzera deitu zien arkeologoei epaileak, eta urtarrileko prentsaurrekoan esandakoa berretsi zuten hirurek puntuz puntu.


2009ko udatik aurrera, eta indusketak bukatu ziren arte, hiru arkeologoetatik bi, Apellaniz eta Berjón, Julio Nuñezen zuzendaritzapean ikusiko dituzte lanean Mariturri induskatzen.


Grafologoen gorabeherak hurrengorako utziko ditugu. Baina ez nuke atala itxi nahi aurrekoan plazaratutako galderari erantzun gabe. Zer gertatu zen hiru arkeologoak lana bat-batean uzteko? Gerora gaiak izan duen bilakaera ikusita, zilegi bekigu beren motibazioak asmatzen saiatzea. Hona hemen nire eta beste askoren ondo oinarritutako susmoa:


2006ko bukaera aldera honelako zerbait esango zien EHUko Arkeologia Saileko bururen batek (edo batzuek). “Eliseo Gilen aroa amaitzear dago. Ez dakigu grafitoak faltsuak diren ala ez, baina bost axola. Aztarnategia EHUren eskuetara pasatuko da denbora asko baino lehen. Baina ez da gauza erraza izango, eta zuen kolaborazioa beharrezkoa dugu. Urtetarako lana eta ardura garrantzitsuak ziurtatu dituzue, baldin eta lana utzi eta txintxo portatzen bazarete.”


Eta oso txintxo portatu ziren.
-----


ZUZENKETA: Hala Bedi Irratiari elkarrizketa eskaini ziona ez zen Jose Angel Apellaniz izan, Carlos Crespo baizik. Barkatu.


Juan Martin Elexpuru
2010-12-24 : 11:39

470.000 EURO PLAN ZUZENDARIRAKO INSTITUZIOETATIK



Joan den astean onartu dira Parlamentuko eta Arabako Batzar Nagusietako aurrekontuak. Batzar Nagusietan PNV eta PSEk adostuta eraman zuten kopurua: 200.000 euro. Talde guztiek alde bozkatu zuten, ANV barne; Aralarrek bakarrik kontra. Aralarrek, emendakin baten bidez, 18.000 euro izendatzea ekatu zuen analitikak egiteko. Bere aldeko botoa bakarrik jaso zuen. ANV abstenitu egin zen. Beste guztiak kontra.

Parlamentuko aurrekontuetan 30.000 euro zeuden bakarrik aurreikusita I-Vrako. Baina PSE eta PPk "partida berria" sartu zuten, "debido a la enorme importancia del yacimiento" eta abar argudiatuz. 270.000 euro. Aralarren kontrako botoa jaso zuen bakarrik.

Nuñezek baditu jada 470.000 euro langintzarekin jarraitzeko. Azken momentuan, krisi eta murrizketa garai honetan, PPk eta PSEk zuzenketa hori sartu izana oso adierazgarria da. "Estatu arazo" bihurtu ote da I-Vko grafitoen faltsutasuna? Abertzale radikalen laguntasun paregabearekin, hori bai. Ezin dugu ulertu ANVren jarrera. Plan Zuzendariaren alde eta analitiken kontra dago, bistan da.

Pruden Gartzia
2010-12-24 : 18:56

Beraz, ANV ere bai? Horrek ere babesten du euskararen kontrako erasoa?



Juan Martin Elexpuruk dio: "ezin dugu [sic] ulertu ANVren jarrera".



Nik neuk, aldiz, oso erraz ulertzen dut, aski da Elexpuruk berak zerrenda honetan igorri dituen mezuak irakurtzea (ikus gorago) guztia oso erraz ulertzeko. Elexpururen azalpenak irakurri ondoren, argi dago dena.



Dena den, bada oraindik ulertu ezin dudan gauza bat, eta da Aralarrek ontzat ematea Elexpururen azalpenak, alegia, Eliseo Gilen kontrako konspirazio bat egon dela, eta hori dela afera honen giltza.



Baina nora doa Arabako Aralar? Hori da une honetan interesatzen zaidan gauza bakarra. Beste guztia badirudi nahiko argi dagoela.

Estitxu Breñas - Gasteiz
2010-12-27 : 15:30
Koenraad Van den Driessche
2010-12-28 : 21:10

Gabon,

Pruden Gartziak “Eliseo Gilen kontrako kospirazioa” aipatzen du. Ez dakit konspirazioa den ala txapuza-kate sinestezina, baina Batzordea amaitu ondorengo gertakizunak aztertzen badira, ez da Zientzian oinarritutako kronikarik aurkituko, LURMEN aztarnategitik kendu eta atzamarrez beste norbait ipintzeko saioa baizik, erakundeetan inolako debaterik gabe, ezohiko aurkikuntzak aitzakiatzat hartuta jarduera ilunak burutzeko.

Honetaz dokumentu hau irakur daiteke Crónica parlamentaria desde lasJJGG de Araba del caso Iruña Veleia, Aralarrek egina. Eta ez guri horregatik alderdikeria leporatu, talde sozialistako batzarkide batek egin baitzuen kritikarik zehatz eta zorrotzena, Batzordeak Batzar Nagusien aurrean egindako agerraldiaren harira, 19Ako Golpe Zientifikoa lanean irakur daitekeenez. . Idatzi honetan aztertzen dira Batzordeak eta AFAk eginiko hutsegiteak eta Eliseo Gilen zapatetan hilotz bat sartzeko ahaleginak, txosten grafologiko hiperkontudenteen bidez.

Juan Martin Elexpuru
2010-12-28 : 21:41

Gaur Inuzente Eguna denez, orain dela hiru urte egindako inuzentekeria bat. Celtiberia.net webgunean agertu zen idatzia. Egilea: Gyps delako bat, gerora SATORROTAS bihurtu zena. Pertsonaia erabakigarria afera honetan. Biktimak: Eliseo Gil (nola ez), Juan Santos Yanguas katedratikoa ("John Hollies"), artean benetakotasuna defendatzen zuena, eta Henrike Knorr zena ("CNERR").


Koenraad Van den Driessche
2010-12-30 : 15:29

Neurketak egin eta konparatzea da gauzarik objetiboena. Zera irakurtzen dugu Barandiaranen artikuluan (Berria 2009-1-30)


*«Zalantzarik gabe esku berak egindako» hitzen kasuan, euskarri bataren marrak modu ia milimetrikoan kalkatzen dira bestearen gainean. Halaber, lerro arteko aldeak ere esanguratsuak dira oso. Irudi luke txantiloi berarekin egindako idazkunak direla. Hainbat kasutan, ostraken eta komun publikoaren idazkunen tamainaren arteko erlazioa batetik hamarrerakoa da, «eta, beraz, lerro arteko konbinazioak berdinak baldin badira, ondorio zuzena da burmuin bakarrak zuzendu dituela tresnaren ibilerak».


Txostenaren egileek Gratiniano Nietok 50eko hamarkadaren hasieran Veleian bertan egindako indusketa lanetako hainbat pieza aztertu dituzte, eta baita Pompeiako (Napoli, Italia) aztarnategian aurkitutako idazkun batzuk ere, parekotasunen bila. Ez dute «antzekotasun txikiena ere» topatu.*


Ez dugu txostenaren edukia zuzenean ezagutzen, baina kazetariaren hitzetatik ondorioztatzen da grafitoetako eta komuneko letren antza, letren arteko distantzien antza eta lerroen arteko distantzien antza ikusgarria izan behar duela.


Gauzak gehiegi ez konplikatzearren, 32. sondeoko pieza interesgarrienetara mugatuko gara, denak euskarazkoak, eta oso interesgarriak esaldi osoak dituztelako.



Zortzi pieza hauetako letren lerro arteko distantziak neurtzen baditugu (1), eta letra artekoak (2) eta letren altura (3), eta gauza bera egiten badugu komuneko sei esaldiekin, idazkun bakoitzaren neurrien ideia garbi samarra izango dugu. Letren altura oso ezberdina denez (komunekoak hamar aldiz handiagoak dira ostraketakoak baino), neurketa guztiak batez besteko letren altueratik ateratako portzentaia bidez adierazi beharra dago (teknikoki esanda, eskala-efektua ezabatu ahal izateko).



Emaitzak ikuskatu ahal izateko, grafiko xume bat erabiliko dugu, X ardatzak lerroen arteko distantzia adierazten du eta Y ardatzak letren arteko distantzia.



Lehen begiratuan ikusten da lerroen eta letren arteko distantziak nabarmen handiagoak direla 32. sondeoko inskripzioetan.


Eta letren formari begiratzen badiegu...




Xehetasunetan sartu gabe, diferentzia handiak ikusten ditugu letren formetan. Batzuk oso egonkorrak dira (G eta S), beste batzuk oso aldakorrak (R). Batzuek antzeko egitura dute (S-ek, adibidez. Ez da harritzekoa, egilea erromatar garaiko letrak imitatzen ari bazen), baina xehetasunak desberdinak dira.


Letraren bat antzekoa da, R-a esaterako. Gauza bitxia, AFAko errestaurazio zerbitzuko langileren batek idatzitako errotuloan ageri baita (atxilotzeko agindu behar ote da?).


Ondorio gisa: ez dugu ikusten ez “oso antzeko letrarik” ez “oso antzeko distantziarik”, baieztatu ahal izateko “neuromotore berberaren plantilak” direla.


Froga daitezkeen datuetan oinarritzen da Grafologia ala sorginkeria kontua da?


Grafologoek historiari buruz duten ezjakintasuna ere agerian geratu da esaten dutenean ez dutela antzik aurkitu Ponpeiako eta Veleiako letren artean. Gogoratu beharko diegu Ponpeia K.o. 79. urtean geratu zela fosilizatuta, eta Iruña-Veleiakoak bi edo hiru mende geroagokoak direla. Italiako XIX. mendeko inskripzioa bat eta Arabako XXI.eko beste bat alderatzea bezala da.



Erantzun

Sartu