Teknologia albisteak

Joaquín Reyes komiko eta ilustratzaile ezagunak “Komikiaren gida" marraztu du KREArentzako

Erabiltzailearen aurpegia
KREA Adierazpen Garaikidea
2010-01-31 : 14:01

Hirugarren urtez jarraian, KREAk “Komikiaren gida” argitaratu du, istorio marrazkilari ospetsuek egindako eskuliburu txikia. Hizkuntza argi eta arruntarekin, komikia gazteei hurbildu nahi die, diziplina horretako sormen artistikoak nola hobe ditzaketen azalduz. Mauro Entrialgo eta Abarrotsek marraztu ondoren, KREAk aurten Joaquín Reyes komiko eta ilustratzailearen lankidetza jaso du.

Komiki-lehiaketa KREAk diziplina artistiko horren inguruan bultzatzen duen hezkuntza-programaren muina da. Hala ere, ez da bakarra. Lehiaketarekin batera, sormen-zentroak hainbat ekimen garatu ditu; horiek guztiak sormen artistikoa sustatzeko xedearekin, hala nola "Komikiaren gida", komikiaren eta poesiaren arteko loturari buruzko erakusketa edo tailerraren antolaketa.

Joaquín Reyes

Joaquín Reyes Cano (Albacete, 1974) da oraingo komikorik ezagunenetako bat; izan ere, ‘Muchachada Nui’ umore-saioaren zuzendaria da. Gainera, Paramount Comedy telebista-kateko ‘Trío de Albacete’ izenekoan parte hartu zuenean eman zuen bere burua ezagutzera, eta ‘La Hora Chanante’ programako sortzaile eta protagonistetako bat ere bada. Hala eta guztiz ere, alderdi hau hain ezaguna ez den arren, irudigile gisa ere ibilbide handia du; izan ere, telebistan agertu aurretik Arte Ederretan lizentziatu zen eta diseinatzaile grafiko gisa eta Barco de Vapor bildumarako haurren liburuetako irudigile gisa lan egin zuen.

Gida hiru hizkuntzatan argitaratuko da –euskara, gaztelania eta ingelesa– eta 10.000 ale baino gehiago ikastetxeetan, liburutegietan, elkarteetan eta nazioarteko kultur etxeetan banatuko dira. Era berean, KREA Adierazpen Garaikidearen www.kreared.com web orrialdean bertsio digitala eskuragarri egongo da eta aurreko urteetako bi gidekin batera erakusgai egongo da Araba Aretoan.

Egileak berak aurkeztuko du gida une horretarako publiko ezin hobearen aurrean. Ikastetxe arteko 27. Komiki Lehiaketako sari banaketan izango da, otsailaren 4an, arratsaldeko 19:00etan, Caja Vital Kutxa Fundazioa aretoan (Dendaraba Merkataritza Gunea). Horrez gain, ekitaldi horretara bertaratutakoek lehiaketako irabazleen lanekin KREAk argitaratutako bilduma jaso eta lanak in situ ikusi ahal izango dituzte alboko Araba Aretoko erakusketan. Zabalik egongo da urtarrilaren 27tik otsailaren 17ra arte.

27. Komiki lehiaketa

KREA Adierazpen Garaikideak antolatutako ikastetxe arteko 27. komiki lehiaketak, Caja Vital Kutxaren Gizarte Ekintzak bultzatutako proiektu kulturalak, dagoeneko baditu irabazleak.

Olatzagutiako Iñigo Aritza ikastolako ikaslea den Markel Galbete “Kurrin txerriaren bizitza” lanaren egilea izan da haurren bakarkako modalitateko irabazlea eta Shukare Otero, Koldo Mitxelena institutuko ikaslea, gazteen modalitateko irabazlea izan da “Glu” lanarekin.

Haurren bakarkako kategorian –bederatzi eta hamahiru urte arteko ikasleei zuzenduta–, bigarren saria Nazareth ikastetxeko Laura Guerricaechevarríak jaso du, “Estoy sola” lanarengatik. Epaimahaiak hirugarren saria Zuriñe Viñegrari ematea erabaki du, San Viator ikastetxea, “Ipotx familiaren mudantza konplikatua” lanarengatik.

Bien bitartean, gazteen bakarkako kategorian –hamalau eta hamazazpi urte arteko ikasleak– Calahorrako Valle de Cidacos institutuko Diego Alonso ikasleak jaso du bigarren saria "El huevo sorpresa" istorioarekin. Javier Ortúnek, Miguel Unamuno institutuko ikasleak, hirugarren saria jaso du "Iban Terreno" lanarengatik.

Modalitate kolektiboei dagokienez, haurren atal kolektiboko lehen saria Sagrado Corazón Corazonistas ikastetxeko 6-B gelakoek jaso dute. Jesús Obrero institutuko 3-E gela izan da gazteen modalitate kolektiboan kalitate handienekoa izateagatik hautatua izan dena.

Bestalde, haurren atal kolektiboan, Sagrado Corazón Corazonistas ikastetxeko 1-A gelak bigarren saria jaso du eta Nazareth ikastetxeko 5. mailako ikasleek hirugarren saria jaso dute. Gazteen kategoria kolektiboan, bai bigarren saria, bai hirugarrena Jesús Obrero institutuko ikasleek jaso dute; bigarrena 3-B gelakoek eta hirugarrena 3-E gelakoek.

Epaimahaia hauek osatu dute: Antonio Altarriba frantses literaturako katedraduna Euskal Herriko Unibertsitatean eta komikiari buruzko ikerlaria; Iñaki Elorriaga Getxoko Komiki eta Manga Azokako zuzendaria; eta Jone González, KREA Adierazpen Garaikidearen izenean.

Erantzun

Sartu