Teknologia albisteak
8

Everest, orain 50 urte

Erabiltzailearen aurpegia
Aitita Makurra
2003-05-12 : 16:05

1953ko maiatzaren 29an Edmund Hillaryk eta Tanzing Norgayk Everest mendiaren gailurra zapaldu zuten, eta aurten balentria haren 50. urteurrena ospatzen da. Tarte honetan 20 euskaldunek igo dute munduko mendirik garaiena.

Oraindik ez dago argi Irvinek eta Malloryk gailurra zapaldu ote zuten 1924an. Horregatik, eta gauzak argitu bitartean, Edmund Hillary zeelandaberritarra eta Tanzing Norgay nepaldarra jotzen dira aitzindaritzat.

Munduko gailurrik garaiena izateak distira eta zikina ekarri dio Everest mendiari, ospea eta masifikazioa.

Datu jakingarriak

1975. Junko Tabei, lehen emakumea, iritsi zen Everestera.

1980. Reinhold Messner mendizale italiarrak bakarrik eta oxigeno barik egin zuen igoera.

2000. Davo Karnicar esloveniarrak eskiatzen jaitsi zuen gailurretik kanpamendu nagusiraino.

2001. Erik Weihenmayer kirolari itsuak ere gailurra egin zuen, hainbat mendizalek lagunduta.

1.200 mendizale. Guztira 1.200 mendizalek egin dute tontorra, 63 estatutakoak.

89 mendizale egun berean. 2001eko maiatzaren 23an, 89 mendizale iritsi ziren gailurrera, tartean 6 euskaldun.

65.000 euro. Zenbait jende diru kopuru hori ordaintzen ari dira, gailurrera eraman dezaten.

175 hildako. Guztira 175 lagun hil dira Everest igotzen, tartean bi euskaldun: Juanjo Navarro (1985.05.12) ipar bizkarrean jausita 7.300 metrora, eta Antonio Miranda (1993.09.07), hego-ekialdeko bizkarrean erorita, 8.100 metrora.

Euskaldunak Everesten

Everestek lilura berezia izan du euskaldunontzat. Egia da mendi artean bizi garela toki askotan, baina egia handiagoa da euskaldun gutxi garela munduan. Hala ere, 20 euskaldun igo dira Everestera Martin Zabaletak gailurra zapaldu zuenetik.

Hura, baina, bigarren ahalegina izan zen euskaldunontzat. Aurretik, 1974an, Tximist Espedizioa eratu zen, Juanito Zelaia enpresario oñatiarrak babestuta. Zoritxarrez, 8.500 metrora geratu ziren, aurrera egin ezinik. Juan Ignacio Lorrente mediku arabarrak kontatzen ditu espedizio bien gorabeherak, elkarrizketa interesgarri batean.

Euskaldunek 21 aldiz zapaldu dute Everesteko gaina, baina kontuan hartu behar da Juanito Oiarzabalek birritan igo duela

  1. Martin Zabaleta (1980.05.14). Lehen euskalduna, Pasang Temba sherparekin batera.
  2. Juan Mari Egillor (1992.09.25).
  3. Patxi Fernandez (1992.09.25).
  4. Alberto Iñurrategi (1992.09.25). Oxigenorik gabe.
  5. Felix Iñurrategi (1992.09.25). Oxigenorik gabe. Munduko lehen anaiak izan ziren, Everest batera igo zutenak.
  6. Josu Bereziartua (1992.10.01).
  7. Mikel Reparaz (1992.10.03)
  8. Pedro Tous (1992.10.03).
  9. Joxe Mari Oñate (1993.05.16).
  10. Alberto Zerain (1993.05.16).
  11. Jose Ramon Agirre (1993.05.16).
  12. Juanito Oiarzabal (1993.10.07).
  13. Juan Vallejo (2001.05.23). Oxigenorik gabe.
  14. Juanito Oiarzabal (2001.05.23). Oxigenorik gabe. Euskaldun bakarra Everest bi aldiz igo duena.
  15. Mikel Alvarez (2001.05.23).
  16. Francisco Goñi (2001.05.23).
  17. Julen Reketa (2001.05.23).
  18. Edurne Pasaban (2001.05.23). Lehen emakume euskalduna.
  19. Iñaki Otxoa de Olza (2001.05.24).
  20. Robert Larrandaburu (2002.05.17).
  21. Frederic Lafitte (2002.05.17).

Joxe Takolo mendizale azpeitiarrak ere zerikusi handia izan zuen Everestekin, Martin Zabaletaren espedizioan hartu baitzuen parte.

Erantzunak

Jon Abril
2003-05-12 : 18:09

Euskal Herrian eta mendebaldean Everest izena hartu badu ere, bertako jendearentzat, eta txinatar guzientzat, mendi horren izena bertze bat da: Qomolagma. Tibetarrek, eta baita txinatarrek ere, orain 280 urterako euren mapatan kokatua zuten Qomolangma, bertako jainkosa baten izena emanez. Hagitz ohikoa da hau Txinan, jainkoek eta mendiek izen bera eramatea, mendi aunitz sakratuak baitira. Everest izena britainiarrek paratu zioten, George Everest topografoaren omenez. Everest Himalaian lanean aritu zen, eta horregatik paratu zioten bere abizena mendiari. Nola erabili beharko genuke guk? Izan ere, gisako aunitz ezagutu ditugu gure larruan ere. Erabakia, halere, ez da hain erraza.

Sherpa
2003-05-12 : 20:04

Everest eta Qomolagma izenez gain, mendi horrek ba omen du beste izenik ere. Tibeteten zenbait lekutan Txomolungma deritzo, Ama Jainkosa, eta Nepalen Sagarmata, Burua Zeruan Duena.


Lau izen, beraz, bildu ditugu. Zein erabili?


Jon Abril
2003-05-12 : 21:26

Txomolungma txinatarrezko Qomolagmaren izena baino ez da, gisa horretan ahoskatzen baita.

Dawa Nuru
2003-05-13 : 16:05

Hango parajeetan ezagutu nuen Lama batek luzatu zidan paper batean Jolgmolagma idatzita zegoen eta berak horrela ahozkazten zuen. Hala ere Everest izenak beste guztien gainean gailenduko da beti. Mitikoegia da. Baina aukerak egotea oso ona da, ezta?

Potrobeltz
2003-05-14 : 02:00

> Txomolungma txinatarrezko Qomolagmaren izena baino ez da, gisa horretan ahoskatzen baita.



Nire betiko zalantza da eta ez dakit zergatik horrela den. Dena dela, bere garaian Euskaltzaindiak ateratako arau eta gomendioak irakurri nituen exo-toponimia delako atalean, hau da, kanpoko leku-izenetan. Eta halako gauzak esaten zituen:



Latinetik etorritako izenak, latinezko grafiarekin edo mantenduko zirela zioen.

Latinetik kanpoko toki-izenetan, euskal grafia erabiliko zela, esate baterako, zirilikoarekin, grekoarekin edo ekialdeko grafia horiekin guztiekin.



Orain, nola idatzi behar dira 8000koen izenak? Cho-Oyu edo Txo-Oiu gisa? Chomolugma? edo Txomolugma? China Txina bada, Cho-Oiu zergatik da Cho-Oyu Egunkarian?



Eta zergatik, Aconcagua eta ez Akonkagua? Inork erantzuterik ba al du?

Villa Sante
2003-05-14 : 20:17

Baten batek esan zuen euskaldun guztiok garela euskaltzain frustratuak. Albiste hau ikusita, ez dirudi arrazoirik falta zaionik.



Everestekin hasi eta exo-toponimiari buruz hitz egiten amaitu. Horrelakorik!

Potrobeltz
2003-05-15 : 01:41

> Baten batek esan zuen euskaldun guztiok garela euskaltzain frustratuak. Albiste hau ikusita, ez dirudi arrazoirik falta zaionik.
>
> Everestekin hasi eta exo-toponimiari buruz hitz egiten amaitu. Horrelakorik!


Aupa majeton,


Exotoponimia zer den ez badakizu, zurea ezjakintasuna, ez nirea. Euskaltzaindiaren arau eta gomendioak irakurri ez badituzu, zurea ezjakintasuna, frustrazioa eta ezin iritsi izana. Bide batez, badakizu nor den Euskaltzaindia? Zurea arazoa: ulertzen ez duzuna, beti gaizki dago-eta. Hitz potolo bat irakurri, eta ero bat bezala garrasika hasten bazara, oporrak har itzazu, behar dituzu-eta.


Mezua idatzi duen honek, inolako pedanteria eta bestelako asmo txarrik gabe, galdera hau egitea nahi izan du. Aspaldidanik ikusi baitu euskarazko prentsa idatzian Cho-Oyu edo Kachenjunga izenak "ch" eta guztiz idatziak. Eta dakien batek erantzun zezan biziki eskertuko luke.


Eta ez dut euskaltzain izan beharrik, denbora labur batez izan nintzen-eta :-)


Sartu zaitez Arantzazuko Fraide, eta gaitzizena aldatu, Aita Villasanteren mailaren %5era ere ez zinatekelako iritsiko. Eta beraiek bezainbat ikasi eta irakurri han dauden altxorrak, bide luzea egiteko duzu-eta.


Villa Sante
2003-05-15 : 12:08

Paketea ondo markatzen duzu, Potrobeltz, eta adar soinuan zatozkit, torero harroputzen maneran. Exotoponimia zer den badakit, rollo bat. Eta Euskaltzaindia ere bai, beste rollo bat. Esadazu niri.



Txo, oihu nahi baduzu jakin nola egin, onena duzu Arantzazutik gora egitea, Urbia aldera eta gorago. Eta Aketegira iristen zarenean, egin oihu, txo. Eta dastatu une miresgarri hori, mendian izango zara eta. Mendian.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago